Trumpen eta Musken dibortzioa erabateko liskarrean lehertu da, Epstein tarteko
Azken hilabeteetan Estatu Batuetako bi pertsona boteretsuenak izan direnen arteko zatiketak azken ordu eta egunetan bizkortu eta eztanda egin du. Lau hilabete baino gehiago Trumpen administrazioaren zati izan ostean, duela astebete utzi zuen ardura Elon Muskek.
Lehendik gaiztotuta zetorren harremanak ordu gutxian irakiten hasi da, Etxe Zuriko maizterraren eta munduko pertsona aberatsenaren arteko xextra guztiz publiko egin da. Muskek egunak zeramatzan Kongresuan eztabaidatzen ari diren Trumpen lege ekonomiko erraldoia kritikatzen, baina Etxe Zuriaren aldetik zuhurtzia izan da nagusi astean zehar, ostegunean Donald Trumpek bere kanpainaren finantzatzaile nagusiaren aurka jo zuen arte.
Hortik aurrera, bi handikiek beren sare sozialak baliatu zituzten tonua geroz eta gehiago igotzeko. Trumpek Musken negozioei mehatxu egin zien, gogora ekarriz espazioko ikerkuntza eta egitasmo gehienek AEBetako gobernuaren babesa eta finantzazioa daukatela atzetik.
Askok iragarri zuten bi alfa arren arteko harremanak, behinola estua irudikatuta ere, agortze-epea zeukala. Aurretik ere, talde-lanean luzaroan egoteko gaitasun eskasa erakutsi dute biek, eta kide leial izan dituztenen aurka jo dute behin baino gehiagotan.
Hala, presidenteak bere lehen kritikei emandako erantzunak sututa, Elon Muskek X bere sare sozialera jo zuen (behinolako Twitter) bere 220 milioi jarraitzaileei Trumpen aurkako mezuak helarazteko. Musken laguntzarik gabe (250 mila milioi dolar eman zizkion kanpainarako) Kamala Harrisek irabaziko zuela esan zuen, eta hirugarren alderdi baten beharra azpimarratu zuen. Bere gaitasunak zalantzan jartzen dituztenekin agertu ohi duen amorrua Muskengana bihurtuz, Trumpek adierazi zuen «gure aurrekontuan dirua aurrezteko modu errazena, Elonen laguntzak eta kontratuak etetea da».
Musk ez zen isilik geratu. Galdeketa jarri zuen X-n bere jarraitzaileek nor zuten nahiago argitzeko. Baina kolpe gogorrena ziurrenik Jeffrey Epstein sexu-erasotzailearekin lotzea izan da, azken orduetan. Ez da inongo sekretua Trump Epsteinen laguna zela, eta behin baino gehiagotan zabaldu da hedabideetan egungo presidentearen 1992ko adierazpenak laguntasun hori berretsiz. Epstein 2019an hil zen espetxean, bere buruaz beste eginda bertsio ofizialaren arabera.
Trumpen izena «Epsteinen fitxategietan» dagoela argudiatu du Muskek. «Hori da publiko egin ez izanaren benetako arrazoia». Era berean, Trumpen kargugabetzeari ekiteko iradokizuna egin zuen, eta JD Vance presidenteordeak har zezala haren lekua.
Eskuinaren zatiketa
Elon Muskek Etxe Zuriaren zenbait neurrirekin gustura ez dagoen sektore eskuindarra ordezkatuko luke, AEBetan libertario gisa agertu ohi dena, gobernuaren ahalik erregulazio gutxien egotearen alde. Ekonomian hartutako jarrera protekzionistaren aurka daude (muga-zergen politika orokorraren aurka, alegia). Trumpek ohiko eskuin muturra dauka atzean, herrialdearen isolamendua begi onez ikusten duena (historikoki presidenteak bestelako jarrera batzuk ere defendatu izan dituen arren). Bi sektoreak ezkerraren aurka, modu interesatuan elkartu ziren hauteskundeetarako.
Sektoreen arteko ezinikusia aspaldikoa da, eta Steve Bannon Etxe Zuriaren aholkulari ohia eta MAGA mugimenduaren guru nagusietakoa da horren ordezkaria. Hilabeteak daramatza Elon Musken aurka. Azken afera honetan ere ez da isilik geratu, eta ohi bezala artilleriaz jo du hegoafrikar jatorriko handia jipoitzeko.
Trumpek iradoki bezala, gobernuak Muskekin dituen kontratuak eteteko eskatu du, eta deportatzeko ere eskatu du: «(Musken) immigrazio-egoerari buruzko ikerketa formal bat hasi beharko lukete, uste sendoa baitut legez kanpoko etorkina dela, eta berehala herrialdetik kanporatu beharko luketela». Hego Afrikan jaiotakoa da Musk, baina egun AEBko herritartasuna dauka; iaz Washington Postek, baina, estatubatuar bihurtu aurretik herrialdean baimenik gabe lan egin zuela argitaratu zuen.
Kanporatzeko beste motibo bat aipatu zuen Bannonek: «Drogena ere ikertu beharko da» bota du zuzeneko web emanaldian. Azken egunetan New York Times-ek argitaratu duenaren arabera, Elon Muskek hauteskunde-kanpainan ketamina eta beste substantzia batzuk hartu ohi zituen hauteskunde-kanpainan, Trumpen kanpainako arduradunak kezkatzeraino.
Bitartekariak, baretzen
Oso nortasun bereziko bi gizon harroputzen arteko xextra baretzen saiatu dira azken orduetan Etxe Zuriko arduradunak, Publicon jaso dutenez. Bill Ackman inbertsio-funtsen arduraduna tentsioa baretzen saiatu zen: «Donald Trumpen eta Elon Musk-en alde nago eta gure herrialde handiaren onerako bakea egin beharko lukete», idatzi du Ackmanek X-n. Muskek «ez zabiltza oker» erantzun dio. Iturri batzuek diotenez, gaur ostiralez elkarri telefonoz deitzea adostu dute Trumpek eta Muskek.
Ostegun arratsalde osoko eraso kargatuen ostean, gauean bareago zirudien presidenteak ere. «Ez zait axola Elon nire aurka jartzea, baina duela hilabete batzuk egin beharko zuen», idatzi du Trumpek. «Kongresuan aurkeztu den lege-proiektu handienetakoa da hau», gaineratu zuen, Ordezkarien Ganberan onartu ostean Senatuan eztabaidagai duten egitasmoari buruz.
«Lege handi eta ederra» deitu diote, eta Medicaid-en jende behartsuenarentzat murrizketa historikoak jaso dituen arren, zergen jaitsiera –eta beraz, bilketa – handiak iragartzen ditu. Ondorioz, 2,4 bilioi dolar gehiago erantsiko lizkioke herrialdearen defizitari. Lehendik uzkur ziren senatari eskuindarrak Musken jardunak hauspotuta daude, eta Trumpi legea ateratzea konplikatu zaio.