20 FéV. 2016 Aprobetxatu eta gozatu Joxean Agirre Ez da egongo munduan “aprobetxatu” aditza ahozko hizkuntzan gurean adina erabiltzen den lekurik. Norbaitek pentsa dezake aditz hori politikoen edo bankarien ustelkeria kasuak definitzeko erabiliko dela, beren karguaz baliatuz aberastu direlako. Baina ez, aditzak zerbait abstraktuagoa adierazten du, ia-ia filosofia bat, bizitzeko modu bat, “aprobetxatu” zaleak dena aprobetxatzen baitu, abagune bat, joan-etorri bat, txango bat, oporrak edo festa bat; azken finean bizitza bera. Aditz horren erabiltzaile sutsuenak pertsona helduak dira, emakumeak bereziki. Jende ona eta alaia da eta bizitzari buruzko ikuspegi baikorra dute, baikorregia beharbada. Batzuetan alaitasuna bera adierazten ote duten nago. Telebistako kate erdarazkoren batek kalean, demagun inauteriak direlako edo, mikrofonoa aurrean jarri eta zerbait galdetzen badie, «hay que aprovechar» esango dute erreak ondo ahoskatuz, bizitza aprobetxatu zaleak direlako. Gauean senarrak, ohera sartu aurretik, ederra dagoela esaten badio, atzeak edo aurreak oparoak dituela eta gisako zerbait, besoak zabaldu eta «aprobetxatu!» esango diola pentsatu ohi dut. Gure gurasoak jansenistagoak ziren eta denbora aprobetxatu behar genuela esaten ziguten. Helburua probetxuzko pertsonak izatea zen. Orain ez, orain aprobetxamendua aisialdiarekin lotuta dago eta ia-ia “gozatu” aditzaren parekidea da. Horregatik, ohartuko zineten “aprobetxatu” zale horien seme-alabek “gozatu” aditza neurriz kanpo erabiltzen dutela. Bukatzen dute triatloi bat, jartzen zaie mikrofonoa ahoan eta «nire asmoa gozatzea zen... », esanez hasten dira beren esperientzia kontatzen eta pentsatzen duzu lehen kilometroetan gozatuko zutela eta ez ondoren. Gogoratzen naiz Segurako Dantza Txapelketa jokatu zuten hamar bikoteetatik bederatzik ere gauza bera aitortu zutela. Arauzko arin-arina bukatu orduko eta arnas pixka bat hartzeko betarik gabe jarri zien ETBko aurkezleak mikrofonoa ahoan (debekatuta egon behar luke ariketa gogorren ondoren mikrofonoa ahoan sartzea) eta guztiek gauza bera esan zuten, gozatzera joan zirela Segurara; prestatzaileek edo entrenatzaileek edo coach-ek nonbait hori errepikatzen diete, berdin dio dantza edo maratoia egiten duten, gozatu egin behar dutela. Neure inguruan ere baditut horrelakoak. Lanen bat egitera noala esaten badiet «bueno eta gozatu» esaten didate, ia-ia agindu. Bertsolarien artean ere zabaldu da «gozatzera joan nintzen» esateko ohitura hori, komunikabideren baten aurrean daudenean noski, bestela ez. Lehengo bertsolariak eta apustulariak lehiatzera joaten ziren. Joxe Mari Olasagastik ere ez du apustu batera gozatzera doala esaten, irabazten ari dela gozatuko badu ere, irabazten ari denean bakarrik, hedonista merkeenak ere bai baitaki eta Epikurok ere esaten baitzuen (Freudek zer esanik ez) gozatu ahal izateko sufritu egin behar dela. •