Martxoaren 13tik 22ra ospatuko dira Deustuko jaiak
Martxoaren 13tik 22ra ospatuko dira Deustuko jaiak, eta martxoaren 19ko jai eguna baliatuz, ekintza gehiago antolatu dira aurten ere. Bi gune nagusi izango ditu: Done Petri Plaza, eta Deustuko parkea. Sua, Sutan, Aldats, Akatz, Bad Sound, Egurra Ta Kitto, Amooma, Garilak 26 eta Havana 537 taldeek joko dute, besteak beste.
Martxoaren 13an, ostirala, hasiko dira Deustuko Jaiak 20.00etako pregoia eta txupinarekin. Ondoren konpartsen eta kuadrillen jaitsiera egingo da txosnetara, eta bertan luntx herrikoia egongo da. 22.00etatik aurrera, Sutan eta Sua taldeak igoko dira oholtzara lehenengo gaua girotzeko.
Larunbatean, martxoak 14, lehenengo txapelketa gastronomikoa izango da Done Petri plazan. Arroza izango da txapelketa honetan ezin faltako den osagaia. Izen ematea 12.00etan izango da, eta plateren aurkezpena eta sari banaketa 15.00retan. Horretaz gain, goizean umeentzako jolasak, artisautza azoka eta Euskal Dantza ekitzaldia izango dira, besteak beste. 16.30ean, Front Off musika jaialdia egongo da, Deustuko musika taldeen eskutik. Jarel Babel eta Zoroen Kluba taldeek Gazte Lokalean joko dute 21.00etatik aurrera, eta Aldats erromeria taldeak, berriz, Done Petri Plazan.
Euskal Ezkontza
Igandea, martxoak 15, 10.00etan Done Petri plazatik abiatuko den Mendi Martxarekin hasiko da eguna. 12.00etan Euskal Ezkontza izango da Done Petri plazan Mikeldi Dantza Taldearen eskutik. Ondoren, 14.30ean ‘makarronada’ egongo da Deustuko kuadrillen eskutik.
Asteartean, martxoak 15, urteroko bertso saioa egongo da 20.00etan Oihana Iguaran, Andoni Egaña, Etxahun Lekue, Sustrai Colina eta Maite Sarasolaren eskutik eta Arkaitz Estiballes izango da gai jartzailea.
Matxingorri gazte konpartsaren urteurrena
Asteazkenean, martxoak 19, DJ Xaiborrek umeentzako diskofesta eskainiko du txosnagunean 18.30ean. Arratsaldean zehar kuadrillek hainbat ekimen prestatu dituzte Deustuko kaleak girotzeko. Bestalde, Matxingorri gazte konpartsak bere 25. urteurrena ospatuko du eta Akatz eta Bad Sound taldeek joko dute.
Ostegunean, 13.00etan Deustuko emakumeen aurreskua egongo da Done Petri plazan, eta indarrak berreskuratzeko Bildots jana herrikoia egongo da 15.00retan. Bazkalostean pilotaren unea helduko da. Alde batetik, Deustuko pilota txapelketaren final handia izango da, eta bestetik emakumeen arteko partida profesionala.
Martxoaren 20an, ostirala, plan ezberdinak egongo dira: 19.00etan bertsio gaua egongo da Gazte Lokalean; 20.00etan Kantujira Deustuko kaleetatik; eta 20.00etan ere elektrotxaranga Zaratak 18 taldearen eskutik. Gauean Amooma eta Egurra Ta Kitto taldeek joko dute.
Larunbatean, martxoak 21, erraldoien topaketa egongo da Deustuko kaleetan zehar 11.30etatik aurrera. Eguerdian, txapelketa gastronomikoaren bigarren parada izango da, honetan tomatea izanik osagai nagusia. 20.00etan Deustuko kuadrillen eta konpartsen playback lehiaketa egongo da, eta eguna bukatzeko, Urrats taldeak kontzertua eskainiko du. 22.00etan Garilak 26 taldeak joko du Done Petri plazan.
Igandean, martxoak 22, Bihotz Alai Dantza Taldeak euskal dantzak eskainiko ditu Done Petri Plazan 12.00etan. Ondoren tortilla txapelketa egongo da, eta jaiei bukaera emateko, Tomatearen erreketa eta hileta ospatuko da 17.30ean. Azkenik Havana 537ren kontzertua egongo da.
Larunbatetan eta igandetan diana eta txupina egongo dira Deustuko gaiteroekin 11.00etan. Guzti honekin batera, egun gehienetan hainbat kontzertu egongo dira Deustuko taberna askotan.