08 OCT. 2016 Izenaren atzean dagoena Garazi Goia Ramon Saizarbitoriari egindako elkarrizketa batean irakurri nuen behin eta gogoan gelditu zitzaidan ondorengoa: «Idazlea etengabe liburu dendetan ez badago, idazlearen izenak indarra galtzen du eta jendea ahaztu egiten da». Ez ahazteko ahalegin horretan, liburuarekin batera idazlea bera promozionatzeko saiakera gero eta gehiago ikusten ditugu. Adibidez, best seller bihurtu diren nobelen testuinguruan, askotan liburuari baino protagonismo gehiago ematen zaio idazleari, eta, haren plano pertsonalago batera eramaten gaituzte, liburutik urrun. Elena Ferrante idazlea liburuak promozionatzearen aurka azaldu da hainbat alditan. Berak esana da, baldin eta liburuak zerbait esatekorik badu, liburuak berak egingo duela bidea irakurleengana iristeko. Liburuek ez daukatela idazlearen beharrik esan nahi zuen, liburu bakoitzak bere bizitza daukala eta ez daukala promozio beharrik. Duela bost urte irakurri nuen lehenengo aldiz Elena Ferranteren lanetako bat; ia hamabi ordu iraun zuen hegaldi luze hartan, irakurraldi batean amaitu nuen “I giorni dell'abbandono” eleberriaren ingelesezko bertsioa. Eta orduz geroztik, bere lan ia gehienak erosi eta irakurri ditut. Dakizuenez, identitatea ezkutatzeko gai izan da Elena Ferrante eta bere argitaratzaileek ere zorroztasun handiz mantendu dute sekretua. Baina, aldi berean, hari buruz denetarik espekulatu dute. Elena Ferrante goitizena Elsa Morante idazlearen omenezkoa izan zitekeela; idazlea heteronimoa ere izan zitekeela ere esan da; identitatea desestaltzeko beste hainbat saiakeren artean, duela hamar urte, software berezi batekin Ferranteren liburuetako testuak goitik behera aztertu zituzten eta Domenico Starnone idazlearen lanekin antzekotasuna erakutsi nahi izan zuten, Starnone zegoela lan haien atzean iradokiz. Beste batzuek, aldiz, Goffredo Fofi idazlea zegoela Ferrante ezizenaren atzean esan izan dute. Pasa berri den asteburuan, hain ongi ezkutatutako identitateari buruzko adierazpen zuzenak egin ditu Claudio Gatti kazetariak “The New York Review Daily” aldizkarian. Elena Ferranteri maskara kendu dio. Besteak beste, banku eta etxebizitza erregistroetatik ateratako informazioa erabili du horretarako, idazlearen bizitza pribatura salto lotsagabea eginez. Anita Raja dela Elena Ferrante goitizenaren atzean dagoena esan du, Domenico Starnonerekin ezkonduta dagoela, bere etxebizitza ezberdinen berri ematen du, familiarteko kontuak eta beste hainbat datu zuhurtzia faltarik gabe argitaratu ditu. Eta, zergatik egin du hori? Ferrantek idatzi zuen “Frantumaglia” nobelan kontatutako informazio bat ez dela benetakoa salatzen du. Liburuaren helburuetako bat Ferranteren aipu autobiografiko batzuk jasotzea zen, baina Gattiren ustez, han erabilitako gezurrekin bere bizitza manipulatu eta irakurlegoari iruzur egitea lortu zuen; ingelesera egindako itzulpena azaroaren 1ean argitaratuko da Ameriketako Estatu Batuetan eta aitzakia hori erabili du. Zer da lortu nahi izan duena, ordea, horrela bortizki, haserre, Ferranteren aurkako eraso irrazional eta berekoi horrekin? Hainbeste urtetan gordetako sekretua publikoki denon eskura jartzeko eskubidea nork eman dio? Idazlearen identitatea ez jakiteak, irakurleari irudimeneko espazioa handitzen zion. Hain zuzen, istorio bat idatzi duen idazleari buruz ezer ez jakiteak, protagonista eta autorearen arteko harreman hori oraindik interesgarriagoa egiten du, enigmatikoagoa, eta interpretazio anitzak bideratzen ditu. Gure –Ferranteren irakurle guztion– irudimenean sartu da Gatti, inori baimenik eskatu gabe. Eta, orain arte sortu genituen istorioak baliogabetu ditu. Egunkari batean gaur esaten zuten moduan, Gattik gaur egungo literaturako fantasia handienetako bat desegin du. • Istorio bat idatzi duen idazleari buruz ezer ez jakiteak, protagonista eta autorearen arteko harreman hori interesgarriagoa egiten du, enigmatikoagoa, eta interpretazio anitzak bideratzen ditu