28 NOV. 2026 { GASTRONOMIAREN ANTROPOLOGIA} Aralar da etxea Amaia Garmendia Sukia, ardiak bildu ostean, irribarretsu. (Josu OZAITA) Josu Ozaita Despertadoreak 05.30ean jo du, eta ordubete beranduago, Ataunen gora goaz pick-up-ean, bihurgune, bira, buelta… pistan barrena. Aralar mendian gaude. Autotik jaitsi, txabolan sartu eta beroki lodia hartu du berak. Ni tipula baten moduan noa: azpiko kamiseta, niki, jertse, txaleko, zira... 2˚C markatzen zituen autoko termometroak, baina sentsazioa zero azpikoa da. Ilun dago, gaua da oraindik. Mendien soslaia soilik ikusten da, behe laino bizi eta hotzarekin batera. Gure egitekoa ardiak bilatu eta bordara gerturatzea da. Artzainak imajinatu egiten du ardiak non dauden. Hotz handia dagoenean babeseko tokietara joaten dira ardiak; epelago dagoenean belazeetan lasaiago egoten dira, ilargiaren abaroan. Aldapan gora abiatu gara: «Erdi lo etorri bazara, orain esnatuko zara». Artzainak antropologoa interpretatzen du. Birikak irekitzen dira, gorputza esnatzen da… menditxoak igo eta geratu egiten gara tarteka: inguruetara begiratzen du berak, ardiak noiz topatuko. Haize hotza sartzen da barruraino, tipularen kapa bakoitza igaroz, ia poroetatik sartu eta hezurrak ferekatzeraino. Hala ere, irribarre batekin noa, antropologiak emandako beste opari bat jasotzen. Berak ere barre txikia egiten du tarteka, harrikada duen bakarra ez dela sentitzearen lasaitasunarekin. «FIXIU FIXXXSSST» «Fixiu fixxxssst», berriro. Txistu egin die. Deitu. Bi txakur dabiltza gurekin, Lanbro eta Jai. Lanbro txukun ari da ardiak bilduz. Jai jolasean ari da, oraindik txakurkumea izaki. Baina sena nabari zaio. «Pertsona baino laguntzaile hobeak ardiak biltzeko», ez du nigatik esan, baina ona izango litzateke hala balitz. Ni galduta nabil: ez dakit non gabiltzan. «Hor Igaratza, honantz Txindoki, eta hemen, gertu, Gaztelu», seinalatu du ilunpetan. Nik, baietz. Hori da fedea. Ordu eta erdi daramagu bila, eta bera, artaldeak nola jokatu zuen bezperan pentsatzen. Mendi kaskoetan hotz handia dago; magal edo mendi zuloetan sartzean, giroa asko epeltzen da. «Han egongo dira». Gelditu eta kalaxka (zintzarria) entzun nahian segundo batzuk geratu gara. «Ez, hori behorrena da». Eta egunak argitu du: gu, han, Aralarren bihotzean. Opariari papera kentzea bezalakoa izan da. Ardi taldea ikusi dugu urrunean. Artzainak bazekien topatuko zituela, denbora kontua zela. Txakurrak bixitu eta lanean hasi dira, gozatuz. Ez daude denak, ordea. «Orain ardiei segituko diegu, beraiek eramango gaituzte besteengana», esperientziatik hitz egin du. Artaldea bildu eta txabolara goaz. Maldan beherako bidea, haitz arteko pausoak eta ote arteko bidezidorrak. «Ahuntzak bezala ibiltzen dira, erraz», esan diot. Ardiak indartsu ikusten dira. Hanka gogorrak dituzte. Mendian hala ibiltzeko ez du edozein ardik balio. Euskal Herriko ardi asko, jada, ukuilura ohituagoak daude, esnea beraien bizi proiektua. Ez da ardi hauen kasua. Ardi hauen arbasoak Aralarrekoak ziren, bertako klimara, altuerara eta maldetara eginak daude. Aralarkoak dira. Artzainari ere Aralarrek deitu zion duela urte batzuk, eta hemen gaude. EKONOMIKAREN EPELEAN Txabolan sartu gara. Ekonomikako atea ireki eta errautsak astindu ditu, lozorroan zeuden txingarrak esnatzeko. Egunkari orri bat, eta txotxak. Gaineko kapak kendu eta eskuak gerturatu ditugu. «Kafetxo bat?». Bai, gustura. 