30 JAN. 2016 Bularraren mehatxua Amaia Nausia Pimoulier Buruan daukat oraindik Carolina Bescansaren afera. Badakizue, Espainiako Legebiltzarrean bere bost hilabeteko umearekin agertu zenean eta bertan bularra eman zionean. Iritzi kontrajarriak entzun genituen orduan, nire harridura eta haserrerako gehienak kontrakoak. Batzuek “postureo” hitza erabili zuten, Legebiltzarrean haurtzaindegia egonda zergatik ez erabili zerbitzu hori? Beste batzuek, berriz, jarrera matxistatzat hartu zuten, “non dago bere aita? Zergatik ez utzi berarekin?”. Haurraren beharrei lehentasuna ematen badiegu galdera horiek erraz erantzunen nituzke; haurrak bost hilabete besterik ez dituelako eta Osasunaren Mundu Erakundearen arabera lehen sei hilabeteetan umeek bularra besterik ez dutelako hartu behar, gutxienez bi urtera arte gomendagarria izanik. Haurrek ez dituzte haurtzaindegiak behar, beraien aita-amak gertu egotea baizik, eta lehenengo hilabeteetan ama gertu egotea behar dute bereziki. Hamasei aste baino ez dizkigute ematen gure umeak zaintzeko. Bere ume txikia haurtzaindegi batean utzi behar izan duenak ongi daki hori ez dela nahikoa. Baina gure gaurko gizartean bularra ematea ez da erraza. Berriro ere Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak hartuko ditugu: ia emakume guztiak bularra emateko gai dira, baldin eta informazio egokia, familiaren eta osasun zerbitzuen babesa jasotzen badute. Baina gomendio horiei nik beste batzuk gehituko nizkieke: amak denbora edukitzea, gizartearen onespena jasotzea eta Estatuaren babesa izatea. Hau da, behingoz familia eta lana uztartzeko behar bezalako politikak martxan jartzea. Horrela umearen eskubideak bermatuko genituzke eta behar duen elikadura jasoko luke, bai kalitate aldetik baita denbora aldetik ere. Baina, honaino irakurri duenak esan dezake, “eta emakumearen eskubideak non gelditzen dira?”. Bularra ematea emakumearen askapenerako mehatxutzat hartu izan da, bularra emateak eta zaintzak menpekotasunean uzten omen gaituelako. Horrela adierazi zuen bere garaian Simone de Beauvoir-ek: «Edoskitzeak emakumea morroi bihurtzen du». Horretarako jaio omen zen biberoia, emakumea askatzeko, ez noski kapitalismoaren mesederako –emakumeak lan merkatuaren beharretara egoteko askatu gintuen–, ezta farmazeutikak aberasteko ere. Ironia alde batera utziz, diskurtsoa ondorengoa litzateke: 1. Bularra emateak haurra eta amaren arteko menpekotasuna dakar. 2. Zaintzaren menpekotasuna historikoki emakumearen askapenaren borrokarentzat kaltegarria izan da. 3. Beraz, bularra emateak emakumearentzat menpekotasuna dakar. Baina ni, kasu honetan, ezberdintasunaren feminismoaren ikuspuntuarekin bat nator: 1. Zaintza, tradizionalki, emakumeen eskuetan egon izan denez gutxietsia izan da. 2. Zaintzaren aldarrikapenak feminismoaren helburua izan behar du. 3. Beraz, bularra ematea bezalako ekintzak feministak ere izan daitezke, eta, dudarik gabe, ekintza politikoak dira. Bularra ematea eremu pribatutik publikora eraman behar dugu, eta ez alderantziz. Horregatik iruditzen zait Bescansak egin zuena ekintza politiko bat izan zela. Are gehiago, pentsa dezagun zer gertatuko litzatekeen bularra ematea gizonen eskuetan egon izan balitz. Dagoeneko honen inguruko legislazioa izanen genuke, zaintza babestuta, onartuta eta goraipatuta egonen litzateke. Beno, agian ez, ze bularra ematea dohainik da, hots, kapitalismoarentzat sekulako mehatxua da! Biberoirik ez, dirurik ez lagunok. Medikuntzaren ikuspuntutik umearentzat eta amarentzat horren mesedegarria izanda bularra ematea gizarte osoarentzat mesedegarria dela ulertarazi behar dugu. Hala eta guztiz ere, bularra edo biberoia ematea emakumeok libreki egin beharko genukeen aukera izan beharko litzateke, bakoitzak praktikatu nahi duen amatasunaren arabera. Noski, aukera hori ez da horren librea eragozpen politiko, ekonomikoak eta sozialak ikusita. • Bularra ematea eremu pribatutik publikora eraman behar dugu, eta ez alderantziz. Horregatik iruditzen zait Bescansak Madrileko Legebiltzarrean egin zuena ekintza politiko bat izan zela