INFO

Urrutikoetxea finalerako sailkatu da partida bikaina jokatu ostean

Mikel Urrutikoetxea da Lau eta Erdiko txapelketako lehen finalista, partida bikain baten ostean, Oinatz Bengoetxeari 22-18 irabazi ostean. Buruz buruko txapela leitzakoaren lesioari esker lortu bazuen, gaur onenen artean dagoela berretsi du zaratamokoak, kaiolan ere bikain moldatzen dela frogatuz.

Mikel Urrutikoetxea bikain aritu da errematean (Jagoba MANTEROLA ARGAZKI PRESS)

Aurrerapauso nabarmena eman du bizkaitarrak bere jokoan azken hilabeteetan, konfiantzaz beteta, aireko jokoari beldurra kendu dio eta oso partida hasiera bikaina osatu du, beti bezala, oldarkor irten den Oinatz Bengoetxea on baten aurka. Errestoan biak aritu dira bikain eta sekulako erritmoan jokatu da partidaren lehen zatia, orotara 10 berdinketa egon direlarik.

11-12koa izan da leitzarraren azken abantaila markagailuan. Nekeak bizkaitarrari gehiago erasango ziola zirudienean, ia 200 pilotakada jota zituzten ordurako, Urrutikoetxeak gora egin du buelta baten ostean. Pilotak ere gastatuz joan dira, Oinatz Bengoetxeari kosta egin zaio txokoan moztea eta, bere garaierarekin, erosoago aritu da Buruz Buruko txapelduna, pixkanaka alde txikiak pilatzen joan delarik 15-12 eta 19-14. Orkatilan mina hartuagatik, nafarrak berriz ere egin du gora bere jokoan, 19-18, baina bizkaitarra gehiago izan da eta 22-18 gailendu da.

Aimarrek jokatuko du

Bihar jakingo da Urrutikoetxeak nor izango duen arerio hilaren 29an jokatuko den finalean. Azken egunetako eskuko minak arinduta, atzoko frogaren ostean jokatuko duela esan dio Aimar Olaizolak bere enpresari eta Goizuetakoa Martinez de Irujo egungo txapeldunaren aurka arituko da Bizkaia pilotalekuan