INFO

Eneko Fernandez gailendu da Agoitzeko saioan eta osatuta geratu da finalisten zerrenda

Apirilaren 8an Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finalean izango dira Fernandez bera, Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes «Itturri», Xabier Terreros eta Julen Zelaieta.


Agoitzeko Kultur Etxean jokatu zen atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. 220 bertsozale bildu ziren bertan, saioa bertatik bertara ikusteko. Oholtza gainean, sei bertsolari, finalerako postu baten bila: Joanes Illarregi, Aimar Karrika, Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Oier Lakuntza eta Eneko Fernandez. Agoitzeko San Miguel ikastetxeko ikasleen agurrak eman zion hasiera saioari. Fernando Anbustegi aritu zen gai jartzaile lanetan.

Saio puntuagarrien ostean, Eneko Fernandezek eskuratu zuen puntu gehien, 394. Lehia horrela amaitu zen: Aimar Karrika (384,5), Julen Zelaieta (380,5), Oier Lakuntza (361), Joanes Illarregi (350) eta Patxi Castillo (339).

Gauzak horrela, erabakita geratu zen atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean ariko diren zortzi bertsolarien zerrenda. Finalaurreko bakoitzeko irabazleari, sailkapenaren araberako hurrengo bost bertsolariak gehitu zaizkio. Hala, Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta izango dira Anaitasunako oholtzan izango diren bertsolariak.

Horrela geratu da finalaurrekoetako faseko azken sailkapena: Julio Soto (422,5), Xabi Maia (392), Eneko Fernandez (394), Eneko Lazkoz (401,5), Aimar Karrika (384,5), Ander Fuentes Itturri (383,5), Xabier Terreros (381,5), Julen Zelaieta (380,5), Kotte Plaza (377,5), Saioa Alkaiza (373), Iker Gorosterrazu (370), Iñigo Olaetxea (367), Josu Sanjurjo (364,5), Oier Lakuntza (361), Alazne Untxalo (358), Joanes Illarregi (350), Patxi Castillo (339) eta Mikel Lasarte (337,5).

Sarrerak

Finala apirilaren 8an jokatuko da Iruñeko Anaitasuna kiroldegian arratsaldeko 17.00etatik aurrera. Sarrerak salgai daude “Bertsosarrerak.eus” atarian, baita ondorengo salmenta puntuetan ere: Karrikiri denda (Iruñea), Fantxike denda (Elizondo), Okindegia (Lesaka), Maimur liburu-denda (Leitza), Xapatero taberna (Etxarri Aranatz) eta Kaxetas taberna (Lizarra). Ondorengo egunetan finalari buruzko xehetasun eta informazio gehiago emango duela iragarri du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bitartean, txapelketako informazio eguneratua eskuragarri dago “Bertsozale.eus” atarian.