10 SEPT. 2016 Hegazkinean, amaierez Garazi Goia Aurrekoan lagun batek esan zidan, dirudienez, hegazkinetan egoten diren aldizkarietan zutabeak idazten dituen jendeari benetan ongi ordaintzen diotela. Izan ere, normalean hilabetekariak izaten direnez, aldizkari bera milaka eta milaka pertsona ezberdinen eskuetatik pasatzeko probabilitatearen legea ere aldeko dauka. Uneren batean eta beste aukerarik ezean, denbora pasatzeko bada ere, gehiengoak aldizkaria irakurtzen amaitzen du-eta. British Airways hegazkin-konpainiaren aldizkarian, John Simpson kazetari ingelesaren zutabea kontzienteki irakurtzen dut beti. Simpson BBC etxean lanean aritu da azken berrogeita hamar urteetan, eta mundu mailan ezaguna egin da, batez ere gatazka leku gehienetan berriemaile lanetan ibili delako. Hegazkineko aldizkariko zutabean, oraingoan bere azken liburuaz ari zen, duela gutxi argitaratu dena: “We chose to speak of war and strife” izenburuduna, “Gerra eta borrokaz hitz egitea aukeratu genuen” bezala itzul daitekeena. Bere bizibideari buruzko kontaketa bat da; ez berea bakarrik, baina bera bezala gerra korrespontsal lanetan ibili direnena. 1968. urtean, lehenengo aldiz bulegora sartu zeneko oroitzapena aipatzen zuen, zigarro usaineko gela hartan azaldu zen eguna; mundua aski ezberdina zen orduan. Baina, ordutik, hainbat lekutako testigantza utzi digu, Krimea, Vietnam, Sarajevo eta Bagdad adibide gutxi batzuk baino ez dira. Zutabean aipatzen zituen bi erreferentziak ezegonkortasun ezohiko bat eragin zidaten. Batetik bera bezala atzerritik albisteak emanez urteak eman zituzten beste kazetari ezagunak aipatzen zituen. Lau kazetari hain zuzen ere: Clare Holingworth, Hitlerren tropak Polonian sartu zirenean albistea zabaldu zuena izan zen; Forbes, Anglo-Zulu Gerrako heroia; Anthony Loyd, ustez laguna zen beste kazetari batek traizionatua izan zena Sirian, eta Martha Gellhorn, Hemingwayn emaztea. Kasualitatea. Itzuli dudan liburuaren aurkezpena egitetik nentorren, eta bezperan Martha Gellhorn eta Hemingwayri buruz aritu ginen gu ere, Espainiako Gerra Zibilean elkarrekin erreportari lanetan ibili zireneko pasarte batzuk aipatu genituen. Emakume aparta eta historian zehar arrastoa utzi duena. Eta, bigarren aipua, liburua idazteko hartu behar zuen diziplinaz ari zen. Egunero goizeko bostetan ordenagailuaren aurrean jartzeaz. Bezperan goizeko ordu bietan oheratu bazen ere, bostetan jaiki omen zen egunero, eta bere kazetari lanera joan aurretik ordu batzuk idazten ematen zituen, egunero. Liburua amaitu zuenean, inprimatu eta mezulari bati eman zion, editoreari eramateko. Une hartan, goizeko bostetako errutinaren mira izango zuela pentsatu zuen. Liburuaren falta sentituko zuen. Tristurak gain hartuta zegoen bitartean mezularia kalean behera nola desagertu zen ikusi zuen. BBCko bulegoen atzean dagoen kale hura perfekzioan irudikatu nuen. Kasualitatea berriro ere. Une hartan bertan, askatu ezin nuen barreneko korapilo batekin borrokan nenbilen ni ere. Nire itzulpen proiektua amaitu zelako. Nik ere «Mrs Hemingway»-ren hutsunea sentituko nuen. «Utziozu orain liburuari bere bidea egiten», esan zidan G-k, «orain bere txanda da». Arrazoia zeukan. Baina, besterik ezean amaiera kutsuko une guztiak gorroto ditudala gogorarazteko balio izan zidan. Nire positibotasun guztiaren gainetik, deseroso sentiarazten zidan sentsazio hura ezin gainetik kenduta nengoen. Proiektu berezia izan zen niretzat. Oroimenean aztarna uzten dizuten horietakoa. Liburuan idazterik izan ez nuen zerbait nonbait idatzi behar nuela pentsatu nuen. Amaiera ona emateko. Hori zen falta zitzaidana. Zuretzat, Lea. • Askatu ezin nuen barreneko korapilo batekin borrokan nenbilen ni ere. Nire itzulpen proiektua amaitu zelako. Nik ere «Mrs Hemingway»-ren hutsunea sentituko nuen. «Utziozu orain liburuari bere bidea egiten», esan zidan G-k