27 urteko Amaia Garmendia Sukia (Zaldibia, 1999) artzainarekin nago, tertuliari ekiteko gogotsu: -Nolatan gaude hemen? Goizeko 9:30ean, Aralarren galduta, azaroko goiz honetan? -Nire gurasoak Zaldibiako “kalekumeak” ziren, eta lagun artean, baserri bat erosi zuten. Nire aitak fabrika utzi eta artzain izatea erabaki zuen amarekin batera. Ideia handirik gabe, esperientzia eta jendearekin hartu-emanean ikasitakoarekin. Amaia, Lanbro eta Jai txakurrekin, Doniturrieta txabolan. (Josu OZAITA) Gurasoen bidea egin dute Amaiak eta anaiak ere. Bere anaiak goi mailako ikasketak ditu, bazkide zen Goierriko kooperatiba batean, eta egun batetik bestera unaia, behizaina, izatea erabaki zuen. Amaiak Administrazioa eta Finantzak gradua eta masterra egin zituen. Gaur egun, bulego batean egongo litzateke arrasto horri jarraitu izan balio, baina 2024. urtean lana utzi zuen. Zenbaitek konfort egoeratik ateratzeko gomendioak eman eta ekintzailetzaren diskurtsoak saltzen dituzte merke. Benetako adibideak dira anai-arreba hauek, ordea. Amaiak bi urte daramatza artzain, nahiz eta umetatik elikatu den Aralarko errapetik. Udan aitarekin egotekotan, mendira joan behar izaten zuten asteburu pasa. Nerabezaroan distantzia hartu zuen, edota beste toki batzuk ezagutzeko senari segitu zion. Covidaren pandemiak ordea, mendira eraman zuen berriro. Hilabete batzuetan artzaintzari lotzeko nahiko esperientzia positibo metatu zuen. Eta hala, hemen gaude. BEHERA BEGIRA Azken artzaina da urteko garai honetan mendian. Besteak jaitsi dira behera, bizilagun izan dituenak belardi hauetan. Mendian egoteak, bertan elikatzea esan nahi du. «Asko irabazi baino, gutxi gastatzea bilatzen dugu», ez zioten karreran erakutsi, baizik eta etxean. Esne produkzio altua bilatu baino, mendian denbora asko eta gustura egoten diren ardiak dituzte. Hala ulertzen zuten artzaintza bere gurasoek, eta berak ere hori maite du. Lehen elurtearen albistea zabaltzen denean, etxerako bidea hasiko dute, nahiz eta beraientzat Aralar ere baden etxea. Zazpi artzain omen daude mendiko gazta egiten inguruan. -Mendiko gazta? -Beste artegietan hasi dira arkumeak jaiotzen. Gure etxean urtarrilean hasiko dira, geroago arte esnea emateko, mendiko garaian jezten jarraitzeko. Otsailetik apirilera bitarte behean egingo dut gazta, “Haitz berri” gazta. Maiatzean eta ekainean “Doniturrieta” (txabolaren izena) mendiko gazta egingo dut hementxe, txabola honetan. Mahaitik altxatu eta alboko gelako atea ireki du. Gazta egiteko oinarrizko materiala du, eta ondoan, gaztak ontzeko ganbera. Orain hotz sistema jarriko omen diete, uda honetako beroek gaztak ere aztoratu ditu eta. Izan ere, txabola hauek Enirio-Aralar mankomunitatekoak dira. Gaztandegia, ekonomika, beheko sua, tertuliarako mahaia eta bi gelatxo. Mendiko gazta egiten dituen bi hilabeteetan ez da herrira jaisten, mendian bizitzen da: goizeko 05.00etan jaiki, ardiak bildu, artezkunean sartu... -Artezkunea? -Beste txabolentzat “eskorta”. Gure aitak “artezkunea”. Esnea jetzi eta gazta egiten du eguerdira bitarte. Deskantsu pixka bat eta berriro ardiak bildu, jetzi eta gaztak egin iluntzean. Hori da maiatzeko plana. Ekainean, berriz, egunean behin egingo ditu gaztak, sanferminetan ardiak antzutu arte. Sei hilabete igaro dituzte hemen. Eta orain behera doaz, menditik herrira. Fitxaturiko ardiei dunba handiak jarriko dizkie, «bidea markatuko dutenei». Soinu gozo batek bideak hartu eta ia erritu moduan negurako babestuko dira baserri inguruan. URTE