INFO

Erakundeek eta eragileek Lanbide Heziketako plan berria adostu dute, 513 milioi eurokoa

«Eraldatze azkarreko testuinguru» honetan, ‘Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana’-ren erronka nagusia pertsonak prestatzea izango dela ziurtatu du Lakuak.

‘Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana’ onartzeko Gasteizen egin den bilera. (IREKIA)

Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak (LHEK) astelehen honetan onartu du ‘Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana’. Dokumentu horrek Lakuako Hezkuntza Sailak hurrengo urteetan Lanbide Heziketaren esparruan garatuko dituen politikak zehaztuko ditu, eta 513 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du datozen hiru urteetarako.

Astelehen honetan Gasteizen egin den bileran, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu duen plan berriaren helburua dela «giza garapen iraunkor eta inklusiborantz aurrera egitea», teknologia digital eta adimentsuagoa duen ekoizpen-ingurune berri baten ondoriozko erronkei erantzungo dieten ikaskuntza-eredu aurreratuak txertatuz eta «Lanbide Heziketa eraldaketa- eta berrikuntza-eragile gisa finkatuz».

Plan honen bidez, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren eraldaketa berri bat bultzatu nahi da, Laugarren Industria Iraultzaren aurrerapenak eta garapenak dakartzaten erronkei erantzun ahal izateko.

Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua erakunde arteko erakundea da, eta bertan Lakuako hainbat sail daude ordezkatuta (Hezkuntza, Lana eta Enplegua; Garapen Ekonomikoa, Jasangarritasuna eta Ingurumena), baita foru-aldundiak, enpresa- eta sindikatu-erakundeen ordezkariak eta ikastetxe publiko eta pribatuetako ordezkariak ere.

Lanbide Heziketako VI. Euskal Planak 513 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du datozen hiru urteetarako.

Erronkak eta helburuak

Trantsizio hirukoitzaren inguruan hitz egiten du planak: trantsizio teknologiko-digitala, trantsizio energetiko-klimatikoa eta trantsizio soziosanitarioa. Xede nagusia da, hortaz, Lanbide Heziketako ikasleak trantsizio hauei erantzuteko gai izan daitezen prestatzea. Bildarratzek nabarmendu du «eraldatze azkarreko testuinguru» honetan erronka ugari dituela Lanbide Heziketak.

«Datozen 20 urteetan, aldaketa disruptiboen lekuko izango gara, orain arte ezagutu dugunarekin zerikusirik izango ez duen mundua eratuko baitute. Disrupzioa, konplexutasuna eta ziurgabetasuna lagun izango ditugu», adierazi du.

Sailburuaren hitzetan, erronka honen aurrean, «ezagutza, sormena eta talentua pertsonengan daude, eta hauek izango dira maila guztietan beharrezkoak diren aldaketak gidatuko dituztenak». «Dagoeneko ez da nahikoa gaitasun-maila ona eskuratzea –nabarmendu du sailburuak–. Konpetentzia profesionala talentu pertsonal eta profesional bihurtzea eskatuko du».

Horregatik, EAEko Lanbide Heziketak pertsonak prestatzeko eta horiei laguntzeko erronka jarraituko duela agertu du: «Hori izango da, beraz, Lanbide Heziketako VI. Euskal Planaren jarduera-ardatz nagusietako bat».

Profesionaltasuna eta talentua lortzeko prestakuntza-ibilbide garrantzitsuenetako bat, Bildarratzek adierazi duenez, Goi Mailako Lanbide Heziketa eta Unibertsitate-graduak uztartzen dituena da. «Bi hezkuntza-maila desberdinen arteko harremana, baina bat eginik, pertsonek eta enpresek behar dituzten premia berriei bermez erantzuteko beharrezko prestakuntza garatu eta lor dezaketena, konplexutasun handiagoko eta kualifikazio-maila handiko lanbide-profil berriak definituz», adierazi du.

Bestalde, azpimarratu du EAEko Lanbide Heziketak klima-aldaketaren, berotze globalaren eta ingurumen-kutsaduraren arazoei, planetaren eta pertsonen osasunaren hobekuntzari eta itsaso eta ozeanoen berreskurapenari lotutako erronkei erantzuten lagundu nahi duela, horretarako Europako Itun Berdea eta 2030 Agenda ibilbide-orri direla.