11 JUIN 2016 Kanpotik datorrena irakurtzen jakin Iñaki Altuna Estrategia edota lerro politikoa zehazteko egin ohi diren txostenetan egoera politikoaren, ekonomikoaren eta sozialaren azterketa da askotan abiapuntua, eta azterketa horretan munduko eta inguruko joerak aipatzen dira ezinbestean. Urrun edo hurbilago gertatzen ari denak gurean eragina izango duelako edo izan dezakeelako. Euskal Herrian egindako azterketatan maiz erreparatu zaie nazioarteko berriei, nahiz eta zenbaitetan eztabaida ere izan den zerk merezi duen arreta gehien eta zerk gutxiago. Adibidez, 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean Hego eta Erdialdeko Amerikako prozesu iraultzaileek ezkerreko independentistak txunditzen zituzten bitartean, bazen bat baino gehiago Euskal Herriak Europara begiratu behar zuela defendatzen zuena, bertan garatu behar baitzuen bere prozesua. Gainera, azterketa egiterako orduan, oso ohikoa da gure artean jarrera fermuki hartzea, urrutiko hura sutsuki defendatuz edo arbuiatuz, eta ondokoari, bertako prozesuan bidaide izan arren, modu bereko jokabidea exijituz. Askotan taberna zuloko ika-mika petralek (gaur egun sare sozialetatik zabaltzen dira) tarte gehiegitxo hartzen dute, azterketari berari eta irakasbideak ateratzeari ezer gutxi ekarri gabe. Elkartasuna ez da ez injerentzia ez eta akatsez ohartzerik nahi ez duen babes itsua ere. Oso fenomeno deigarria da, esaterako, CUPekin gertatzen dena. Badirudi haien artean ere ez duten irizpide batasuna eskatzen diogula hemen gure buruari. Hil ala bizikoa izatekotan, katalanentzat behako luke izan. Latinoamerika eta Katalunia Azken urteotan Euskal Herrian saiatu den bideak –eta orain, antza, berpiztu nahi denak, krisialdi luzetxoa pairatu ostean– izan ditu han eta hemen erreferentzia batzuk oinarriak jartzeko. Esate baterako, “Zutik Euskal Herria” ebazpena ekarri zuen eztabaidan maiz aipatu zen Latinoamerikan egindako ibilbidea, gerrillatik boz bidez gehiengo herritarrak osatzeko apusturaino doan ibilbidea, modu sinplista samarrean esanda. Besteak beste, Euskal Herrian borroka armatua alboratzeko argudioen artean agertu zen. Jadanik orduan Europan estatu independenteak eratzeko sortzen ari zen aukera ere aipatu zen. Eskoziako errealitatea hortxe zegoen, egitasmo egingarri gisa. Kataluniakoa geroago piztuko zen, Estatut-aren iruzurrak sortutako frustraziotik eta sektore herritar askok bide berriak zein itxaropena pizteko izandako gaitasunetik. Halaxe zen, baina bi erreferentzia horiek puri-purian zirenean –Eskoziako erreferenduma egiteke eta Kataluniako prozesua indarrez beteta– Euskal Herrian bidea ezin topatu zebiltzan aldaketa politiko eta sozialaren aldeko indarrak; ziklo aldaketak, burujabetzaren aldeko indarren akordioek, Bilduren fenomenoak eta beste zenbait kontuk eragindako astinaldiak gainbehera egin zuten. Beraz, azterketa zuzena izanda ere, horrek ez duela bere horretan praktika egokirik ekartzen esan daiteke. Azterketak abiapuntu behar du izan, baina horren ondotik lan politiko eta sozialerako ildo egokiak osatu behar dira. Azkenaldian, entzuten ari gara pixkanaka taupada politikoa berreskuratzen ari dela Euskal Herrian, eta haize freskoa ere sartu dela, azkenekoz, adibidez, Gipuzkoa Zutik ekimenari esker. Hala balitz, paradoxarekin aurkitu ginateke berriro. Izan ere, orain arte erreferentzia positibo gisa aipatutako nazioarteko erreferentziak krisian sartu baitaitezke. Latinoamerikan ikusten ari gara ezkerrak arazo larriak dituela eta atzerakada handia etor daitekeela zenbait herrialdetan. Kataluniatik datozen azken berriek ere kezka baino ez dute eragiten. Horiek eta beste zenbait aldagai ere behar bezala aztertzea komeni zaie eraldaketaren aldeko euskal indarrei, oraingoan bai, lan ildo egokiak garatu ahal izateko, denetatik ikasten baita. Eta ikasi beharreko lehen bi gauzak hauexek dira: ez dago gorabehera gabeko prozesurik eta herri bakoitzak bide propioa behar du urratu. • Kanpoko aldagaiak behar bezala aztertzea komeni da. Eta ikasi beharreko lehen bi gauzak hauexek dira: ez dago gorabehera gabeko prozesurik eta herri bakoitzak bide propioa behar du urratu