BERRIA Egun batzuk lasaiagoak izango dira, urtarrila erdialdean lehen jaiotzekin hasteko. Ekografiak, errapeak nola dauden begiratzea... eta festa. «24 ordu ukuiluan, mundua gelditzen da niretzat. Gauetan bi orduan behin ukuilura joan behar izaten dut zaintzera. Ez da izaten arratsaldeko 17.00etan amaitu eta hurrengo egunera arte jai. Arkumea itotzeko arriskua izaten da postura txarrean badator», jada burua garai horretan du Amaiak. Emagin lana izaten da aldi horretan berea: jaiotza eta zaintza. Ez irudikatu zerbait erromantikoa bezala: odola, begi zuloak, heriotza… eta jaiotza asko. Urduritasuna eta ardien beeak. Gaitzetsa izatearen arriskua, amak umea ez onartzea. Biberoia. Baina, bai, satisfazioa ere bai, bizitza ospatzea. Txakurrekin artaldea gidatzen. (Josu OZAITA) Otsailean ardiak jetzi eta beheko gazta egitea. Eta apirilean, berriro burua Aralarren, etxean. «Niretzat bizia da. Niretzat bizitokia eta etxea da. Aralarrek asko eman dit, bera gabe ez nintzateke artzain izango», hausnarrean dabil. Prestaketak eta ilusio puntua. Ardiak ere zain egoten omen dira, eta nabaritzen zaie, «ez egin dudarik». Familiakoen laguntzaz igotzen da Amaia, ia festa moduan. Egun gogorrak etorriko dira berriro, baina baita bakea ere. «Niri mendia asko gustatzen zait, libre zaude», dio irribarre batekin. ARALAR JATEA Eta berriro gaztak egingo ditu, beretzat kuttunak diren mendiko gaztak. «Ardi berdinen esnea da, esku berberak, errezeta berbera... baina gazta desberdina, esnea desberdina delako», baieztatu du. Proteina gehiago du hango belarrak. «‘Jaten duguna gara’ dio esaerak, eta kasu honetan, nabaritzen da». Ardiek jaten dutena, 1.000 metrotik gorako belar hori, gaztan dastatzen omen du ondoren gizakiak. Eta gazten homogeneizazioa gertatu den garai hauetan, mendiko gaztak bestelako ezaugarri, zapore eta testurak ematen ditu. Eta gazta hori jatean, mendi bat jango duzu, gazte baten proiektua babestuko duzu, eta Euskal Herriko kulturaren zati bat dastatu. Eta Amaiari ilusioa egiten dio hori partekatzeak, jendea bere gazta jaten ikusteak. Aldatzen ari da Amaia. «Ikasten zoaz, heltzen», dio. «Zaplaztekoak ere jasotzen dira hasieran, baina ez naiz damutzen. Ezingo nuke bulegora itzuli», ziur esan du. Ez da artzain izatea soilik, ile apaintzaile, mediku, gaztagile, ekonomista, komertzial… denetik egin behar izaten du, eta penaz dio gizartearen eta lehen sektorearen artean arrakala sentitzen duela. «Batxilergoan ingeniariak etorri zitzaizkigun beraien lanaren inguruan hitz egitera, baina ez artzain edo baratzezainak. Zergatik?», eta galderak utzi ditu irakurleek erantzuteko. «Soldata osatzen da, lana fin eginda. Bizimodu bezala hartu behar da, ez lan bezala», jarraitu du. Asko ematen dio, gustatzen zaiolako. Eta gustatzea ezinbestekoa omen da. Eta orain behera jaitsiko da, gero berriro igotzeko. Eta laino artean ardi bila ibiliko… Batzuetan hotza barreneraino sartzen da, dar-dar egin arte. Behe laino artean bueltaka ibili; galduta sentitu. Baina bizitzaren zentzuaren bidea topatzen da halako batean. Artaldea izan edo ardiei jarraitu… badago aldea. «Nire aitak fabrika utzi eta artzain izatea erabaki zuen amarekin batera», dio Amaia Garmendia Sukia zaldibiarrak. Bide bera segitu dute anaiak eta berak «Otsailetik apirilera bitarte behean egingo dut gazta, ‘Haitz berri’ gazta. Maiatzean eta ekainean ‘Doniturrieta’ (txabolaren izena) mendiko gazta egingo dut hemen, txabolan»