17 SEPT. 2016 Lur Denok ekimena ENEEK Orain dela hiru urte hasi zen Lur Denok elikagai ekologikoak ekoitzi eta banatzen. Ner Group taldetik sortutako ekimen bat bezala hasi zenak, gaur egun ia 300 bazkide inguru ditu. Ekoizpen ekologikoa bultzatzea dute helburu, elikadura osasuntsua, jasangarria eta bertokoa, bertokoek ekoitzia. Astigarragan eta Ajangizen daude Lur Denoken baratz ekologikoak. Bertan ekoizten dira barazki ekologikoak, frutak eta kontserba ekologikoak. Urtea amaitzerako, arrautza ekologikoak ekoizteko prest egotea ere espero dute, martxan jartzen ari diren 300 oiloko oilategiarekin. Lur Denok eta Ner Group taldearen parte dira Hurbilekojalea dendak ere. Beasainen, Zarautzen, Getxoko Algorta eta Areeta auzoetan, Barakaldon eta Bilboko Miribilla auzoan dauden Hurbilekojalea dendek erosketa osoa aukera ekologikoan eta gertutasunetik egiteko modua eskaintzen dute. Ekimenaren baratzetatik, astero, 150 saski banatzen dira bazkide eta bezeroen artean. Saskiak Astigarraga eta Ajangizen osoki ekoitzitako barazki, fruta eta kontserbez beteta doaz, betiere garaian garaikoak eta ohiko barazkiez gain aukera berriak eskainiz. Baina Lur Denokeko bezeroek badakite ez dituztela barazkiak bakarrik ordaintzen. 100% ekologikoak diren barazki hauek eskuratzearekin batera, gure lurretan ekoitzitako produktuak izateko ari da ordaintzen gure bezeroa, ordutegi eta soldata duinak dituzten lagunek ekoitzitako produktuak jasotzeko. Bertako produktuak, bertako lurretan sortuak, bertako pertsonen lanarekin. Denda eta baratzak kontuan hartuta 21 lagunek osatzen dute ekimen honen lantalde finkoa. Gainera, Ner Group osatzen duten enpresetako kideek eta Lur Denokeko bazkideek boluntario lanak egiten dituzte baratzetan astero, ekimenak sustatzen dituen baloreak lehenengo pertsonan biziz. Lur Denoken jakitun dira, hala ere, saskiak jasotzen dituzten bezeroak mantentzeko eta berriak egiteko zailtasunaz. Hori dela eta, ekimen berriak jarri dituzte martxan, gaurko eta biharko bezero eta bazkideei zuzenduak alde batetik, eta egungo gizartera produktu eta ekoizpen ekologikoaren balioak helarazteko asmoarekin, bestetik. Ildo horretatik, “50 modu amantala zikintzeko” errezeta liburua argitaratu dute EramatEKO elkartearekin batera. Euskaraz eta gazteleraz kaleratu den liburu dotore honekin, elikadura ekologikoa sustatzea lortu nahi da, eta, ohiko produktuez gain, produktu berri eta erakargarriekin errezeta goxoak sortzea erraza dela azaltzea. Osasuntsua izateaz gain, elikadura ekologikoa anitza, goxoa eta dibertigarria ere badela azaldu nahi da. Liburuan dauden 50 errezetak dira horren guztiaren adibide. Lur Denokeko bazkide ez direnentzat liburu hau Hurbilekojalea dendetan edo www.lurdenok.com eta bezeroak@lurdenok.com bidez eskura daiteke. Mugikorrentzako aplikazio bat ere sortu dute, liburuko edukiak guztien eskura dohainik eskainiz. Lurdenok aplikazioa ohiko tokietatik deskarga daiteke.. Bilboko bihotzera iristeko saski berezia Produktu ekologiko eta osasungarriak gizarteari gerturatzeko Lur Denoken azken proposamena saski bereziarena da. Bilbotarrentzat dago eskuragarri, hiritarrari bertako produktu ekologikoak era jasangarrian eskainiz. Produktuaz gain, saskien distribuzioan ere arreta berezia jarri dute, saskion logistika erosoa eta ingurumenarekin errespetuzkoa izan dadin. Hori lortzeko, saski bereziko produktuak entregatzen diren egun berean jasotzen dira Ajangizeko baratzean eta bezeroaren ateraino eramaten dira, horretarako BiRick bizikleta elektrikoak erabiliz. Bertako produktu ekologikoak, osasuntsuak, freskoak eta norberaren etxeko ateraino era jasangarrian eramanak. Saskiok jasotzeko aukera dute bilbotarrek, 30 euroren truke. Lur Denok ekimenak defendatzen dituen balioak herritarrek beraien egunerokotasunean praktikan jartzea bilatzen du, horretarako tresnak emanez beraien saski, produktu zein Hurbilekojalea denden bitartez. Izan ere, herritarrok egunero egiten dugu aukera gure elikagaiak erosterakoan: zer-nolako elikadura nahi dugu, eta zeintzuk balio bultzatu nahi ditugu? Bertakoa, osasuntsua, jasangarria eta duina den elikadura bat, edo munduaren beste aldean, era industrial, kimiko eta agian pertsonak era duinean ez tratatuz sortutako elikadura bat. Gure aukera bakoitzean, erosketa txiki bakoitzean, erabakitzen dugu zer mundu nahi dugun. Denon esku dago aldaketa. Eta Lur Denoken aukera duin eta koherente bat denon eskura jartzen saiatzen dira. Informazio gehiago nahi izanez gero: www.lurdenok.com.