Elkarbizitzan aurrera egiten jarraitzeko neurriak eskatu dizkie Foro Sozialak alderdiei
Foro Sozial Iraunkorrak eskutitz bana igorri die Hego Euskal Herriko alderdi politikoei. Hauteskunde programetan elkarbizitzan aurrerapausoak ematen jarraitzeko neurriak sartzea proposatu die.
Elkarbizitza demokratikoa eraikitzea denon helburua izanik, hauteskunde programetan konpondu beharreko hiru ildo jaso behar direla uste du Foro Sozialak. Lehena: «Indarkeria adierazpen desberdinetako biktima guztien egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea. Eta oraindik aitortu gabeko biktimen kasuan, zauriak sendatu eta erreparatzeko tresna gisa, egia ezagutzaren norabidean aurrera urratsak ematearen beharra».
Bigarrena: «Preso, ihesean eta deportazioan dauden pertsonei dagokienez, irtenbide bat bilatzearen beharra, gaur egungo salbuespen egoera gaindituz, bi premisen gainean eraikitakoa: legalitatea eta egindako minaren aitortza».
Eta hirugarrena: «Memoria kritiko eta bateratzailearen norabidean aurrera egitea, pairatutako ezer ahaztu gabe, giza eskubideen errespetuan eta bakean oinarritutako kultura bat eraikitzea ahalbidetze aldera».
Aurrean ditugun hainbat hauteskundetarako aurkeztu behar dituzten programetan hiru ildo hauek jasotzea proposatu die Foro Sozialak alderdi politikoei, «beraiek nahi duten eran, eta komeni zaizkien ñabardura eta edukiak txertatuz».
Desadostasun baino adostasun gehiago
Ekimen honen bidez, Foro Sozial Iraunkorrak alderdi politikoen artean dauden adostasunak jendartearen aurrean nabarmentzea nahi du, etorkizunean eman beharreko pausoak sendotze aldera. Nahiz eta desadostasunek adostasunek baino oihartzun handiagoa izan, egindako lanaren ondorioz, ongi daki «gaur egun adostasunak gailentzen direla desadostasunen gainetik».
Hona bidalitako eskutitz zerrenda: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE, PP, Recortes Cero-Grupo Verde, PACMA, Ciudadanos, Vox, PCTE, Partido de Acción Solidaria Europea, Familia y Vida, PUM+J y Escaños en Blanco. Nafarroan, Geroa Bai, Navarra Suma, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSN, Izquierda-Ezkerra, PACMA, Asanblada Social y Política, PUM+J, Recortes Cero-Grupo Verde eta Vox.