Gasteizen ere etxebizitza eskubidea ez dela bermatzen ari salatu du EH Bilduk
«Etxebizitzarako eskubidea legez onartuta dago eta, hala ere, ez da bermatzen ari», salatu du Xabier Ruiz de Larramendi Gasteizko EH Bilduko zinegotziak. ‘Etxebizitza ez da jokoa’ lemapean, Monopoly jolas ezagunean oinarritutako dinamika bat egin dute.
EH Bilduk salatu duenez, legeak babestutako eskubidea izan arren, ez zaio erantzuten ari etxebizitza duin eta eskuragarriaren behar gero eta handiagoari. Salaketa hori larunbat goiz honetan egin da Santa Barbara plazan, ‘Etxebizitza ez da jokoa’ lelopean Monopoly jolas ezagunean oinarritutako mobilizazio-dinamika baten bidez.
Gisa horretan salatu du Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak Gasteizen bizi den «egoera larria», eta Udalak egoera horri aurre egiteko neurriak hartzeko garaia dela nabarmendu du. «Etxebizitzarako eskubidea legez aitortuta dago, eta, hala ere, ez zaie milaka pertsonari bermatzen. Bada garaia Udalak bere eskumen guztiak gauza ditzan eta gaiari osotasunean eta lehentasun gisa helduko dion etxebizitza-politika bat abiatzeko», adierazi du.
Etxebizitzaren Udal Behatokiaren arabera, alokairuaren batez besteko prezioa 1.200 eurotik gorakoa da, eta etxebizitzen eskaintza oso mugatua da: 58 etxebizitza baino ez hiri osoan, eman dituzten datuen arabera. Gainera, 14.500 pertsonak baino gehiagok eskatzen dute alokairu babestua Gasteizen, eta gutxienez 7.800 etxebizitza huts daude, non ez dagoen inor erroldatuta.
«Milaka pertsonak ezin dute etxebizitza bat eskuratu, eta beste hainbatek diru-sarrera gehienak etxebizitza ordaintzeko erabili behar dituzte», zehaztu du Ruiz de Larramendik, eta egoera horrek «gazte-belaunaldi oso baten bizi-proiektuak baldintzatzen» dituela ekarri du gogora, «emantzipatzeko batez besteko adina 30 urte ingurukoa baita, Europako altuenetakoa».
Egoera horren aurrean, erakundeek eskura dituzten tresna guztiekin jardun behar dutela defendatu du EH Bilduko ordezkariak, eta gogora ekarri du bere esku dauden udalerrietan gisa horretan jokatzen ari direla. Adibide bezala Azpeitia aipatu du, etxebizitza hutsei kanon bat ezarri baitiete bertan, eta baita Errenteria ere, eremu tentsionatu izendatu baitute.
Gasteizen kasuan, EH Bildutik «ekimen interesgarriak« abiatzea lortu dela azpimarratu du, hala nola, OHZren errekargua etxebizitza hutsei edo Alde Zaharrean etxebizitzak eraikitzea gazteentzako alokairu sozialera bideratzeko.
«Norabide horretan eman ditugu lehen urratsak, baina egoeraren larritasunak askoz gehiago egitea eskatzen digu. Bada garaia Udalak dituen eskumen guztiak gauzatzeko eta udal etxebizitza politika bat abian jartzeko; gaia bere osotasunean eta lehentasun gisa jorratzeko, eta ez neurri isolatuekin», babestu du Ruiz de Larramendik.