«Ipar Euskal Herrirako politika oso bat egin daiteke lehen aldiz»
Bihar Pirinio Atlantikoetako prefeta mahai gainean jartzera doan Ipar Euskal Herri mailako egitura instituzional bakarra aztertzen eta fintzen aritu den talde juridikoko kide da baionarra. Ondo ezagutzen ditu, beraz, datorren eztabaida politiko mardularen barrenak.
Frantses Estatua erreforma betean dago eta horrek nahitaez eragingo dio Euskal Herriari. Hiri Elkargo bakarra eratzeko negoziazioa badator. Euskarri, uztailean onartu zen Lurralde Antolaketa Berrirako (NOTRe frantsesez) legea.
Zein da NOTRe legearen filosofia, helburua?
Herri elkargoetan arreta jarriz, gaur egun dauden herri elkargoen kopurua murriztu nahi du. Eskumenen aldetik, herri elkargo integratuenak edo urbanoenak direnak indartu nahi ditu, eskumen gehiago eman horiei.
Hiru antolaketa eredu jartzen ditu mahai gainean legeak. Zein da aldea?
Oso konplexua da. Ideia bat egiteko: zenbat eta hiri eremu handiagoa hartu bere baitan, orduan eta integratuagoak dira egiturak. Hau da, orduan eta eskuduntza gehiago dute legez.
Hiri elkargoek, formarik integratuenek, badute, alabaina, pisu handi bat, badutelako Estatuarekin, Erregioarekin eta Departamentuarekin zuzenean negoziatzeko mekanismoa legez jasoa. Gainera, berariaz jasota ez dauden eskuduntzak eskatzerik badute. Ipar Euskal Herriaren kasuan, posible da formarik integratuenaren alde egitea.
Zein da prefeta mahai gainean jartzera doana? Herriarteko lankidetza erakunde publiko bat (HELEP) aipatzen da, baina ez da zehazten haren forma…
Generikoa da bai, zeren iaz prefetak proposatu zuen Ipar Euskal Herria bilduko lukeen egitura bakarra sortzea, baina aukerak zabalik utzi zituen, hirigune edo hirialde elkargo izan, edo polo egitura hartu. Jurista talde bat bildu ginen proposamena garatzeko eta hor hirialde elkargoaren egitura hobetsi dugu. Hori jarriko du prefetak mahai gainean. Noski, hautetsiek beste bideren bat hautatzen badute, hark ez du oztopatuko.
Argi da hirialde elkargoak eskuduntza gehiago dakartzala. Zein dira eragozpenak? Zentralizazio handiagoa dakar, Baionari pisu handiagoa ematea?
Ez, ez, estatusen arteko ezberdintasun bakarra eskuduntzak dira, eta, batez ere, lehentxeago aipatu dudan erakundeekin zuzenean negoziatzeko ahalmen hori. Gobernantzan, eredu desberdinek kudeaketa eredu bera dute, arazo berak dakartzate.
Jar gaitezen herritar xume baten lekuan. Hamar herri elkargo, hirialde bat. Zer aldatuko zaio egunerokotasunean?
Erreferente instituzional bat izatea. Horrek eguneroko bizian esan nahi du lehen aldikoz Ipar Euskal Herri mailako garapen politika bat planteatzen ahalko dela; hots, garraio aldetik, ekonomia aldetik, barnealdearen eta kostaldearen arteko elkartasun politiko, finantzazko, ekonomiko, kultural aldetik... politika koherente bat eramaten ahalko dela, lurraldea egituratu eta kohesionatu ahalko dela. Tresna ona da horretarako.
Duela gutxi eragile politikoen gehiengoa estatus bereziko lurralde kolektibitate bat galdegitearen alde jarri zen, Parisek onartu ez zuena. Botila horren zenbatekoa beteko luke hirialde elkargoak?
Hizkuntzan, laborantzan, mugaz gaindiko harremanetan… eskuduntzak Estatuarekin negoziatzeko aukera dagoenez, argazkia ez da finkatua. Garraioari, lurralde garapenari eta ekonomiari dagozkionetan erantzuten dio. Bestetik, badira eskumen berriak proposamen hartan jaso ez zirenak. Gauzak ez dira itxiak, ez da bloke monolitiko bat. Zaila da erantzutea.
Hirialde elkargoen ordezkariak sufragio unibertsal bidez zuzenean hautatzeko aukera bertan behera geratu zen.…
Azken uneko aldaketa izan zen. Asanblea Nazionalak onartu zuen bertsioan jasota zegoen ordezkapen sistema hori. Egia da Ipar Euskal Herri mailan horrek ondorio kaltegarriak izan dituela, konplikatzen dituelako gero gauzak erakundearen funtzionamenduan.
Hori aldatzerik?
Horretarako hauteskunde-lege berri bat egin beharko litzateke eta bi ganberek, Asanbleak eta Senatuak, onartu. Hori da Colette Capdeviellek diputatuak aipatu duen asmoa. Ekimen parlamentario bat sustatu du. Asanblea Nazionalean lantalde bat sortu da. Orain dira lanean hastekoak. Nire ustez, ez du aukera handirik aurrera egiteko. Berehalakoan behintzat ez du fruiturik emango.