04 JAN. 2025 EUSKAL KULTURARI JARRIAK Hamalau heriyotzak (Unai GAZTELUMENDI) Beñat GAZTELUMENDI 1 Hara Negu Gorrizko egunek zenbat gau; zenbat izango gara hiru, bost, hamalau? Urrutiko intxaurrak gerturatu ta lau noiz berrituko dugu esaera zahar hau? 2 Nafarroa Arena, BEC edota Kursaal nahiz ez izan kultura globalen sukurtsal pluralean bakan ta bakanean plural hemen zer da kultura eta zer da euskal? 3 Urdaibain Guggenheim bat turisten gose da kultura bat ez denez mugatzen posera ingelesez sortua badu atmosfera zein da elikatuko duen biosfera? 4 Autogestioaren kontra zakur zaunkak, biralizatutako gau bateko mahukak, managerren enpresa erraldoien pautak… Zer erosi eta zer saltzen du Sold Out-ak? 5 Makurtu ez den herri honen lunbalgia, gaur berrogei urteko garaien magia nekatu gabe nahiko genuke plagia; kultur proiektu on bat al da nostalgia? 6 Ez banaute hornitzen hiru-lau lan gorik autonomoen kuotak patrika jango dit lokatzetan ez baita bermatzen zangorik abendutik harago ba al da Durangorik? 7 Nahiz ardoa mindu zen gure pitxarretan gure eztabaidetan, lubaki zaharretan ume bat jolasean dabil izarretan harrizko herri honen harri txintxarretan. 8 Kantatzen den herri bat ez den arren hilko beti ez ditugu hitz berak ibiliko eztarri hauskorrenak ez daitezen ito partitura berriak sortu eta kito.