Materialen eraldaketan mundu mailan erreferentzia den kongresua, Gasteizen
Esaform Kongresuak 34 herrialdetako adituen 250 zientzia-lan bilduko ditu Gasteizen bihartik ostiralera bitartean. Funtsezkoa da Euskal Herriarentzat, eragin zuzena baitu euskal enpresen jarduera osoaren %35 hartzen duten manufaktura-industrietan.
Esaform Kongresuak 34 herrialdetako adituen 250 zientzia-lan bilduko ditu Gasteizen bihartik ostiralera bitartean. Funtsezkoa da Euskal Herriarentzat, eragin zuzena baitu euskal enpresen jarduera osoaren %35 hartzen duten manufaktura-industrietan. Hala adierazi du Fagor Arrasateren babesarekin ekitaldia antolatu duen Mondragon Unibertsitateak.
Agertu duenez, aurkeztuko diren berrikuntzek eragin zuzena izango dute aeronautika sektorean, automobilgintzan, makina-erremintan eta burdingintzan, esaterako. «Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa erreferentzia da sektorean eta hori funtsezkoa izan da kongresua antolatzeko. Eskolak esparru horretako 15 tesi eta ikerketa talde bikain ditu».
Nazioarteko Biltzarrak 22. edizioa izango du aurten, eta, zientziari eta teknologiari lotutako informazioaren baitan, materialak eraldatzeko prozesuetan mundu osoan izan diren azken ikerketen eta lorpenen berri eman nahi du, industria nahiz irakaskuntza alorreko mundu osoko aditurik handienen eskutik. Hitzordua Gasteizko Europa jauregian izango da.
250 zientzia-lan baino gehiago eta 34 herrialdetatik etorritako 300 lagun batuko dira.
Autoen pisua arintzea lortu da
Zehazki, hiru egunetan era guztietako materialen fabrikazioan (metalak, polimeroak, zeramikak eta konpositeak), prozesuetan (eraldaketa-prozesu tradizionalak eta berriak), eskaletan (nano, mikro, makro eta meso) eta ikuspegietan (modelatzea, simulazioa, esperimentuak…) izan diren azken aurrerapenak eta lorpenak aztertu eta horien inguruan hitz egingo dute.
Automobilgintza sektorean ibilgailuak arintzeko gero eta behar handiagoa dago. Alde batetik, motor tradizionalek emisioak gutxitu behar dituztelako eta, bestetik, auto elektrikoek baterien pisua konpentsatu beharra dutelako. Horrek, nahitaez, material eta prozesu berriak garatzea ekarri du. Material gogorragoak eta horiek eraldatzeko fabrikazio-prozesuak garatuz, autoen pisua eta bereziki txasisarena arintzea lortu da azken urteetan.
Andoitz Aranburu Fagor Arrasateko Automobil saileko Berrikuntza arduradunak hitzaldia emango du horri buruz. Automobilen industriak zer material berriren alde egiten duen azalduko du; hala nola, altzairu desberdinez, aluminioez eta konpositeez ariko da. 62 urteko esperientziarekin, mundu mailako liderretako bat da Fagor Arrasate sektorean.