30 JAN. 2016 HEGOAFRIKA BERRIA «Twitter Beltza», arrazistak bere tokian jartzeko ekimena «Apartheid» sistema ofizialki aspaldi bukatu bazen ere, arrazakeriak bizi-bizirik dirau Mandelaren herrialdean. Jarrera arrazistak salatzeko Black Twitter izeneko ekimena erabiltzen dute herritar beltzek eta dagoeneko garaipen batzuk ospatzeko moduan daude. Beste batzuek sekulako arriskua ikusten diote giza fenomeno berriari. Marcel Gascon (Efe) Black Twitter mugimendua Ameriketako Estatu Batuetan jaio zen eta sekulako garrantzia hartu du Hegoafrikan. Erabiltzaile beltzek sare sozialera jotzen dute ekimen arrazistak salatu eta mundu osoan giza eskubideak defenditzeko. Urtea hasi denetik Afrikako hegoaldeko herrialdean izan diren gertaera arrazista batzuek garbi utzi dute giza mugimendu hori gero eta garrantzitsuagoa dela komunitate beltzarekin lotutako kontuetan; arrazakeriaren aurkako armada moral baten tankerako zerbait bihurtu da dagoeneko. Urtarrilaren 4an Hegoafrikako hiru gizon zurik lanpostuak eta laguntzak galdu zituzten, beraiek adierazpen arrazistak egin ondoren sarean haserrea ikaragarri hedatu zenean. «Black Twitterrek ez du horrenbesteko eraginik izan mundu osoan. Hegoafrikan, hiru arrazista, egun bakar batean», idatzi zuen emakume erabiltzaile batek. Black Twitterrek ahalbidetutako erantzunak eragin zuen alderdi politiko eta bestelako erakunde batzuek hiru pertsona horien aurkako ekimen legalak abian jartzea. Estatua eta ikasleak Ez da giza marea haserre horren lehen arrakasta izan. Lurmutur Hiriko Unibertsitatean kokatuta zegoen Cecil Rhodes buruzagi kolonialistaren estatua bat botatzea lortu zuten iazko apirilean, esaterako. Orduan #RhodesMustFall etiketa erabili zuten, eta sarean egindako beste kanpaina batzuentzat inspirazio iturri izan zen, adibidez #FeesMustFall traola erabili zuenarentzat (hau da, “tasek erori egin behar dute”). Lehen kanpainak eragin bazuen garabi handi batek Cecil Rhodesen estatua eramatea, besteak lortuko zuen Gobernuak atzera egin eta aurreikusita zuen matrikulen igoera bertan behera uztea. Ordurako ikasleek mobilizazio jendetsuak eginak zituzten, Black Twitter berak bultzatuta. «Errepublikako gobernu berria da orain Black Twitter», idatzi zuen sare sozialean beste erabiltzaile batek, agintariak makurrarazteko mugimenduak erakutsi zuen gaitasuna nabarmenduz. «Black Twitter Hegoafrikako CIA inteligentzia zerbitzua da», erantzun zuen beste batek, sarean zein saretik kanpo izaten diren portaera arrazistak agerian uzteko erabiltzaileek agertu duten trebetasuna gogora ekarriz. Gizakiak baztertzeko edozein jarrerak salaketa publikoa izaten du bide berri honetan. Black Twitterren askotan galdetzen da ea arrazista zehatz baten inguruan ezer egin ote den. Gauzak behar bezala egiteko, arrazista horri buruzko datuak eskaintzen dira, beste inorekin nahastu ez dezaten. Inpunitateari amaiera emateko tresna moduan ikusten dute herritar askok, sarean zein saretik kanpo izaten diren jarrera arrazistengatik ordainarazteko aukera berria. Baina beste begirale batzuek uste dute Black Twiterrek proposatzen duen bidea arriskutsua dela, iritzi ezberdin guztiekin bukatzeko gaitasuna ikusten diotelako. Arriskuak Christ Hart ekonomialaria zuria da. Lanik eta soldatarik gabe utzi zuen bankuak Twiterren esaldi bat idatzi eta mugimenduak salatu zuenean. Hartek idatzi zuen apartheid sistema bukatu zenetik bi hamarkada pasa ondoren, herritar beltz askok erresuminez tratatzen jarraitzen dutela eta horregatik zerbait zor zaiola berari, zuriari alegia. Handik pixka batera Gareth Cliff kazetari zuria arrazistatzat jo zuten eta zuen lanetako bat galdu egin zuen. Bere iritziz, adierazpen arrazisten aurkako jazarpen legala ez da bidezkoa, esandako guztia adierazpen askatasunak babesten duelakoan. «Black Twitter fenomenoa potentzialki oso arriskutsua da, batez ere statu quo-ak ezarritako marren artean ez daudenentzat», uste du Kutlwano Khali emakume olerkariak. «Armada hori prest dago jendetza irentsi eta sinesmen, printzipio moral eta iritzi guztien aurka hasteko. Nire beldurrik handiena da, justizia lortzeko gurutzaldian, inolako errurik ez duen edozein biktimaren aurka hastea. Erabiltzaile zehatz batzuen ospe eta entzute egarriak segundo gutxi batzuetan eragin dezake, ahalegin handirik egin gabe, edonoren izen ona hankaz gora botatzea», azaldu du bere kezka poeta beltzak. Gorroto gehien eragiten duen gizon zuria Cecil John Rhodes 1853an jaio eta 1902an zendu zen, baina oraindik Hegoafrikako beltzen artean gorroto gehien eragiten duten pertsonetako bat da. «Izorratu Rhodes, alde egin geure bizitzetatik, kale hauetan, herrialde honetan, hiltzaileentzat lekurik ez dago-eta», esaten zuten apirilean Lurmutur Hiriko Unibertsitateko ikasleek buruzagi kolonialistaren estatua kentzea lortu zutenean. Milaka afrikarren heriotza leporatzen zaio Rhodesi. Mertzenarioz osatutako armada eratu zuen Zambia eta Zimbabwe kolonizatzeko; britainiar ohiturak ezarri zituen, eta bertako kulturak suntsitu. Oso denbora gutxian aberastu zen, diamante meategiak bereganatu ondoren. “Sufrimendu beltza ez dago salgai”, irakur zitekeen pankarta batean. “Deskolonizazioa”, “Geure ahotsa entzun behar duzue”, “Historia egiten ari gara, ez suntsitzen”, beste batzuetan. Baita Thomas Sankara Burkina Fasoko iraultzailearen aldeko mezuak ere. Campuseko giroak Nelson Mandela askatu berriko urteetakoa ekartzen zuen gogora. Baita 1960ko hamarkadako AEBetako beltzen mobilizazioak ere. Witwatersrand, Rhodes eta KwaZulu-Natal unibertsitateetan ere bertara begira zeuden.