30 JUIL. 2016 Erasoen beldur Antton Izagirre Harrigarria da han eta hemen izaten diren gertakariek nola aldatzen duten herritarron begirada. Orain urte batzuk herri eta hirietako festak aurkezten zizkigutenean begirada osoa festaren alde ludikoan jartzen genuen. Festak libertimenduaren eta gozamenaren sinbologiaz beterik aurkezten zizkiguten. Azkenaldi honetan ikusten ari gara festen iragarpenei erantsi zaien beldurraren karga. Ikusi besterik ez, Baionako festen aurkezpenean aditzera eman diren neurri murriztaileak, segurtasunaren izenean jarriko diren mugak eta festari ezarriko zaizkion kontrolak: poliziak, jendarmeak militarrak, suhiltzaileak... ahalmen bereziak izango dituzte eta herritarrok gizarte poliziala ez dugu zalantzan jarriko. Errepresioaren izaera izan duten indar polizialak askatasunaren sinbolo bilakatuko dira. Esango digute polizia-zaindari gehiago izatean askeago sentitzen garela herritarrok. Horratx, oroikusle den hirugarren begia, gauetik egunera gure anaia nagusia bihurturik. Jakin berri dugu baita ere, Iruñean emakumeen aurkako eraso sexistak izan diren antzera, beste hainbat festagunetan ere halakoak gertatu direla: Getxo, Barakaldo, Errenteria, Lezo. Eta eraso horien harira hainbat herritan eraso sexisten aurkako protokoloak diseinatzen ari direla. Gertatutakoa berria ez den arren, erakusten digu zerbait larria dela gure gizartean gertatzen ari dena. Iruñeko alkateak zioen moduan, onartezina da herritarren erdiek erasoen mehatxupean irten behar izatea kalera. Espero dezagun irtenbide bakarra poliziala ez izatea. Gizartearen gehiengo batek ondo ulertu du festaguneak gune askeak direla eta emakume bakoitzak bere askatasun, duintasun eta askatasunaren jabe izan behar duela eta hori hala izan dadin guztion parte hartzea eta konpromisoa behar-beharrezkoak direla. Arma eta lehergailuak ikuska lezake poliziak baina bakar batzuen intolerantzia, sexismoa eta emakumeen aurkako grina txarrak arma ezkutuak izaten dira eta heziketa, gizarte eragina, salaketa eta erantzuna dira horien aurkako neurri indartsuenak. •