INFO

Bera Berak mendean hartu du Liberbank Gijon eta Zuazok punturik batu gabe jarraitzen du

Super Amara Bera Berak hirugarren garaipena eskuratu du igande honetan Liberbank Gijon 31-21 garaitu ostean. Lidertzan daude donostiarrak, Rocasarekin batera. Zubileta Evolution Zuazok, aldiz, punturik batu gabe jarraitzen du Granollersen hirugarren porrota jaso ondotik (36-32). 

Arrojeriak, irudian Fariaren presiopean, lau gol egin ditu.(Jon URBE / FOKU)

Tentsio handiko uneak bizi izan dira igande eguerdian Bidebieta kiroldegian. Bera Berak Liberbank Gijonen bisita hartzen zuen, bi taldeak sailkapenean berdinduta zeudela, eta asturiarrek gogotik estutu dute talde donostiarra. Hala ere, Bera Bera beti aurretik egon da markagailuan. 

Lau goleko aldea ere eskuratu du lehenengo zatian, Diego Lafuenteren builen artean. Hutsartea eskatzera ere behartu du eta bertan argi adierazi du «hurrengo erasoan gol egin eta neurketan bete-betean sartu nahi» zuela. Paliciok gola egin eta esandakoa lortu dute asturiarrek. «Imanol, sufra ezazu» hitzak ere entzun dira kanpokoen aulkian. 

Imanol Alvarezek jokalari guztiak zituen erabiltzeko moduan −Renata Arruda izan ezik− eta neurketa guztian maila altua mantentzea ahalbidetu dio. Castellanosen geldituak giltzarri izan dira lehenengo zatian bi goleko aldea bada ere mantentzeko. Azken minutuan Gavilanek gol egin eta 15-13 jarri du markagailuan eta hurrengo erasoan huts egin dute etxekoek. Castellanosen geldituak bigarren zatia lasaitasun puntu batekin hastea baimendu dio Imanol Alvarezen taldeari. 

Atsedenalditik bueltan defentsako lan itzelak eta Castellanosen inspirazioak zalantzati utzi ditu asturiarrak. Hamaika minutu egon dira golik egin gabe −tartean 7 metroetako bi jaurtiketa ere izan dituzte golarekin berraurkitzeko− eta Bera Berak 7-0eko partziala lortu du, 41. minutuan Cachedak Liberbank Gijonen 14. gola egin duen arte. 

Ez du gehiegirik sufritu etxeko taldeak. Behin bederatzi goleko aldea lortuta zaila da Bera Bera neurketatik ateratzea. Castellanosek jaurtiketen ia erdia gelditu du −%48ko portzentaia zuen 45. minutua pasa denean, guztira hemeretzi merituzko gelditu egin ditu−, Cesareo eta Etxeberriaren defentsako lana nabarmentzekoa izan da eta erasoan, jokatu duten jokalari guztiek egin dute gola. 

Horrela laburbiltzen da Bera Beraren nagusitasuna. Neurketa askoko hilabetean buru belarri daude jada donostiarrak. Asteazkenean Porriñon jokatuko dute laugarren jardunaldia eta larunbatean Errumaniara bidaiatuko dute EHF Cup txapelketako bigarren kanporaketa jokatzera. 

Zuazo, punturik gabe

Ordu berean, Zubileta Evolution Zuazok Granollersen aurka jokatu du Katalunian eta bizkaitarrak punturik ezin batuta jarraitzen dute. 36-32 galdu dute, atsedenaldira 16 goleko berdinketarik heldu ostean. Bukaerako zatian zerbait estutu dute etxeko taldea (30-27) baina segituan erreakzionatu du KH7 Granollersek. Giulia Guarieirok −Bera Berako jokalari ohiak− 13 gol egin ditu. 

Hiru porrotekin, Joseba Rodriguezen taldea sailkapenaren behe aldean aurkitzen da. Helvetia Alcobendasek ere zero puntu ditu.