29 JAN. 2022 Izotzarena Beñat Gaztelumendi Bertsolaria Goizeko zortziak dira. Ordulariari hamar aldiz aldatu zaizkio minutuak, eta beste hamarretan aldatuko dira hemendik ateratzen naizenerako. XXI. mende postmoderno honek ere ez baitu soluziorik ekarri. Nik ez dut ezagutu behintzat. Balde bete ur bero botatzeak ez omen du balio. Igurztea ere ez omen da komeni. Haizetako garbigailuek ere ez dute miraririk egiten. Eta hementxe nago, autoko bolanteari helduta, berogailuaren motorra burrunban, kristaletako izotza noiz urtuko den esperoan. Irratia piztu eta Mikel Laboa entzun dut, erdi kantatuz eta erdi errezitatuz: «Kontatu didate Nueva Yorken, Broadway eta 26 karrikaren kantoian, negu gorrian, gizon batek gauero jendeari otoi eskatzen, aterbea bilatzen duela biluzirik daudenentzat». Aire girotuaren babesean ere ahotik kea daridala nire burua galdezka hasi zait zenbat jende izango ote den, New Yorkeko Broadway eta 26 karrikaren kantoira joan gabe ere, aterpe bila dabilena. Autoko kristalak izoztuta daude oraindik. Urratzen ari den egunsentiari begiratu eta irudi lausotuak ikusten ditut; elkarrekin urtzen diren koloreak eta forma abstraktuak. Lagun batek kontatu zidan Europa iparraldean laku erraldoiak izoztu egiten direla neguan. Eta izotz gainean dabilenak arrainak ikusiko dituela oinpean, taldean estu-estu bilduta, izoztu ez den ur geruzatan pilatuta, geldi-geldi. Batzuetan tenperatura goxatu egingo da pixkana, eta arrainak gero eta geruza zabalagoetan barreiatuko dira. Beste batzuetan, ordea, izotzak ura irensten segituko du, eta halaxe geldituko dira arrainak ere, kristalezko beren ziegetan preso, noizean behin azaltzen diren iraganeko fosilen gisa. Begiak itxi eta gaurko goiza irudikatu dut: izotza zabaltzen ari da eta izotzetan auto barruetako argi piztuak ikusi ditut. Ehunka pertsona, nor bere autoan sartuta, berogailua piztu eta izotzari ihes egin nahian. Mundua zabala omen da, baina ez dakit bada. Netflixen, multibertsoaren eta Amazonen garaian ere hauxe naiz ni; kea darion aho bat eta esku gogortu batzuk kristalak izoztutako auto baten barruan, irratiak esaten diona ulertu ezin duen norbait. Izotzak inguratutako burbuilak, bata bestearengana hurbiltzen eta urruntzen. Batzuetan iruditzen zait igaroko dela negua, eta izotzak hor jarraituko duela; gero eta gure baitaratuagoak egongo garela pantailatxo bat eskutan hartuta, gure izotzezko ziegetan bilduta. Mezuak bidaliko dizkiogula elkarri, denari buruz jakingo dugula zerbait baina ezer ez dugula ulertuko, eta izotzetan bilduta urruneko egingo zaizkigula ahotsak, azalak eta begiradak. Bestelako utopiak eraiki ezean, hauxe izango dela XXI. mendea: jendea kalean, biluzik, aterpe eske eta auto izoztuak mundu isil batean. •