01 MAR. 2025 { KOADERNOA } Ezkio eta Gasteiz Palestina eta Ukrainara begira Xabier Izaga Ezkiotik edo Gasteiztik? Non lotu Nafarroako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako AHTak? Kontu horrekin hobe lukete zalaparta handirik ez sortu, Donald Trumpi atentziorik ez emateko. Berak lotunea non egin erabaki ez dezan, alegia. Konexioa Bizkaiaren eta Nafarroaren arteko kontua baino ez balitz, konponbide erraza izango luke auziak; lotune biak egingo lituzkete eta kito. Bilbotarren kontura, jakina (Athleticek 7-1 irabazi berritan, mapamundiaren azken bertsioa erakutsi zidaten; aspaldi honetan “Amerikako golkoa” ageri zen lekuan, “Bilboko udal igerilekua” idatzita dago). Eman dezagun superTrumpek Gasteizko aukeraren alde egin eta trukean Urizahar eta Moratzako anbar aztarnategiak eskatzen dituela. Kontuan izan, Urizaharrekoak Arabaren administraziopekoak badira ere, Moratzakoak Trebiñun daudela, Gaztela eta Leonen administraziopean. Trumpen lagun Santiago Abascalen alderdiak Gobernu horretatik alde egin zuenez, gatazka siderala sortu liteke, PPk bere burua mapa geopolitikoan kokatu artean behinik behin. Ukrainako gerrak bake santuan jarraitzen zuen (oximorontzarra) Etxe Zuriko eta ile laranjako presidentea iritsi eta lur arraroak harrotu arte. Bukatzeko ordua dela erabaki du bere babespekoaren egoerarik txarrenean. Izan ere, Ukrainak negoziatzeko aukera hoberik izan du, baina indar posizio hobean zela haren aliatuek gerraren aldeko erabakiari eutsi izan diote, laguntza militarra aginduta. Eta agindu ez ezik, eman ere egin diote, eta orain batez ere Europak emandako laguntza horren ordaina eskatzen dio estatubatuarrak bere aliatu zapuztuari. Ukrainaren egoerarik txarrenean eta haren etsaiarekin adostuta erabaki du Trumpek gerra amaitzea. Haren presa handiaren erakusgarri, Vladimir Putinek Errusiako mineral estrategikoak ustiatzeko inbertsioak egitera gonbidatu ditu AEBak, atzo goizera arte etsairik zitalena zuenarekin lankidetzan aritzeko prest. Eta bakerako grina horren inguruko gogoetarik egiteko astirik batere eman gabe, Ukrainak biharamunean iragarri zuen AEBekin bere baliagai naturalak partekatzeko akordioa, presidente bien atzoko bileraren zain. Bitartean, NBEk esan du Ukrainako gerra herrialde biren arteko gatazka dela; beraz, Ukrainak bake negoziazioetan parte hartzeko aukera daukala ematen du. Eta Europak? Ez al du ezer merezi, AEBen atzetik kalapita, sesioa eta liskarra xaxatu ondoren? Azken asteetan, 2024 YR4 asteroideak Lurra jotzeko duen arriskuaz ohartarazi du NASAk -Lurrarenak egin dezan laguntza behar bagenu bezala-, eta asteazkenean esan zuen ez duela joko, hala gertatzeko probabilitateak %3tik %0,004ra egin duela. Egun bereko gauean 642 palestinar askatu zituen Israelek, lauzpabost egun lehenago askatu behar zituenak, eta su-etenak indarrean zirauen; hala ere, badirudi luze gabe gerra betea itzultzeko probabilitatea asteroideak lurra jotzekoa baino dezente handiagoa dela. Erabateko gerraren beldur ote dira, esate baterako, Gazan egunero haurtxoak hotzez hiltzen zaizkien horiek? Edo Jenin okupatu eta frankotiratzailez betean beren etxetik egotzitakoak? • «Ukrainako gerrak bake santuan jarraitzen zuen (oximorontzarra) Etxe Zuriko eta ile laranjako presidentea iritsi eta lur arraroak harrotu arte. Bukatzea erabaki du bere babespekoaren egoerarik txarrenean»