Guztiaren dimentsioa: errelatoa
Gogora Institutuko zuzendari Alberto Alonsok elkarrizketa batean proposatu zuen Martxoak 3 Memorialak ETAren ekintzak ere jasotzea. Memoriala horrela erabiltzea Poliziaren eta haren arduradunen erantzukizuna banatu eta lausotzea litzateke, Gogorako zuzendariaren obsesioaren zerbitzuko.
2018an, Espainiako Gobernuak ez zuen onartu, Gasteizko alkateak eskatu zuen arren, Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroan 1976ko martxoaren 3an Poliziak tiroz hildako bost langileak ere oroitzea. Martxoaren 3ko biktimen Elkarteak, edonola ere, ez zuen bertan egon nahi, Estatuaren indarkeriaren gainerako biktima guztiak kontuan hartu ezean. Egunen batean izango dute beren memorial propioa San Frantzisko elizan, lehenago jausten ez bada.
Iñaki Iriondok kontatu zuenez, Gogora Institutuko zuzendari Alberto Alonsok irrati elkarrizketa batean proposatu zuen Martxoak 3 Memoriala Martxoaren 3ko polizia sarraskira «mugatu» beharrean, «anbizio handiagokoa» izatea, Trantsizioko gizarte eraldaketa osoa hartuta, 1976ko hilabete hartan ETAk lau pertsona hil zituela ahaztu gabe.
Halaber, esan zuen historiaren zati bat ahaztu egiten dela Gasteizko martxoaren 3ko gertakariak kontatzean, eta zehatzago «ETAren ekintza-erreakzio estrategia. Beti ahazten zaigu 1976ko martxoan bertan ETAk lau pertsona hil zituela, bere ekintzek Segurtasun Indarren neurrigabeko erreakzioa izan zezaten asmo argiarekin». Ez zait horren argi geratu ondoren esan zuena, ordea: «Hau da, une hartan, su handi horretan, gasolina botatzeko interesa zuen jende asko zegoela ere aipatu beharko da». Patronalaz ari ote zen? Sindikatu Bertikalaz, akaso?
Hara zer dioen Martxoak 3 Elkarteak bere aurkezpenean: «Gertakariak ez dira inoiz epaitu, eta nagusi den bertsio ofiziala txosten polizialek adierazitakoa da, txosten horiek gezurtiak, manipulatuak eta desitxuratuak, sarraskiaren arduradun politiko nahiz materialak babesteko helburu bakarrarekin; gure lana Justizia, Egia eta Errekonozimendua lortzera bideratuta dago». Iriondok gogorarazi zuenez, hauek dira Martxoak 3 Memoriala Fundazioaren helburuak: «Martxoaren 3ko biktimen memoria berreskuratu, duindu eta transmititzea» eta «langileen eta demokraziaren aldeko borroka eta 1976ko martxoko gertakari traumatikoen memoria berreskuratu eta transmititzea». Alonsoren ardura nagusia, berriz, gertakarien erantzukizunaren parte bat ETAri egoztea da. Horren arabera, ETAren jardunak bultzatuta erabaki zuten sarraskia egitea. Eta egia? Eta justizia? Eta aitorpena? Bost axola, orain arte bezalaxe.
Gogora memoria selektiboko institutu horretako zuzendariak ontzat jo du Martxoak 3 Elkarteak salatzen duena, tartean excusatio non petita: «Gauza batek ez du bestea justifikatzen, inola ere ez, baina guztiaren dimentsioa da gainean jarri behar dena». Bertsio ofiziala ukitu gabe? Zein da guztiaren dimentsioa, errelatoa delakoa?
«Franco ohean hil zen, baina frankismoa kalean hil zen» esatea gustatzen omen zaie Estatuko Memoria Demokratikoko idazkariari eta Alonsori. Ziur da hil zela? Edo bizirik jarraitzen du, besteak beste, Guardia Zibila bere aurkikuntzarik onena izan zela esan zuen alderdian ere? Kalean, Franco hil omen zen kalean, Gasteizko bost langileak hil zituen Polizia frankistak hiltzen jarraitu zuen; polizia etxeetan, torturatzen. Eta izena eta uniformearen kolorea aldatuta -batzuek ezta hori ere-, funtzio eta jarrera bera izan zuen trantsizio «eredugarrian» bezala monarkia konstituzionalean ere. Hori guztia zuritzea da Gogorako zuzendariaren lana? Obsesioa, zalantzarik ez.