Osakidetzako emaginen lan egoera «larriari» erantzuteko premiazko neurriak eskatu ditu Satsek
Egiturazko langile-falta «larria» salatzeko mobilizazioak hasi eta urtebetera, Osakidetzako emaginek konponbiderik gabe jarraitzen dutela ohartarazi du Satsek. Emakumeen ongizatea eta osasuna bermatzeko premiazko neurriak eskatu dio sindikatuak Lakuako Osasun sailari.
Hurrengo astelehenean, maiatzak 5, Emaginaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, baina, Euskal Herrian behintzat, ez dago ospakizunik egiteko arrazoirik. Satse sindikatuak salatu duenez, Osakidetzan, profesional horiek denbora asko daramate «egiturazko langile-falta larria» jasaten, batez ere oporraldietan, eta horrek eragin zuzena du haien ordezkapenean eta emakumeen sexu- eta ugalketa-osasunaren arretan.
Erizainen sindikatuak gogoratu duenez, urtebete igaro da mobilizazioak hasi zirenetik, eta Lakuako Osasun sailburu berriak konponbideak bilatzeko konpromisoa hartu zuen arren, «hilabeteak igaro dira profesionalen eta estalduraren gabeziari benetako irtenbiderik eman gabe».
«Uda hurbiltzen ari da, eta Osakidetzako emaginek eta euskal emakumeek aurreko urteko egoera berari egin behar diote aurre»
«Izan ere, Aste Santuan, ESI gehienetan kontratazioa ez da eraginkorra izan, eta profesional horiek beren artean bete behar izan dute, inolako konpentsaziorik gabe. Horrek esan nahi du kupoak handitu egingo direla, emakume gehiago bilduko direla, lanaldia luzatu behar duten profesionalak gehiegi kargatuko direla, zerbitzuak murriztuko direla eta itxaronaldiak luzatuko direla. Uda hurbiltzen ari da, eta Osakidetzako emaginek eta euskal emakumeek aurreko urteko egoera berari egin behar diote aurre», azaldu du Satsek.
Konponbiderik ez jasotzeaz gain, Satsek salatu du emagin batzuek «mehatxuak» jaso dituztela beren nagusien eskutik, «egunez egun aurre egin behar dieten arazo horiek publiko egiteagatik». «Salaketek beren garapen profesionalean ondorioak izan ditzaketela jakinarazi diete, eta hori guztiz onartezina denez, neurri egokiak hartuko ditugu», gaineratu du sindikatuak.
Egiturazko neurriak
Egoera honen aurrean, Satsek dei egin dio Osakidetzari oinarrizko arazoa konponduko duten egiturazko neurriak hartzera. Bide honetan, gogoratu dio «profesional falta duten beste osasun-kolektibo batzuei aplikatzen ari zaizkien konponbideak dituela bere esku».
«Bada garaia Osakidetzak bere eskaerei behingoz erantzuteko eta konponbideak ezartzeko, bai emaginen baldintzak hobetzeko, bai haien zainketen mende dauden emakumeen ongizatea eta osasuna bermatzeko», ondorioztatu du Satsek.