25 JUIN 2016 Apologetak Koldo Sagasti Prentsako agerkariek hizki larritan atera dute azken orduotan Gasteizen gertatutako erailketa matxistaren albistea. Hiltzaileak berak aitortu omen du biktima akabatu eta zatikatu ostean poltsetan sartuta bota zituela gorpuzkinak Zadorra ibaira. Ez dago zalantza izpirik, ezta espekulaziorako zirrikiturik ere. Horregatik, hain zuzen ere, bereziki deigarria da “El Correo”-n, gaizkilearen ekintza zuritu nahian, kaleratutako izenburua: «Atxilotutakoaren auzokoek ezin dute gertatutakoa sinetsi, ‘mutil zintzoa zen’». Testuan erasotzailearen eta bizilagunen arteko harreman adeitsua goraipatzeaz gain, alkohol eta drogekin lotutako arazoei egozten diete gertatutakoaren erantzukizuna, mutil zintzoa ez baitzen, nonbait, bere ekintzen jabe. Horrelako astakeriak irakurtzeak sumina eragin dit. Baina ulergarria egin zait berri emailearen sinadurari erreparatu diodanean. Albistea izenpetzen duen kazetaria ezaguna da hirian bere aurreiritzi islamofobo, misogino eta klasistei informazio itxura emateagatik. Sona handiko berri asmatu bat baino gehiago dago bere curriculumean, kaleko arropaz jantzita igerilekuetan bainatu omen zen emakume musulmanarena, kasu. Duela astebete, egunkari berean, eskandaluzko lerroburua eskaini zion festa esparru batean gertatutako bortxaketa saiakerari: «Ertzaintzak mesfidantzaz hartu du Aranako jaietan gertatutako sexu erasoagatiko salaketa». Ondorengo lerroak erasoaren bi biktimen epaiketa dira: halako orduetan parrandan zebiltzala, hurrengo egunera arte ez zutela Ertzaintzarengana jo... eta polizia txosten konfidentzialetan baino irakurri ezin daitezkeen datuak, betiere, susmoaren itzala erasotakoen gainean zabaltzeko. Horrelako titularrak ez dira halabeharrez edo utzikeriaz sortuak, aitzitik, ideologia bati men egiten diote. Terrorismo matxistaren aurrean erantzukizunaren jomugan emakumeak jartzea erabaki politikoa da, eta horrelako kazetariak dira egunez egun ideologia hori elikatzen dutenak. •