GAUR8 - mila leiho zabalik

Ohitzearen beldur


Eskutik helduta doaz beti udaren amaiera eta kurtso berriaren hasiera. Aurtengoan, gainera, hauteskundeak gehitu behar zaizkio data honi. Lan instituzionala gutxietsi gabe eta alderdi politikoen lan beharrezkoa azpimarratuz, gaurkoan hausnarketa puntua beste leku batean jartzera noa. Eta horretarako pare bat titular erabiliko ditut. Jakinaz, asko izan direla udan zehar larritu nauten titularrak. Zoritxarrez!

Uda niretzako titular honekin hasi zen: “Gutxienez 4.009 tortura kasu identifikatu dituzte ‘Tortura 1960-2013’ txostenean”. Urtero Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituen Udako Ikastaroetako batek utzitako goiburua. Bertan parte hartzeko aukera izan nuen, entzule bezala hiru egunetan eta azkenekoan tortura testigantza eman zuten emakumeetako bat izan nintzen. Luze eta zabal idatzi nezake honi buruz, baina albisteak izan zuen oihartzuna aztertu nahi nuke. Ikastaroaren hurrengo egunean zenbait euskal hedabidek (gutxi batzuek) bere tartea eskaini zioten. Baina hortxe gelditu zen dena. Hurrengo egunean berriro ere isiltasuna, berriro ere hutsaren hurrengo garen sentsazioa.

Uda amaierako titularra hauxe: “El TC cierra el paso a Otegi evitando incluso tener que argumentarlo”. Egun askotako ibilbidearen ondoren, azkenean ate judizial guztiak itxi zizkioten Arnaldo Otegi Mondragoni, kasu honetan, lehendakaritzarako hautagai gisa aurkezteko. Eta gainera, arrazoitu gabe, zertarako!? Honek ere izan zuen oihartzuna hedabideetan. Baina beste albiste bat bezala pasa da.

Iruditzen zait euskal gizartea ohitu egin dela horrelako titularrak irakurtzera eta entzutera. Bi titularrok Euskal Herrian gertatu ez balira, edo patxadaz pentsatzen geratuko bagina momentu batez, eskandalua sortu beharko luketen bi gertaera direla iruditzen zait. Milaka tortura kasu eta lehendakarigai baten betoa. Ez ahaztu, demokrazia eta zuzenbide estatua zutabe nagusitzat dituen herrialde batez ari garela.

Beldurtu egiten nau albiste hauekiko ohitze eta asimilazioak. Gehiegizko eta momentuko informazioa bizi dugun garaiotan benetan lurrikara sozial eta politikoa sortu behar luketen titularrak direla pentsatzen dut. Pentsatu soilik, ez baitakit burutik erraietarako muga igarotzera iristen den ideia bera. Anestesia emozionala ote?

Normaltasun honek hotzikara eragiten dit. Zein izango da biharko titularra? •