Nagusitasunez lortu dute lehen puntua Bengoetxeak eta Larunbek (22-13)
Atzelari bizkaitarra izan da lehiako pilotaririk onena, uneoro Beroiz dominatuz eta bere aurrelariari konfiantza handia emanaz.
Lehen jardunaldian itxura ona eman ostean, Lekeition eskuratu dute Binakako lehen puntua Bengoetxea VI.a-Larunbek, jokatutako bi partidak galdu dituzten Urrutikoetxea-Beroizi 22-13 irabazita.
Bikote bezala, gorriek askoz gehiago batu dute, batez ere, atzeko koadroetan Mikel Larunbek egindako lan bikainari esker. Txapelketan berria izangatik, beterano batek bezala jokatu du galdakoztarrak eta abantailak eman dizkio uneoro bere lanean txukun aritu den Oinatz Bengoetxeari.
Hasiera hasieratik hartu dute katedrarentzat faborito agertzen zirenek markagailuaren agintea (6-1) eta garaipen garrantzitsua lortu dute. Urdinen artean, Mikel Urrutikoetxea saiatu da bikotearen ardura hartzen, eta jokatzeko zegoen, baina beti atzetik aritu behar izan du eta huts batzuk ere batu ditu. Mikel Beroiz aurreko astean baino sendoago hasi da, baina azkenerako lanak pilatu zaizkio eta partida luze egin zaio.