GAUR8 - mila leiho zabalik
{ DATORRENA }

Ametsak eta energia


Amets berriek argia dakarte egoera ilunetara. Kemena dakarte aurrera ekiteko eta itxaropena mantentzeko. Hala ekartzen digu gogora martxoak 3ko gertakarien bosgarren hamarkada oroitzeko sortutako abestiak. Lelo ederra da ez bakarrik giza sarraskiei aurre egiteko, baizik eta bizitzako hainbat zailtasunetarako, eta honakoan bizitza modu zabalean irudikatzen dut: planetaren, gure etxearen, bizitza.

Gai hauetan adi dabiltzanentzat, kritika, aurkakotasuna, ñimiñotasuna eta ezintasuna sorraraz ditzaketen berriak agertzen dira egunero. Erraza da ezkor bilakatzea: klima berotzen ari dela eta botere handiek jarraitzen dutela erregai fosilen erauzketa eta errekuntza bultzatzen; pestizidak eta beste agrokimikoak nolanahi hedatzearen ondorioz ekosistemen aniztasuna xahutzen dela. Eta beste hainbat.

Halaber, Erresuma Batuan (eta beste hainbat tokitan) klima-kafe uneak, climate cafés, deritzenak hasi dira zabaltzen: bakoitzak klima arazoei buruz sentitzen eta pentsatzen duguna adierazteko espazio lagungarria dira, elkarrekin hausnartzeko eta elkarri entzuteko, apropos prestatutako psikologoak gainbegiratuta.

Ipar izarrari bezala, ingurumenari buruzko berri eta gertaera positiboei distira berezia darie. Iaz, Europan, iturri berriztagarriek (haizea eta eguzkia) erregai fosilek baino elektrizitate gehiago ekoitzi zuten. Mundu mailan, ekoizpen kantitatean berriztagarriak ikatzarekin parekatu dira (ikatza izan baita iaz arte elektrizitate iturri nagusia). 2000. urtetik hona, haizea eta eguzkia portzentajean nabarmen hazi dira, eta nuklearra zein fosilak murriztu.

Teknologia trantsizio historikoen datuen grafikoak aztertu dituztenek, energia iturrien proportzioen azkenaldiko bilakaeran irudi ezaguna ikusiko dute: teknologia batzuen gorakada esponentzialaren hasiera eta beste batzuen hutsaltasunaren hastapena. Prozesuan, energia ekoizpenaren merkatu-kuoten bilakaera ikusita, botere kontzentrazioa murriztu da. Oihartzuna duten hainbat ekarpen juridiko garrantzitsu ere lortu berri dira klima justizian: Nazioarteko Justizia Auzitegiak iaz adierazi zuen estatuek klima aldaketaren aurka jardun behar dutela legez, auzi berrien ateak irekiz. Energia efizientziari dagokionez, negutegi efektuko isuriak murrizteko potentzialaren zati xume bat besterik ez da jorratu oraindik.

Aurreko batean esan bezala, Erresuma Batuan 2024ko urrian itxi zen elektrizitatea ekoizteko azken ikatz zentrala. 1980ko hamarkadan elektrizitatearen %80 ekoiztetik itxierara arteko prozesu konplexuan, irakurketa baliagarria dago gure aurrean daukagun erronka bideratzeko. Ikatzaren desagerpena ez zuen faktore bakarrak bultzatu, baizik eta politikak, ekonomiak, teknologiak eta mugimendu zibilak norabide berean egindako hainbat urratsek.

Bideratze horretan hiru gako daude. Lehenik, joera globala positiboa bada ere, berriztagarriek bide luzea dute oraindik erregai fosilak gelditzeko, bereziki elektrizitateaz bestelako energietan. Bigarrenik, eraldaketa nahikoa azkarra izango den ikustear dago. Azkenik, eraldaketa sozio-tekniko guztietan bezala, zuhurtzia eta herriaren jabetasuna behar dira herriarentzat eta lurrarentzat nahigabeko ondoriorik gerta ez dadin.

Zenbait zirkulu esanguratsutan “net-zero” terminoa “bi gradu azpi” esamoldearekin ordezkatzen hasi dira. Lehena klima aldaketa ahalik eta gehien murrizteko deia da. Bigarrenak, berriz, klima aldaketa nabarmena onar dezakegula dio, galera ekonomiko eta galera planetarioen arteko ustezko kalkulu baten ondoren (!). Net-zerok beldurra piztu dezake batzuengan: klima aldaketa geldiarazteko beharrezko inbertsioak eta arrisku ekonomikoak handiegitzat ematen dituztelako, klima aldaketaren ondorioen galerak gutxietsi bitartean. Edo, besterik gabe, beldur direlako besteen eta naturaren kontura kapital pribatua metatzeko ahalmena desagertuko zaiela.

Baina azken urteetako garapenek erakusten dute klima aldaketa murriztearen aldeko norabidea posible dela, amets egin dezakegula eta amets hori ez dela ilusio hutsa, bide errealista baizik. •