10 JUIL. 2021 ETA MAITA HERRIA... (BIGARREN ATALA) Bigarren atal honetan, lehen peredikuan, pastoraleko sujet edo protagonistak aurkezten dira: Patxi eta Idoia. Iruñera joan dira biak lan egitera, zein bere herritik, eta han ezagutuko dute elkar. Lehenengo jelkaldian hasiko da haien istorioa. Gerardo MUNGIA LEHEN PEREDIKÜA Arizale guziak (kanpotik) eszenatokirat iganen dira. Pastorala abian da. 1. Herri-antzerkia azkar Baskoniako ibarretan. Mauletik Bargotarat. Hiri hontako karriketan. 2. Agur, jende orori! Egun on Euskal Herria! Pastoralak sor ditzala negarra eta irria! 3. Gaurko gure süjetak, alegiazkoak izanki, bataiatuko ditugu bat Idoia bertzea Patxi. 4. Biziko duten abentura guzientzat ezaguna. Nekazaritza utzirik fabrikan etorkizuna. 5. Etxean zituzten jakin (ezagutu) ardi, behi eta mandoak. Baratzea, belardiak, basoko lanak, soroak… 6. Epe aski laburrean bizimoldeak aldatu. Herrian beren asmoak baitzitzaizkien hondatu. 7. Iruñerat abiatu. Laster lantegian hasi gostuko ez zuten lanetan. Nonbaitetik behar bizi! 8. Hala ere sorlekua maitatzen zuten biziki. Ia astero egiten bat edo biga sar-ilki (bisita arina). 9. Gure hizkuntza aldeko defentsan ziren agudo. Klase-arteko borrokan izanik ere arras kauto (zentzudun). 10. Patxi auzo gau-eskolan maitemindu zen Idoiaz. Elkarrekin kamus (ezer gabe) hasi. Alta, bizitzeko doiaz. 11. Andrea haur beharretan. Bikotea zorion gosez apaintzen beren habia. Uros (zoriontsu) izateko luzez. 12. Sar zaitezte eta ikusi gure antzerki nazionala. Xiberoan sustaturik. Hots, gure Herri-pastorala. Arizaleak eszenatokitik erretira, bakoitza bere atetik. Eszenatokia orobat hutsik geratu da. 1. JELKALDIA Patxi gaztea Euskal Herriko herri tiki batean sortu da. Laborarien familia luze baten barnean. Lurra errentagarritasun aldetik gero eta antzuagoa da; abeltzaintza berdin. Makineria berria tai gabe sartzen ari da; subentzio guti, legar handiak… Nekazaritza xehez bizi izatea zaila da egun. Jelki taulara Patxiren familia (borta urdinetik); etxeko sukaldean solasean hasten dira. Fermin (aita) 13. Ez duk urterik hoberena. Matxuratuta traktorra. Mahastietan bizkarroiak. Lurra ja ez da bihikorra. 14. Garagarren prezioa gutitu duk neurri gabe. Esnearenaz, haragienaz ez mintzatzea diat hobe. Donado (osaba) 15. Aberatsa ez bahaiz, PAC* sarien eskuratzeak mozkorren eleak dituk. Zaramazkiek haizeak. 16. Urruneko intxaurrak izan daitezkek hamalau; usu agitzen bezala hurbiltzen haiz eta lau. Leire (ama) 17. Herrian zituan dendak, ostatuak, ogi labe, harategia, botika… Ikusi, husturik tanpez. 18. Bertako eskola zaharra aspaldian zitean itxi. Egunero autobusez nahi baditek ikasi. Izaga (arreba tikia) 19. Eskualdeko eskolarat bertakoa itxiz gero. Inguruko haurreria han biltzen gara egunero. Alaitz (arreba tikiena) 20. Erran nahi dut bat oraino: Maite dudala handizki autobusez joatea. Marirekin bereziki. Xabier (anaia) 21. Zer duzue neskatikoek? Tarrapataka ohera! Nagusien eleketak zuentzat dira sobera. Haurrak erretira ate urdinetik (eskuin). Eneko (anai gehiena) 22. Traktore gidaria naiz, soldata ona badaukat. Honek lagunduko, arauz (jakina), jarraitzeko aitzinerat. Donado (osaba) 23. Patxi saiatuko balitz Iruñean lana xerkatzen… Mekanikan jaioa duk. Txopia (bultzada tikia) zaiok faltatzen. Eneko (anai gehiena) 24. Elekatuko natzaio beheko landetan bihar. Ezin jakin zer barra duen... Gogo onez dezake har… Guziak taulatik erretira ate urdinetik. 2. JELKALDIA Eneko (anaia) Patxirekin mintzatu da eta honek Iruñerat joatea onartu du. Herrian oraindik, hondarreko egunak aprobetxatzen, profitatzen ari da inausketako lanetan. Jelki taulara Patxi eta Araceli adiskidea (ate urdinetik); biak mahasti batean ari dira. Patxi (süjeta) 25. Zeru oskarbi, zohargia. Zinez eguraldi ederra. Eztitasunez haizea magal hontan, egutera. Araceli (adiskidea) 26. Txantxangorrien tak-tak-tak. Kaskabeltzaren txistua. Okilaren tok, tok, tok, tok. Txirriskilaren kantua. 27. Mila erleen burrunba. Ehun kilkerren azantza. Barbaloten (intsektuak) harrabotsa. Txitxarraren harramantza. Patxi 28. Ote larreen horaila. Kuku-prakaren urrina. Mitxoleten kolorea. Txilarraren usaina. Nekazari batzuk handik agertzen dira eta elkar agurtzen dute. Jelki taulara Patxiren adiskideak (kanpotik). Birdi (adiskidea) 29. Agur Patxi, ongi zara? Izan dezazuen egun on. Ostatutik pasa gero. Ongi bazaizu, e? gizon. Beltza (adiskidea) 30. Kartetan izanen gara. Ilunabarrean, aizu! Nafarroako mus saria gori-goria baduzu! 31. Txato (adiskidea) Joanen zarela, dakigu, laster Iruña alderat. Ea zoria baduzun gure aldetik xedeak. Jelki eszenatokira arizale guziak (bakoitza bere atetik). Kantatzera doaz. *PAC: Europako Nekazaritza Politika Bateratua Eneko (anaia) Patxirekin mintzatu da eta honek Iruñerat joatea onartu du. Herrian oraindik, hondarreko egunak aprobetxatzen, profitatzen ari da inausketako lanetan Patxi gaztea Euskal Herriko herri tiki batean sortu da. Laborarien familia luze baten barnean. Lurra errentagarritasun aldetik gero eta antzuagoa da