INFO

Baxoko azterketa euskaraz egitearen «izaera politikoa» nabarmendu dute zuzentzaileek

Ekainaren 17an baxoa euskaraz egin zuten Bernat Etxepareko ikasle gehienei filosofiako azterketa suspenditu diete. Zuzentzaileek ikasleen ekintzak «izaera politikoa eta aldarrikatzailea» duela gaitzetsi dute, baina izan da salbuespen bat, euskaraz zuzendua eta gainditua.

Bernat Etxepare lizeoko ikasleak, Baionako Suprefeturan euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen.(Guillaume FAUVEAU)

Baxoko Filosofiako azterketa euskaraz egin zuten Baionako Bernat Etxepare lizeoko 40 ikaslek pasa den ekainaren 17an. Ikasle bakoitzak «euskaraz ikasteko nahia» azaldu zuen frantsesez azterketaren lehen atalean, baina gainontzeko ataletan euskaraz erantzun zuten. Desobedientzia ekintza egin aitzin egin zuten prentsaurrekoan azterketak ez gainditzeko arriskuaz ohartarazi zuten ikasleek, eta horrela izan da, nahiz eta gutxienez salbuespen bat ere izan den.

Zuzentzaileek ia azterketa guztiak suspenditu dituzte eta haien oharretan euskararen aldarriak duen «izaera politikoa» gaitzetsi dute. Ordea, izan da azterketa zuzendu dioten ikasle bat eta proba gainditzea lortu du, 20tik 12 punturekin. Ez dago jakiterik zuzentzailea euskalduna zen edo azterketa zuzentzeko nola egin duen, baina kontua da gutxienez ikasleetako batek euskaraz egin arren proba gainditu ahal izan duela.

Euskarazko azterketa zuzendu duen irakasleak honako oharra egin du: «Proposamen koherentea. Arrazonamendu eraikia, egindako baieztapenak justifikatuak dira eta gaiari erantzuten diote»

Uztailaren 26an, astelehenarekin, jaso zituzten emaitzak lizeoko ikasleek eta filosofiako azterketa gehienek ez zutela gainditu jakin zuten, euskaraz idatzitakoa ez baitzieten zuzendu. Azterketa euskaraz egin zutenen artean, gehienez 20 puntu jaso daitekeen azterketan emaitza hoberena 6 puntukoa izan zen. Horrez gain, emaitzak esku artean, zuzentzaileek egindako oharretan euskaraz erantzuteak duen «izaera politikoa» gaitzesten duela ikus daiteke.

Ikasleek Kazeta.eus hedabideari helarazi dizkieten kopietan irakur daitekeenez zuzentzaileek emaitzen orriaren azpialdean oharrak idatzi dituzte. Ohar guztiak ez dira berdinak, baina guztiek antzeko kexa agertzen dute, ekintzaren «izaera politikoa eta aldarrikatzailea» gaitzesten dute.

«Euskaraz egindako kopia, argi eta garbi arrazoi militanteengatik. Oinarrizko arauak ez dira errespetatuak eta kopia ezin da balioetsi bere edukian, justu zigortua azterketa nazional baten ikuspuntutik» dio ikasle baten emaitzetan idatzi oharrak.

Beste batean gisa bereko aipamenak egiten dituzte zuzentzaileek: «Kopia euskaraz idatzia da. Soilik sarrera idatzia da frantsesez. Sarrera honek eta aldarrikapen batek ez diete erantzuten idazlanaren eskakizun metodologikoei (gaiaren analisirik eza)».

«Nota sarrerari dagokio, soilik hau frantsesez izan delako idatzia. Garapena euskaraz dago. Nozioen analisiek zorroztasun eskasa dute. Sarreraren bukaera aldarrikapen bat da», dio hirugarren ikasle bati helarazi dioten emaitzen kopiak.

Zuzentzaileetako batek azterketako erantzuna frantsesera itzultzeko eskaera egin zuela iradokitzen duen ohar bat ere badago. «Eskaturiko itzulpena jaso gabe, nik ezin dut 5/20 gainetik igo», nabarmentzen du ikasleari 5 puntu eman zizkion zuzentzailearen oharrak.

Filosofiako azterketa euskaraz egiteko urratsa iragarri zutenean azterketak zuzenduak ez izateko arriskua beren gain hartu zuten Bernat Etxepareko ikasleek, baina filosofiako azterketa suspenditu arren baxoa bere osotasunean gainditua dute ikasle guztiek.