03 DéC. 2016 Espezie inbaditzailea Joxean Agirre Esaten dute etxeko liburutegiari begira norbere biografiaren lerro nagusiak ikus daitezkeela. Nirean ez. Gaztetako etapa marxista, liburuetan hain oparoa, desagertu egin zen. Amak erre zituen gehienak baserriko ekonomikan anaia atxilotu zuten batean. Egunak eman zituen sukaldeak ketan, ez baitago Leninen obra osoa eta Ruedo Ibericoko liburuak baino erregai txarragorik, eta kedar usain susmagarria gelditu zen denbora askoan. Ea sutarako liburuak aukeratzeko zein irizpide erabili zuen galdetu genionean, autore bizardunak hartu zituela erantzun zigun. Bazen beste liburu multzo txiki bat baserriko sotoan “zulo” batean gordeta urteak eman zituena (lehen etxe askotan ziren “zuloak”). Franco hil zenean, hezetasun usaina kentzeko, teilatupean haizetan eduki genituen, baina zaborretan bukatu zuten. Emaus-en bukatu zuten ere ikasketa garaiko liburu gehienek. Gaur etxean daudenak literaturari lotuak dira nagusiki. Baina liburua espezie inbaditzailea da eta nireek egongelako horma eta laurden kolonizatu dute. Aspaldiko ametsa da dozena bat autore kutun bakarrik hartu eta haien obra osoa biltzea, baina hori ere ez dakit ona den, tarteka txarrak irakurri behar baitira onak miresteko. Liburutegi publikoak daudenetik etxeko liburutegiak soberan daudela esaten duenik ere bada. Baina ez dago batere argi, harrigarria baita zeinen azkar sartzen dituzten libururik interesgarrienak fondo gordeetako “erabili ezin” edo “mailegatu ezin”-en katalogoan. Eskerrak norbaitek Amazon asmatu zuen eta, askoz lehenago, Durangoko Azoka. Egunotan gabiltza azokara joan-etorrian eta esan beharra dago zorioneko garela narratibazaleok, derrigor erosi beharreko dozena erdi bat izenburu kaleratu baitira. Liburuak buruhauste askoren iturri dira eta inoren etxera joan eta egongelako hormak garbi eta altzariak hutsik ikusten ditudanean aitortu beharra dut, azken bolada honetan “etxekoandre” ere banaizen aldetik, inbidia pixka bat sentitzen dudala, baina pentsatu ohi dut halakoak burua ere hutsik izango duela, eta “altzaririk gabe”, nahiz eta badakidan nik bezain betea izan dezakeela, beharbada gauza interesgarriagoz. •