Victorrek Ezkurdia-Barriolaren etorkizuna zaildu du
Pablo Berasaluzeren ordez aritu den Victorrek eta Beroizek asko zaildu dute Ezkurdia-Barriolaren txapelketako etorkizuna, Labriten jokatutako partidan 18-22 irabazita.
Aurreko astean garaipen ikusgarria lortu zuen Aspeko bikoteak Olaizola II-Urrutikoetxearen aurka, baina gaur hasiera- hasieratik errioxarraren menpe izan dira.
Urakana bezala irten da errioxarra, partidari erritmoa sartuz, zuloak irekiz eta gantxoz min handia eginez. Berehala hartu dute aldea markagailuan Asegarcekoek eta gainera, partida erditik aurrera Abel Barriolari pilota bat sartu zaio eskuinean eta nahiko justu aritu, aurrean pilota asko utziz Victorri.
Partida galduta zutenean baino ez da ausartu Joseba Ezkurdia aurrera pauso bat ematen eta egin duenean hobeto aritu dira gorriak, baina markagailua txukuntzeko baino ez die balio izan. Gainera, 18-21 zirela, sakez falta egin du Arbizukoak.