Fernanda Macielek errekorra ezarri du Pirinioetako GR11 zeharkaldian
Trail running-eko korrikalariak 12 egun eta 12 ordu behar izan ditu 800 kilometroak egiteko. Zeharkaldia egiten emakumezko azkarrena bihurtu da. Brasildarrak adierazi du erronka oso pertsonala izan dela.
Fernanda Maciel, ultra distantziako lasterketetan espezialista handia izateaz gain, Fastest Known Time (FKT) edo ezagutzen den denbora azkarrena kontzeptuarekin lotutako erronketan erabat murgilduta dago. Azken arlo horri dagokionez, lasterkari brasildarra gure etxeko zein inguruko mendietan izan da. Hain zuzen ere, Pirinioetan.
Mendiko korrikalari batzuek bezala, Macielek xede oso erakargarria izan du esku artean: Pirinioetako GR11 zeharkaldia. Bada, protagonista honek aukera izan du helburu hori biribiltzeko. Hain zuzen ere, 12 egun eta 12 orduko marka egin du. Krono horrekin GR11 zeharkaldian FKT errekor berria ezarri du: emakumezko azkarrena izan da.
Kantauriko eta Mediterraneoko itsasoak lotzen dituen mendi ibilaldi horretan 800 kilometro eta 40.000 metroko desnibel metatua gainditu behar izan ditu. Kasu honetan, gainera, Macielek Euskal Herrian hasi zuen erronka: Higer lurmuturrean (Hondarribia). Helmuga, berriz, Creuseko lurmuturra izan zuen. Protagonistak adierazi du zeharkaldi hori aspalditik zuela buruan: «FKT horren inguruan berri batzuk irakurri ditut. Batez ere, gogoan dut Kilian Jornetek eginiko marka izugarria. Baina nire kasuan aurreratu behar dut proiektu oso pertsonala izan dela. Xede honetan zehar nire ezaugarriak berreskuratu nahi izan ditut. Hortaz gain, ultratraileko lasterkari naizen heinean, kirol horren jatorrira itzuli nahi izan dut».
Macielek Jorneten izena aipatu du, eta gogoratu behar dugu duela hamabost urte kataluniarrak zeharkaldiaren FKT azkarrena 8 egunetan lortu zuela. Nesken errekorren inguruan, brasildarra azaldu den arte ez da berririk egon edo inork ez du bere denbora erregistratu.
Erreferentzia
Korrikalariak azalpen gutxi eman ditu Pirinioetako GR11 zeharkaldian egin duen lanaren inguruan. Bere sare sozialetan aipatu du jardueran zehar gorabeherak izan zituela: «Zeharkaldi hau hain luzea denez, une txarrak zein onak bizi izan ditut. Krisialdi batzuk gogorrak izan dira, baina gainditu nituen. Une jain batzuetan urik eta janaririk gabe geratu nintzen. Aterpe batzuetan, berriz, logela partekatu nuenez, atseden gutxi hartu nuen. Beste batzuetan, aldiz, bakar-bakarrik egon nintzen, eta egoera horrek asko lagundu zidan neure burua eta gorputza berreskuratu ahal izateko. Inolako zalantzarik gabe, gai hori niretzako oso garrantzitsua zen. Oinen azalekin ere, arazoak izan ditut. Ekaitza bortitzek eta euriteek ere harrapatu zidaten. Baina, tira, egora guztiak konpondu eta zeharkaldi amaitzeko aukera izan nuen».
Beste datu batzuei dagokienez, aurreratu dezakegu batez beste egunero 55 kilometro eta 2.800 metroko desnibela egin dituela. Datu esanguratsuenak bere Strava aplikazioan zintzilikatu ditu. Logistikaren arloa ondo kudeatzeak berebiziko garrantzia izan du. Urari, janariari eta atsedenari buruz aipamen txiki horiek egin ditu.
Bestalde, esan dezakegu mendilerroan egin duen jarduera hori entrenamendu gogor bat bezala har genezakeela. Eta hori diogu Macielek ‘Seven Summit’ proiektuan FKT berria egin nahi duelako. Kontinente bakoitzeko tontor garaiena ahalik eta azkarren igotzen saiatzen ari da. Momentuz, marka bikainak erdietsi ditu Elbrusen, Vinsonen, Aconcaguan, Kilimanjaron eta Carstenzen. Bi geratzen zaizkio zirkulu hori ixteko: Denali eta Everest.
Irakurtzen den bezala, proiektu horretan jarraitu aurretik Pirinioak bisitatu ditu, eta goi-mailako jarduera biribildu du. Aurrerantzean, bederen, emakumezkoek Macielen marka izango dute erreferentzia nagusia.