INFO

Aste Nagusirako egitarau zabala prestatu dute Donostiako Piratek

‘Parte hartuz, donostiarron sareak josi!’ lelopean, Donostiako Piratek gaur aurkeztu dute abuztuaren 10ean abiatuko den Aste Nagusirako prestatu duten egitaraua. Kontzertu eta DJ eskaintza zabala izango da gauero. Nobedadeen artean, bigarren urtez egingo den abordaia txikia arranplara pasako dute aurten. Abordaia nagusia, berriz, abuztuaren 12an, astelehena, izango da.

Aste Nagusiko egitarau osoa aurkeztu dute Piratek. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Zuloaga plazan egingo den piraten lehorreratzearekin abiatuko dute Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusia. Hasiera indartsua iragarri dute. 1813ko donostiarrei omenaldian parte hartu ondoren, Ezkila eta Mattiri ongi etorria egingo diote kaian eta ondoren txupinazoa izango da La Flamenkan.

Gune hori izango da gauero kontzertu nagusiak hartuko dituena. Aste osorako eskaintza zabala eta anitza prestatu dute: 3gabe2, Willis Drummond, Blaka, Bad Sound System, Talko, Non Servium, Gose, Kasernarat, South Central, DJ Tin Tin, Juantxo Skalari Kluba, Besteikpe, Itziarren Semeak, Gora Herria, Tajon Prieto y los guajalotes, Sen eta We Are Standard taldeak ariatuko dira La Flamenkan. Bestalde, Nautikoan DJak izango dira gauero.

Piraten ekimen nagusia, abordaia, abuztuaren 12an egingo dute. Aurtengoan, Zero Zabor filosofiaren aldeko apustu sendoa egingo dute eta itsasoa kutsatu dezaketen bidoi eta antzekoak debekatu egingo dituzte. Egunean bertan urtetik urtera berrerabili daitezkeen poltsak jarriko dituzte eskuragarri kaian bertan. Iltzeak ere ezingo dira erabili. Parte hartzeko abordaia@gmail.com helbidera idatzi beharko da.

Abordaia handia 16 urtetik gorakoentzat izango da baina txikienek ere izango dute parte hartzeko aukera. Abuztuaren 15ean, ostegunean ospatuko da Abordatze txikia, aurten handiek bezala, arranplan egingo dute. Izena emateko, piratabihurri@gmail.com helbidean egin beharko da. 

Egunero afari girotua egingo da Trinitate plazan. Egitarau zabalaren baitan, azpimarratzekoak dira argazki rally herrikoia eta Urgullen egingo den erromeria (abuztuak 11), koadrilen eguna (abuztuak 16), Saguesen egingo den surf ikastaroa (abuztuak 17), eta jaiei amaiera emateko 2006az geroztik ospatzen duten Irrikitaldia.

Egitarau osoa eta ekintza ezberdinetan izena emateko informazio guztia Piraten webgunean dago eskuragarri.