Dagoeneko 10.000 sarrera saldu ditu Berri Txarrak-ek Kobetamendiko kontzerturako
Dagoeneko 10.000 dira Berri Txarrak taldeak uztailaren 14an Kobetamendin eskainiko duen kontzerturako saldu dituen sarrerak. Gehiago geratzen dira. Bihartik aurrera 35 euroko salneurria izango dute.
Berri Txarrak taldeak kontzertu masiboa iragarri zuen duela aste batzuk bere agurreko prentsaurrekoa egin zuenean. Esan eta egin. Igandean jakinarazi zuen hitzordua uztailaren 14an izango dela Kobetamendin.
Dagoeneko 10.000 sarrera baino gehiago saldu direla iragarri dute. Eta oraindik gehiago geratzen dira. Baina biharko (asteartea) 12:00etik aurrera 35 euroko prezioa izango dutela adierazi dute.
Euskal Herritik eta gure mugetatik kanpo autobusak antolatu dira Kobetamendira bertaratzeko. Batzuk aipatzearren: Altsasu, Arrasate, Azpeitia, Baiona, Beasain, Burgos, Castro Urdiales, Donostia, Durango, Elizondo, Eibar, Errenteria, Gasteiz, Gernika, Hendaia, Irun, Iruñea, Laredo, Lekunberri, Lizarra, Logroño, Miranda de Ebro, Santander, Tafalla, Tolosa, Tutera, Zaragoza eta Zarauztik autobusak irtengo dira Bilborantz.
Kobetamendira igotzeko oinez bertaratzea gomendatu du antolakuntzak. Bigarren aukera, antolatzaileek jarriko duten autobus zerbitzua erabiltzea izango da.