Athleticen sailkapenak itxaron beharko du behartuta zegoen Besiktasekin galdu ostean (4-1)
Istanbulen jasotako porrotak oztopatu du zuri-gorrien final-zortzirenetarako sailkapen zuzena. Rashicalek aurretik ipini du etxeko taldea, partida atsedenaldira iristear zela Unai Gomezek lortu du berdinketa eta, bigarren zatian, kontraerasoek mina egin diote. Joao Mariok penaltiz sartu du 4-1ekoa.
Europa Leagueko final-zortzirenek itxaron beharko dute Athleticentzat. Berdinketa bat nahikoa zuten zuri-gorriek asteazken honetan, Istanbulen, hurrengo faserako txartel zuzena eskuratzeko eta kanporaketa bat saihesteko. Momentu batzuetan sailkatuta egon dira bilbotarrak, baina Besiktasek behar gehiago zuen puntuak pilatzeko eta, kontraerasoan min eginda eta azken minutuetan sartutako penalti batekin, turkiarrak bizirik mantenduko dira 4-1 irabazi ostean. Athletic, berriz, Laziorekin batera lider mantenduko da italiarrek ostegun honetan Realaren aurka egiten dutenaren zain.
Partidaren eguna ez zen betikoa –normalean ostegunetan izaten dira Europa Leagueko neurketak–, eta Ernesto Valverderen hamaikakoa ere ez da betikoa izan. Prestatzaileak nabarmentzeko aldaketa batzuk egin ditu. Iñaki Williams, Dani Vivian eta Ruiz de Galarretari atsedena emateaz gain, Agirrezabal ipini du atean, eta atzean Unai Nuñez eta Aitor Paredes aritu dira hasieratik. Atzelariek De Marcos eta Yuri izan dituzte hegaletan; zelai erdian Beñat Pradosek eta Mikel Jauregizarrek jokatu dute; aurrerago Nico Williams, Unai Gomez eta Alex Berenguer egon dira eta aurrean Gorka Guruzeta aritu da.
Ole Gunnar Solskjaer Besiktaseko entrenatzaile berriak, ordea, aldaketa bakarra egin du bere estreinaldian. Ernest Muci albaniarra zelairatu du hasieratik Joao Mario portugaldarraren ordez.
Zuri-gorriek oso ondo hasi dute norgehiagoka, erritmoarekin eta De Marcos kapitaina gidari bezala izan dutela. Guardiako hegala protagonista izan da hasierako minutuetan, baloiak ukituz, baloiak berreskuratuz eta bere hegaletik mina egiten.
Hala ere, beste hegaletik etorri da Athleticen lehen aukera hirugarren minutuan. Yurik area kanpotik baloia jaurti eta desbideratuta atera zaio.
Etxeko taldeari kosta egin zaio esnatzea, baina egin duenean mina egin dio Athletici. De Marcosek atzean emandako pase txar bat aprobetxatzeko gertu egon da Istanbulgo taldea. Hiru minutu geroago, Rashicak lehen abisua eman du. Eskuinez egindako jaurtiketa desbideratuta atera zaio.
Ez du hutsik egin, ordea, hurrengo aukeran. Eskuinez egindako zartakoari ezin izan dio erantzunik eman Agirrezabalak. 17. minutua zen eta Besiktas aurretik zen markagailuan.
Turkiako taldeko Immobileren mugimenduek mina egiten ari ziren zuri-gorrien defentsan, eta Unai Nuñez maltzurkeriaz aritu da Immobileren txartel horia behartuz. Athleticeko atzelariak antzerki pixka bat egin du aurrelariak eskuarekin bularrean jo dionean. Eskuak aurpegira bota, lurrean etzan eta epaileak txartela atera dio Besiktaseko jokalariari.
Lehen zatiko azken minutuetan Athleticek aurrera egin du berdinketaren bila. Eta baita lortu ere! Unai Gomezek area barruan baloia hartu eta ezkerrez 1-1ekoa egin du. Epaileak gola aztertu behar izan du; alde batetik, falta egon zitekeelako, eta bestetik, Unai Gomez jokoz kanpo egon zitekeelako. Azkenean, gola eman du atsedenaldira berdinketarekin joateko.
Kontraerasoan min handia
Bigarren zatian Besiktas gogotsu zelairatu da. Hiru sustorekin hasi ditu bigarren 45 minutuak, baina lehen jokaldia baliogabetu egin du epaileak, bigarrenean Agirrezabala bikain aritu da baloia mozten eta hirugarrenean Unai Nuñez izan da salbatzailea marra gainean.
Hala ere, ezin izan dute ezer egin 60. minutuan turkiarrek izan duten kontraerasoaren aurrean. Rafa Silvak bikain egin dio izkin Agirrezabalari eta bere pasea Rashicak aprobetxatu du 2-1ekoa egiteko.
Normala zenez, Athleticek aurrera egin du gola eskuratzeko helburuarekin, baina Solskjaerren gizonek oso argi ikusi dute baliabide hau kontraerasoan mina egiten jarraitzeko. Hala, 78. minutuan Rafa Silvak 3-1ekoa egin du. Athleticen berdinketaren aukerak ihes egin du, eta are gehiago 92an epaileak penaltia adierazi duenean Nico Serranok area barruan egindkao falta batengatik. Joao Mariok ez du hutsik egin eta Besiktasek bizirik mantenduko da.
4-1eko emaitza gehiegizkoa izan da, baina Athleticek alde on bat du, eta hori da sailkapena gertu dutela. Pentsa, ostegun honetan ematen diren emaitzen arabera, sailkapena eta guzti lor lezake.
PARTIDAKO FITXA:
4 - Besiktas: Günok; Svensson, Topcu, Uduokhai, Masuaku (Zainuitdinov, 69’); Al Musrati, Gedson Fernandes; Rashica (Joao Mario, 79’), Rafa Silva (Ndour, 87’), Muci (Bulut, 87’); eta Immobile (Kiliçsoy, 69’).
1 - Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Nuñez, Paredes, Yuri; Jauregizar, Prados (Galarreta, 61’; Vesga, 68’); Berenguer (Serrano, 79’), U. Gomez (Djalo, 79’), Nico (I. Williams, 61’); eta Guruzeta.
Epailea: Julian Weinberger (Austria). Txartel horia atera die Immobile (36’), Masuaku (46’) eta Rashicari (66’).
Golak: 1-0, 17’: Rashica. 1-1, 45’: Unai Gomez. 2-1, 60’: Rashica. 3-1, 77’: Rafa Silva. 4-1, 92’: Joao Mario, penaltiz.