08 NOV. 2025 { NUTRIZIO TXOKOA} Dieta jarraitzea borondate kontua da? Nutrizio-jarraibidea urratzea ala ez faktore askoren mende dago. (GETTY IMAGES) Anne Azkona Argaltzeko prozesu gehienetan, “borondatea” izaten da protagonista, eta gaur ikusarazi nahi dizuet zergatik ez zaidan esaldi hori erabiltzea gustatzen. Borondatea ez da dena. Nutrizio jarraibidea urratzea ala ez faktore askoren mende dago. Horien artean, esaterako, ghrelina izeneko hormonaren maila. Ghrelina, batez ere, urdailean sortutako proteina bat da, eta hainbat prozesu fisiologikotan hormona gisa funtzionatzen du. Hala ere, bere funtsezko zeregina gosearen erregulazioa da. Berak du jateko gogoa sortzearen ardura. Urdailak barruan elikagairik ez duenean, atentzio-dei moduko bat egiten da, berriro jan dezagun. Gose sentsaziotzat hartu ohi da hori, eta ghrelina arduratzen da horretaz. Horregatik, hormona horren zirkulazio mailak ez dira egonkorrak, egunean zehar egiten ditugun otorduen arabera aldatzen baitira. Ghrelina mailak igo egiten dira baraurik gaudenean, eta jan ondoren behera egiten dute. Gainera, egunean zehar pertsona bakoitzaren elikadura-patroien arabera aldatzen dira. Baina ghrelinaren funtzioak epe laburretik harago doaz. Epe luzerako gorputz-pisuaren erregulazioan ere inplikatuta dagoela dirudi. Hormona horren maila plasmatikoak gorputz-masaren indizearekin alderantziz korrelatuta daude. Maila horiek nerbio-anorexian eta kakexian handitzen dira, eta gutxitzen dira banako gizenetan. Nola da posible? Gose eta asetasun sentsazioaren erregulazioa bi hormonek orkestratzen duten kontzertua da: ghrelina eta leptina. Biek jarduten dute organismoko energiaren oreka kontrolatzeko zentroan. Funtzio biologiko kontrajarriak dituzte: leptina gantz-ehunak jariatzen du, batez ere, eta jateko gogoa inhibitzen du; ghrelinak, berriz, apetitu-sentsazioa pizten du. Hala ere, nahiz eta pertsona gizenetan leptina mailak altuak izan, eta teorian apetitua inhibitu behar duen, errealitatean ez du asetze-efekturik sortzen, leptinarekiko erresistentzia sortzen baita, ghrelinak apetitu-sentsazioa pizten duen bitartean. Hormona horiez gain, lo eta esnaldi zikloek ere gosea erritmo zirkadianoen bidez erregulatzen dute. Bi hormona horiek behar bezala funtziona dezaten eta gorputzaren pisua modu egokian erregulatu diezaguten, behar adina ordu lo egin behar dugu. Behar baino lo-ordu gutxiago egitea gosearen eta asetasunaren kontroleko akatsekin lotzen da; ondorengo egunean zehar elikagai hautaketa desorekatu eta okerrago batekin, hain zuzen ere. Bestetik, imajina dezagun ogi egin berriaren usaina duen okindegi batean sartzen garela. Gosaldu berri badugu ere, gure burmuinak ogi bati hozkada bat emateko eskatuko digu. Edo janari goxo baten aurrean gaudela, eta errepikatu egin nahi dugula. Hor ez dugu goseaz hitz egiten, apetituaz baizik. Benetan gose garenean, elikagaien premia fisiologikoa dugu. Aldiz, jateko gogoa elikagai jakin bat hartzeko bada, gose emozionalaz ari gara. Hori jateko nahiarekin lotzen da, plater gustagarri bat ikusi edo usaindu ondoren, antsietatea dugulako, eta ondoeza edo estresa eragiten digun egoeraren bat konpentsatzeko agertzen da. Gose emozionala abisatu gabe iristen da, usain goxoa garunera iristen denean, baina benetako gosea behar fisiologikoa da eta pixkanaka agertzen doa, gure zelulen energia maila gutxitzen doan heinean. Beraz, nola kontrolatu ghrelina? Ez dago on/off botoi magikorik hormona hori piztu edo itzaltzeko. Balio egokietan egon dadin laguntzen duten faktoreak landu ditzakegu: egunero 7-8 ordu artean lo egin, ariketa fisikoa egin, eta otordu ordutegi erregular bat eraman. Bereziki, saiatu behar dugu berandu ez afaltzen (21.00ak baino beranduago), gaueko baraualdiak hormona hori maila egokian izaten laguntzen baitu. Azkenik, benetako gosea eta gose emozionala bereizteko, gure gorputzaren seinaleak entzuten ikastea gomendatzen dut. Gose fisiologikoa dugunean, elikagai mota guztiak ondo hartzen ditugu, eta gose emozionala sentitzen dugunean, berriz, azukre eta koipe askoko elikagaiak jateko joera dugu.