INFO

Erosotasuna eta zabaltasuna, udaberrian ezinbestekoak

Udaberria sentiberatasun berri batez loratzen zaigu barne-diseinuaren baratzean. Joera horrek ongizatea, benetakotasuna eta naturarekiko lotura ditu xede. Diseinu kontziente eta abegikorreko mundutxo honetan, zabaltasuna espazio irekien bidez sortzearen joera indarra hartzen ari da azken boladan.

Koloreak eta altzariak ongi hautatzea funtsezkoa da, tonu argitsuek zabaltasuna eta abegikortasuna ematen dutelako. Irudian, Eitzen estudioak Añorga Construcciones-ekin batera egindako lana. (EITZEN ESTUDIOA)

Udaberria iristen denean etxeak material nobleekin jantziko dira: zura, lihoa, landare-zuntza, artisau-zeramika... horiek guztiek berotasuna eta testura berezia ematen baitizkiote giroari. Koloreak leundu egiten dira eta lurrean inspiratutako tonuek atmosfera bareak eta inguratzaileak sortzen dituzte. Forma kurbatuak nagusi dira altzarietan eta naturaren leuntasuna ekartzen digute gogora.

Estetika emozional eta pertsonalago baten aldeko apustua egiten da baita ere. Historia duten piezak, artisau-objektuak eta elementu zaharberrituak modu errazean uztartzen dira etxeko zoko eta bazter guztiek berezko arima izan dezaten. Teknologia, oso garrantzitsua izanda ere, modu sotilean integratzen da, oreka hautsi gabe. Diseinu kontziente eta abegikorreko mundutxo honetan beste joera bat indarra hartzen ari da azken boladan: zabaltasuna espazio irekien bidez sortzea.

Egun, telelanaren hedapena dela eta, inoiz baino denbora gehiago ematen dugu etxean eta horrek espazio erosoagoak, zabalagoak eta funtzionalagoak bilatzera behartzen gaitu. Hori lortzeko modu on bat gune irekien aldeko trabesa egitea da. Barnealdeko diseinuan gero eta presentzia handiagoa duen joera horrek etxeetako erosotasuna eta estetika hobetzeko gaitasun izugarria dauka. Izan ere, espazio irekiek ez dute bizilekua bisualki eraldatzen soilik, bizitza askoz atseginagoa egiten digute baita ere.

Banaketa irekia duen etxebizitza batek metro koadro bakoitza hobeto aprobetxatzeko aukera ezin hobea ematen digu. Sukaldea, jangela edota egongela bezalako eremuak elkartuz, funtzio anitzeko leku bakarra sortzen da eta horrek bizimodu ezberdina eramateko aukera aparta eskaintzen digu: isolaturik egon gabe kozinatu, mahaian lan egiten duzun bitartean haurrak zaindu, otordu batez gozatu...

Usain txarra etxean zehar zabalduko ote den beldur bazaude, ordea, nahikoa da ke-kanpaia eraginkorra eta isila jartzea arazoa saihesteko.

Beren bizilekua hutsetik diseinatzeko paradarik ez dutenek, berriz, beste modu batzuk dauzkate zabaltasun-sentsazioa hormak behera bota gabe eskuratzeko. Argia islatzen duten ispiluak puntu estrategikoetan kokatzeak, adibidez, sakontasuna ematen dio etxeari. Altzariek egundoko garrantzia daukate ere: mahai biltegidunek edota konpartimentudun besaulkiek espazioa maximizatzen dute giroa gehiegi kargatu gabe. Ate labaingarriak espazioak geure beharrei egokitzeko hautu bikaina dira ere: irekita daudenean arintasuna ahalbidetzen dute; itxita daudenean, aldiz, intimitatea ematen digute.

Azkenik, ez da ahaztu behar koloreak eta altzariak ongi hautatzea funtsezkoa dela. Tonu argitsuek zabaltasuna eta abegikortasuna ematen dizkiete esparruei.

ANTOLAKETA FISIKOA ETA ESTETIKOA

Espazioen diseinuak eragin handia izan dezake geure osasun mentalean. Hori dela medio, bizigarritasuna eta ongizatea sustatu aldera, oso garrantzitsua da etxebizitza bateko antolaketa fisikoa zein estetikoa arretaz zaintzea. Baina, Donostiako Eitzen estudiotik gogoratzen diguten bezala, «estrategia hauek guztiak testuinguru jakin baten barruan ulertu behar dira: familia baten egoera sozio-ekonomikoak erabat baldintzatu dezake estrategia hauek ezartzea, eta ezin dugu inola ere ahaztu etxe txiki batean edo kanporako irekidurik ez dituen etxebizitza batean bizi diren pertsonek zailtasun handiagoak izan ditzaketela estrategia hauek abian jartzeko, edota inoiz ez dutela kontu horietaz arduratzeko aukerarik izango».


