02 JUIL. 2016 Tortura Antton Izagirre Hauteskunde emaitzen gaurkotasunak ia oharkabean estali du tortura zifren krudeltasuna. Lau mila eta gehiago herritarren torturen egiaztapenak ez dira, bizpahiru komunikabidetan baino, lehen albiste izatera iritsi. Hori guztia, Madrilgo Kongresuan biktimak omentzeko alderdi politikoek elkarretaratzea egin duten egun berean. Halere, tortura salaketei aipamen bat bera ere ez. Haien errelatoan ez dago tokirik. Irabazleen errelatoa egiten ari dira. Hori guztia, tortura babestu, justifikatu eta ikusezin egin duten alderdiak berriz ere agintea nola lortu kalkuluak egiten ari diren egunotan. Tortura, terrore ekimen nagusienetakoa izan da Euskal Herrian eta zigorgabetasun handienarekin aplikatu da polizia ziegetan eta galdeketa geletan. Eta ondoriorik latzena, erantzukizuna izan duten politikoak ageriko dena ezkutatzen saiatu direla, zigorrik gabe jarraitzen dutela bai buru politikoek bai torturatzaileek, zigorra jaso duten apurrek nagusiaren indultua jaso eta dominak irabazi dituztela, komunikabide askok errealitate hori estali egin dutela; eta hori guztia, Europaren bihotzean gertatu dela, guztion begi bistan eta jakinaren gainean. Askotan hitz egin izan da bizia indarkeriaz kentzearen larritasunaz, eskubide urraketaz, krudeltasunaz, saminaz... baina tortura latzenak jaso dituzten lagunek, kasurik onenean bizitza salbatu duten arren, pertsonaren bizitzaren zati handi bat galdu dute, haien duintasuna, nortasuna, gizatasuna zanpatzeko erabili izan baitute tortura eta berreskuratzea askori zail egingo zaio. Aitortza, justizia, erreparazioa hitz hutsalak izango dira milaka torturatu horiek aintzat hartu eta erantzule politiko eta egileei dagokien erantzukizuna beregan harrarazten ez zaien bitartean. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren lotsarako, espainiar Estatuak ustela izaten jarraituko du. •