GAUR8 - mila leiho zabalik

LADISLAS KONARZEWSKI, XIX. MENDEKO ARGAZKILARI HANDIA

LADISLAS KONARZEWSKI. SCRIVE LOYER FAMILIA

Artikulua ilustratzen duen irudia 1885ean egindakoa da. Ladislas Konarzewski, Ipar Euskal Herriko XIX. mendeko argazkilari garrantzitsuenetako baten autorretratua da. 1823an jaio zen Bielken, Poloniako ipar-ekialdean. 1863an Polonia inbaditzen ari ziren errusiarren aurkako altxamenduan parte hartu zuen, eta, errusiarrek matxinada zapaldu ondoren, erbesteratu eta 1864an Donibane Lohizunen bizitzen jarri zen. 1865ean, Urruñako Maria Ithurbiderekin ezkondu eta Donibane Lohizuneko Garat kalean jarri zuen bere argazki-estudioa. Konarzewski erretratugile handia izan zen, eta Donibane Lohizuneko eta Hondarribiko hiri eta itsas paisaia ugari fotografiatu zituen. Maila tekniko altua eta marrazkilari eta margolari formazioa zituela baliatuta, klixeak moldatzen zituen, erretratuetan ez ezik, baita paisaietan ere, batez ere itsasokoak, olatu edo hodei efektuak lortzeko. Bigarren Karlistaldian, hainbat pertsonaiaren eta boluntario karlisten erretratuak egin zituen, baina, beharbada, bere argazkirik ezagunena Santa Kruz apaizaren taldearena izan zen, 1873ko apirilaren 8an egindakoa. Pio Barojak hauxe idatzi zuen irudi horren gainean: «Zer buruzagi mota den bere argazkien bidez epaitu daiteke. Santa Kruz hainbat aldiz erretratatu zuten, bakarrik eta bere jendearekin batera. Argazki horietako batzuk Donibane Lohizuneko argazkilari batek egin zituen, Ladislao Konarzewskik. Poloniar hori ikustera joan nintzen duela urte batzuk eta galdetu nuen ea karlisten argazkien klixeak gordetzen zituen, baina ez zituen. Bi talde-argazkietatik batean Santa Kruz eta haren guardia beltza ageri dira, Berako baratze batean; bestea, bere buru nagusiekin, Donibane Lohizunen egina da, Konarzewskiren etxean». Haren seme Jean Ladislasek argazki estudioarekin jarraitu zuen, eta Jacqueline Konarzewska bilobak Bigarren Mundu Gerraren amaierako argazkiak egin zituen Ipar Euskal Herrian, Donibane Lohizuneko askapenarenak kasu.