INFO

Zabaletak eta Ezkurdiak, jo eta erremateaz, hirugarren puntua poltsikora (22-11)

Ezkurdiak eta Zabaletak sendotasunez irabazi diete Aimar Olaizola eta Beroizi. Bikote sakandarrak partida bikaina jokatu du eta nagusitasunez gailendu dira. Zabaleta pilotean nagusitu da, eta Ezkurdia fin aritu da errematean. Honekin, hirugarren puntua eskuratu dute.


22-11. Markagailuak argi erakusten du Iruñeko Labrit frontoian Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak erakutsi duten nagusitasuna. Gidoia ederki ikasita aurkeztu dira, eta praktikara are eta hobe eraman dute. Aimar eta beroiz, aldiz, euren joko puntu onenetik urruti, hirugarren jardunaldia eta gero, punturik gabe agertzen dira sailkapen nagusian.

Arbizuarrak eta Etxarrendarrak bazekiten zer egin behar zuten oholtza gainean. Zabaletak jo eta Ezkurdiak errematatu. Eta ederki egin dute. Zabaletak bizkarra erakutsi dio partida guztian zehar Beroizi, eta Ezkurdia inoiz ez da kikildu Olaizolaren aurrean errematatzeko. Zabaletaren pilotakadek pisu handia zekarten, eta honek Uharteko atzelariaren huts dexente ekarri ditu. Aimar Olaizolak ere ohikoak ez dituen hutsak izan ditu, erreztasunak emanez aurkariei.

Norgehiagokak amaiera ona eskatzen zuen, eta Zabaletaren esku geratu da, zeinek pilota errebotean jarri duen 22. tantoa egiteko.

Garaipena gaur urdinez aritu diren Ezkurdia eta Zabaletak egin duten lan bikainari esker iritsi da. Hiru jardunaldiren ostean ez dute porrota ezagutzen, eta maila honetan, txapelketan urrutira iristeko aukera argiak dituzte.