Atxiloketen ondoren, ardura politikoak badaudela gogoratu du Zaldibar Argituk
Verter Recycling enpresako arduradunen atxiloketa begi onez ikusten badu ere, oraindik ere Zaldibarko zabortegiaren aferan ardura politikoei erantzun behar zaiela nabarmendu du Zaldibar Argitu plataformako eledun Jokin Bergarak NAIZ Irratian egion dioten elkarrizketan.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
Asteartean Verter Recycling enpresako arduradunak atxilotu izena begi onez ikusten du Zaldibar Argitu plataformako eledun Jokin Bergarak NAIZ Irratian egin dioten elkarrizketan adierazi duenez. «Zerbait mugitzen ari delaren seinale da», esan du.
Halere, mugimendu hori berandu heldu dela nabarmendu du, sei hilabete pasa baitira Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagerrarazi zituen lubizia jazo zenetik.
Dena den, atxiloketa hauek ez direla nahiko azpimarratu Bergarak. Izan ere, ardurak enpresa pribatuan mugatzeko estrategiaren aurrean, ardura publikoak ere badaudela gogoratu du.
Gauzak horrela, Verter Recyclingen jardurearen kontrol eta isun falta eta amiantoaren arauz kanpoko pilaketak egon direla esan du. «Eta hori Jaurlaritzaren eta Ingurumen sailaren ardura da», adierazi du.
2000. urtean Josu Jon Imazek sustatutako legea bertan behera lagatzea eskatu du Zaldibar Argitu plataformak, non zabortegi pribatuei pasatzen zaien «langileen segurtasunaren ardura». «Erakunde publikoak izan behar dira une oro langileen eta herritarren bizitzen segurtasuna babestu eta bermatu behar dutenak», gaineratu dute.
Iñaki Arriolaren papera
Horregatik, alor publikoaren ardurak argitzeko pausuak eman behar direla esan du Bergarak. «Iñaki Arriola ezin da izan orain negoziatzen ari diren Jaurlaritza berriko kide. Ez du horretarako zilegitasunik», ondorioztatu du.
«Gertatutakoa ez da patuaren edo desastre natural baten ondorioa, Urkulluk esan zuen bezala. Ardurak badaude. Verter ez da arduradun bakarra. Hori kudeatzen zuen sare klientelar guztia dugu, eta hori badago Arriola», esan du Bergarak.
Epailearen erabakia aringarria bada ere, «aringarriena Joaquin eta Alberto topatzea izango litzateke», Bergararen arabera.
Honekin batera, Durangoko epaitegian zabalik dagoen kausan akusazio partikular bezala aurkezteko asmoa dutela gaineratu zuen.
Atxilotuak, ertzainetxean
Bitartean, atxiloturiko Verter Recycling enpresako arduradunak Ertzaintzaren komisaldegian jarraitzen dute, Lakuako Gobernuko Segurtasun sailak adierazi zuenez.
Ertzaintzaren ikerketak aurrera doazela gaineratu dute, eta datozen orduotan komisaldegian deklaratuko dutela erantsi dute. Gauzak horrela, litekeena Durango epaitegira ostegunean eramatea da.