Mikel Ortiz de Eribe eta Joseba Inunciaga, Eitzen estudioko bazkideak.

Etxeko espazioak zabaltzeko adituen zortzi funtsezko aholku

Bizi garen ingurune fisikoak eragin zuzena du gure ongizatean, gure aldartean eta harremanak izateko gure moduan. Hori da Donostiako Añorga auzoan egoitza duen Eitzen estudioko kideek diotena. Arkitekto, ingeniari, aparejadore eta diseinatzaile hauek elkarlanean jarduten dute, esperientzia eta sormena uztartuz bizilekuak eraldatzeko. Mikel Ortiz de Eribe eta Joseba Inunciaga, Eitzen-eko bazkideek, funtsezko aholku batzuk eskaintzen dizkigute geure etxeetan espazio zabalagoak eta abegikorragoak sortzeko, estiloari eta funtzionaltasunari uko egin gabe.

· Argi naturala aprobetxatu: Argi naturalaren sarrera gehitzeak espazioak goitik behera eraldatzen ditu, bazterrak zabalago, gozoago, abegikorrago eta osasungarriago bilakatuz. Leiho handiak, kristalezko ateak edota sabaiko argi-zuloak baliabide ezin hobeak dira helburu hori lortzeko.

· Behar-beharrezkoak ez diren korridoreak murriztu: Korridoreak ez ohi dira espazio funtzionalak izaten baina, kasu batzuetan, ondo diseinatutako korridore bat trantsizio edota biltegi aproposa izan daiteke, bai eta antolaketa lanetan lagungarri ere.

· Kolore zuria eta tonu argiak erabili: Zuriak eta kolore neutroek primeran islatzen dute argia eta hori, inolako zalantzarik gabe, ezinbestekoa da espazioak bisualki handiagotzeko orduan. Hormek, sabaiek eta altzariek, tonu argitsuetan, giro atsegina eta arina sortzen dute, eta argiztapen egokiarekin batera, izugarri alda dezakete leku baten itxura.

· Altzari arinak eta funtzionalak: «Zenbat eta gutxiago, hobe», horrela dio, behintzat, irizpide famatuak. Baina kontua ez da altzariak besterik gabe kentzea, zeregin bat betetzen dutenak eta espazioarekin bat datozenak aukeratzea baizik. Etxebizitza txikietan, hanka ikusgarriak edo egitura arinak dauzkaten altzariek arintasunezko sentsazioa ematen dute, eta horrek nolabaiteko ikusmen-zabaltasuna sortzen du. Funtsezkoa da, halaber, ikus-zarata murriztea, ezer ekartzen ez duten objektuak saihestea, hain zuzen.

· Barneko eta kanpoko uztarketa: Etxe bateko barrualdea eta kanpoaldea uztartzea oso garrantzitsua da eta haien arteko mugak lausotzeak izugarri lagundu dezake espazioaren pertzepzioa handitzen. Zoruetan edo hormetan material bertsuak erabiltzeak, edota antzerako koloreak hautatzeak, trantsizio naturala eta leuna baimentzen dute.

· Altuera erdian kokatutako zokaloak: Hormaren behekaldea tonu ilunago batez margotzeak eta goikaldea kolore argiagoan uzteak paretak luzatzen dituen efektu optiko bat sortzen du. Teknika horrek, bazterrak apaintzeaz gain, sakonera eta dinamismoa ematen dio giroari.

· Hormen eta sabaien arteko bateratze kromatikoa: Sabaiak eta paretak kolore berean edo antzeko tonuetan margotzeak jarraitasunezko sentsazioa sor dezake, gelaren bertikaltasuna nolabait indartuz.

· Gortinak sabaitik zoruraino: Gortina luzeek hormak bisualki luzatzen dituzte. Beraz, leihoaren gainean soilik ipini beharrean, goitik behera hedatzen baditugu, gelak altuago irudituko du. Gainera, trikimailu sinple honek ingurua txukundu eta dotoretu egiten du.