Aldageletara sartzea mugatuko diete pilotariei
Ezkurdia /Merino II.a partidak emango dio hasiera ostiral honetan Buruz Buruko Txapelketari Iruñean, Mikel Urrutikoetxeak txapela defendatuko duen lehiaketan.
«Pilotariek, edozein arazoren aurrean, aldageletara joateko duten ohitura nolabait eteteko», Buruz Buruko Txapelketan ariko diren 16 pilotariek ezin izango dute, medikuaren baimenik gabe, aldageletara sartu. Horixe da Bilbon aurkeztu berri den aurtengo ekitaldiak izango duen berrikuntza nagusia. Edozein arazoren aurrean, pilotariak atseden lekura joan beharko du eta medikuak horretarako baimena ematen badio bakarrik izango du aldageletara sartzeko aukera.
Horren inguruan ezarri den araudi korapilatsua betetzen ez duen pilotariari epaileek tantu bat kentzeko eskumena izango dute.
Printzipioz, gaur bertan medikuarenera joan den Juan Martinez de Irujo txapelketan izango da eta maiatzaren 1ean hasi beharko luke, Eibarren.
Egindako zozketaren ostean, honela gertauko da lehiaketa. Finala maiatzaren 29an jokatuko da, oraindik erabakitzeke dagoen pilotaleku batean.
A adarra: Ezkurdia / Merino II (Iruñea, ostirala); irabazlea / Retegi Bi; irabazlea / Urrutikoetxea (Bilbo, apirilak 30)
B adarra: Victor / Elezkano (Logroño, larunbata); irabazlea / Altuna; irabazlea / Mtz. Irujo (Eibar, maiatzak 1)
C adarra: Artola / Untoria (Donostia, larunbata); irabazlea / Rezusta; irabazlea / Bengoetxea VI (Donostia, apirilak 29)
D adarra: Irribarria / Arretxe II (Eibar, igandea); irabazlea / Jaunarena; irabazlea / Olaizola (Bilbo, apirilak 30)