06 FéV. 2016 Egin txotx ekologikoari! ENEEK Sagardoa, barrenak freskatu eta buruak epeltzen dituen edabea, agian edaririk “euskaldunena”, milaka urtetik da ezaguna gure lurraldean. Uste denez, erromatarren garaian ikasi zuten euskaldunek sagar-zukuaren hartzidurari etekina aterata eta denbora luzeagoz gorde zitekeen edaria lortzen. Sagarrondoek eta sagardoak izandako garrantziaz testigantza ematen dute foru eta lege zaharrek: esaterako, XVI. mendeko Gipuzkoan eta Bizkaian, heriotza zigorra zeukan bost frutadun sagarrondo mozten zituenak. XX. mendean bizitako krisiaren ondoren, egun euskal sagardogintzaren osasuna berriz ere ona dela esan daiteke. Azken hamarkadetan, gainera, sagardogintza ekologikoa bere lekua eginez joan da. Egun, bederatzi marka eta zazpi sagardotegik dute ENEEKren ziurtagiri ekologikoa. Baina, zerk egiten du sagardo bat ekologiko? Bada, sagarrak, noski. Itziarko Txindurri Iturri sagardotegiko Alazne Arrutik zehazten duenez, sagastiaren kudeaketan dago gakoa. «Frutazaintza ekologikoaren gakoa behaketa da. Lurraren beharrak zeintzuk diren ezagutzea, zuhaitzak zer behar duen aztertzea, barietateen eskakizunak ezagutzea, sagastiaren kokapenak jar ditzakeen mugak kontuan izatea… Behetik gorantz egin beharreko lana da, lurretik zuhaitzera. Guk apenas egiten dugun tratamendurik, lurra ongarriztatu eta kareztatzeaz aparte. Urtearen arabera moldatu behar izaten da maneiua, baina behaketa taxuz eginda errazago egin daiteke urteko plangintza, ager daitezkeen arazoak aurreikusi eta beharrezkoak ez diren lanak ekidinez». Sagasti ekologikoen berezitasun bat belarra da. Jakina denez, ekoizpen ekologikoan ezin da herbizidarik erabili. Substantzia kimiko horiek, belarra hiltzeaz gain, lurreko mikroorganismoak ere hiltzen dituzte, ekosistemaren oreka kaltetuz. Horrenbestez, modu ezberdinak daude belarra labur mantentzeko sagarra bildu behar den sasoian. Txindurri Iturrin, sagardogintzaz gain abeltzaintza ere egiten dutenez, belarra mozten dute ganaduaren bazka lez erabiltzeko. Usurbilgo Arratzain sagardotegian, berriz, Aitor Lizasok dio belarraren kudeaketak ez diola burukominik sortzen. «Urtean hiruzpalau aldiz belarra moztearekin nahikoa da. Ez da herbizidarik behar. Lanorduak eskatzen ditu, bai, baina nik bizitza duen sagasti bat nahi dut. Tratamenduak ere apenas egiten ditugun. Eta hori sagastian igartzen da: sekulako bizitza dago, kilker piloa, matxinsaltoak, zatitsuak...». Aramaioko Iturrieta sagardotegian, aldiz, belarraren kudeaketarako poniak eta ardiak baliatzen dituzte, «era horretan, belarra mozteaz gain, sagastia ongarritu ere egiten da». Sagastiaren ekoizpen maila Juanjo Peciña sagardogile aramaioarra pozik dago ekoizpen ekologikoarekin. «Nire ustez, errazagoa da. Gu behintzat sagastia ahal den gutxien ukitzen saiatzen gara; tratamenduak asko mugatzen ditugu, bakarrik ezinbestekoak direnean eginez. Argi dago ekologikoan ere sagastiari ekoizpen maila jakin bat eskatu behar zaiola, baina aintzat hartuta bere mugak dauzkala eta horiek errespetatu behar direla». Eredu ekologikoan badaude izurri eta gaixotasunak tratatzeko aukerak, eta naturatik eratorritako produktuak dira kasu guztietan. Baina hiru sagardogileek argitzen dute momentu egokian aplikatu behar direla eraginkorrak izan daitezen, bestela alperreko lana eta gastua izan baitaitezke. «Baloratu behar izaten da tratamenduaren egokitasuna. Ez da gauza bera sagardotarako sagarra edo mahai sagarra ekoiztea. Gure kasuan, ez du horrenbesteko garrantzirik frutak itxura ederra izatea. Noski, horrek ez du esan nahi sagardoa egiteko edozein sagarrek balio duenik!». Alegia, kalitatezko sagarra, heldutasun puntu egokian batua, osasuntsua eta garbia da sagardo ona lortzeko lehen baldintza. Baldintzatzaile horiekin sagar ekologikoek asko irabazia daukate. Bistan da prozesua ere zaindu egin behar dela, eta horretan sagardotegi ekologikoak beste edozein sagardotegi bezalakoxeak dira. Betiko teknikak egungo ezagutzara moldatu dira, jakina da instalazioen garbitasunak azken produktuan izan dezakeen eragina, eta gauza horiek milimetrora zaintzen dituzte. Hala izanda ere, gure sagardogile ekologiko hauen testigantzetan badago berezitasunik “ohiko” prozesuari dagokionez: ez dute sulfitorik gehitu edo bestelako gehigarririk erabiltzen. Diotenez, sagarrak badakartza sagardoa egiteko behar diren lehengai guztiak. Sagardo ekologikoa, goi mailako sagardoa Hernaniko Iparragirre sagardotegian Arantza Eguzkizak bere sagastien zati bat ekologikoki lantzen du, «ekoizpen mailan igartzen da aldea, baina, kalitateari dagokionez, oso gustura gaude». Profesionaltasunaren gorazarrea egiten du Arantzak, norberaren lanari duen balio eman behar zaiola aldarrikatuz. «Nire ustez sagardo ekologikoa goi mailako sagardo bat da, eta, hortaz, patxadazkoa izan behar du. Guk sagasti guztiak zaintzen ditugu, noski, baina ekoizpen ekologikoaren ezaugarriengatik, sagasti horiek are gehiago zaintzen ditugu. Horrek eragina du bukaeran: egiten dugun sagardo ekologikoak, esaterako, txinparta berezia du. Gure gamako kuttuna da». Arantzak azpimarratzen du ere bertoko sagarra erabiltzearen garrantzia, «gure sagardogintzari orokorrean, eta eredu ekologikoari bereziki, koherentzia ematen dio bertoko fruta erabiltzeak». Bitamina eta mineraletan aberatsa, diuretikoa, antioxidatzailez betea, gustagarria eta oso gurea. Euskal paisaiaren zati garrantzitsua da sagardoa. Txindurri Iturri (Itziar), Arratzain (Usurbil), Iturrieta (Aramaio), Iparragirre (Hernani), Unanue (Azpeitia), Oiharte (Zerain), Laneko (Gizaburuaga) eta Ekain (Zestoa) sagardo ekologikoen botilak zabaltzean, balio positibo horiek biderkatu egiten dira. EAEko sagardogile guztiak www.eneek.eus helbidean topa daitezke. Horrenbestez, egin txotx ekologikoari!