Italia ez da inoiz tenisean maisu izan... Sinner iritsi arte
Wimbledonen irabazle izan berri dugu Jannik Sinner. Gaur egungoa ez da batere ohikoa Italiako tenisean, iraganean porrotak eguneroko ogia izan direlako. Atzera begiratu dugu, ‘azurriak’ galtzaile ziren garaietara.
«Game, set and match: Sinner». Pasa den igandean honela amaitu zen Wimbledongo txapelketa. Normaltasun berria da: Jannik Sinner italiarra garaile Grand Slameko lehiaketa batean. Eta ez bakarrik hauetan, Davis ere eskuratua du Italiak, Billie Jean Cup delakoaren batera, baita beste lehia garrantzitsu asko ere.
Jannik Sinner garaile, eta italiar mordoa protagonista: Flavio Cobolli, Lorenzo Sonego, Lorenzo Musetti, zer esanik ez Matteo Berrettini, eta emakumezkoetan Jasmine Paolini, iaz Parisko Olinpiar Jokuetan urrezko domina irabazi zuena.
Sekulako bolada onean dago tenisa Italian, beraz. Beste adibide bat: 11 ordezkari 2025eko Wimbledongo lehiaketan gizonezkoetan eta 3 emakumezkoetan. Urrezko aro hau ez da ohikoa, ordea, Belpaese ez baita sekula kirol honetan gehiegi nabarmendu den herrialdea.
Bai, egia da, ‘izar’ batzuk erditu ditu herrialdeak historikoki: Nicola Pietrangelik edota Adriano Panattak Grand Slam pare bat urratu zituzten. Eta azkenaurreko bolada ikaragarria nesken eskutik heldu zen: Sara Errani, Francesca Schiavone, Flavia Pennetta eta Roberta Vinci (Schiavonek eta Pennettak bi Grand Slam irabazi zituzten: Roland Garros bat eta US Open bat).
Baina Italiak ez du inoiz Sinner bezalako txapeldun handirik izan. Aldiz, hiruzpalu hamarkadatan zehar oso belaunaldi txarrak izan ditu. Bost tenislari aukeratu ditugu, tenislari ohiak jakina, Italia nola moldatzen zen erakusteko asmoz: bost kromo ‘bitxi’.
Cristiano Carattiren urte paregabea
1976. urtea guztiz magikoa izan zen Italiako tenisarentzat: taldeko Davis Kopa irabazi zuen (Txileren kontra, gorriz jantzita, Pinocheten diktaduraren aurka protesta egiteko) eta Adriano Panattak Pariseko Roland Garros lortu zuen. Hortik aurrera, ordea, mailari eustea oso zaila izango zen.
1991an bapatean mutil berri bat agertu zen: Cristiano Caratti. Hogei urte baino ez zituen eta Australiako Irekian final laurdenetara iritsi zen. Hurrengo aurkaria Patrick McEnroe (John handiaren anaia) zuen, aparteko lehiakiderik ez, beraz. Baina Carattik galdu egin zuen partida. Bere bolada ona hastear zirudien Milango Irekiaren finalera iritsi zenean, munduko rankingean 26. postura helduz eta Italiako tenislaririk onena.
Zoritxarrez, 1992tik aurrera Cristianok sekulako beherakada izango zuen. Itzali egin zen, nolabait esateko. ‘Caratti-Time’ delakoa azkar igaro zen. Meteorito bat bezala, zerutik lurreratu eta zerura joan zen berriz, osperik izan gabe.
Andrea Gaudenziren tendoia
Egiari zor, gaur egun tenisaren munduan Italiak beste lider bat du: Andrea Gaudenzi... ATPko presidentea baita, Tenislari Profesionalen Elkarteko agintaria, jokalarien sindikatuaren burua.
Faenzakoak literalki «sorbalda eman zion aberriari», zuzeneko emanaldi batean: 1998ko Davis Koparen finalean, Milanen, Italiak Suediaren aurka indarrak neurtzen zituen, eta aurreneko norgehiagokan bosgarren seta jolasten ari zen. Arreta handia erakartzen zuen abenduaren 4an Assagoko Forumean gertatzen ari zena.
Gaudenziren minak, Gaudenziren sufrimenduak, pare bat belaunaldiren oroimen txarraren adierazle bilakatu ziren
Eta orduan gertatu zen une dramatikoa. Azkeneko setean markagiluak 6-6 erakusten zuela, Gaudenzik sakea egin zuen Magnus Norman faboritoaren aurka. Bere ondoan zirenek hausterakoan zinta batek egiten duen zarata entzun zuten: sorbaldaren tendoia apurtu zitzaion Gaudenziri. Ezin izan zuen jarraitu, ez partida, ez ibilbide profesionala.
Gainera, Italiak galdu egin zuen Davis Kopa hura eta 2021era arte ez zen final batera itzuli. Gaudenziren minak, Gaudenziren sufrimenduak, pare bat belaunaldiren oroimen txarraren adierazle bilakatu ziren.
Davide Sanguinetti, langilea baina...
Wimbledonen azkeneko edizio honetan, txapelketaren bigarren astera hiru italiar iritsi dira: Sinner, Sonego eta Cobolli. Gaur egun kopuru hau ohikoa da, iaz bi izan ziren (Sinner eta Musetti) eta 2021ean Matteo Berrettinik finala jokatu zuen, Novak Djokovicen aurka. Orokorrean Grand Slam txapelketetan azzurri asko badaude.
Hala ere, italiar batek ez du sekula Wimbledon irabazi, Sinner heldu arte. Eta baten bat bigarren astean ikustea, Londresko zelaietan, ia miraria izan da urte askotan. Final laurdenak nolabait gainditu ezineko hesia ziren.
2021eko Berrettiniren finalaren aurretik edonongo jokalariak ikusi genituen kanporaketa horretan: Luxemburgokoak (Gilles Muller), Bielorusiakoak (Vladimir Voltchkov), Zimbabwekoak (Byron Black), brasildarrak (André Sá), ekuadortarrak (Nicolás Lapentti), Ziprekoak (Marcos Baghdatis) edota Hegoafrikakoak (Kevin Anderson). Eta aipatutako hauek ez dira munduko tenisaren sehaskak...
Beste italiar bat Wimbledongo final laurdenetan ikusi ahal izateko 1998ra itzuli behar gara. Urte hartan Davide Sanguinettik paregabeko arrakasta lortu zuen, bere emaitzarik onena, zalantzarik gabe. Viareggiokoa jokalari erregularra zen, oso tipo langilea: sake indartsua zuen batez ere, baina Richard Krajcek espezialistaren kontra ez zuen aukerarik izan. Oraindik lira zen Italiako txanpona. Eta Sanguinetti aurretik, azken azzurro Wimbledongo final laurdenetan Adriano Panatta izan zen, 1979an.
Roberto Palpacelli, existitu ez zena
Maila eskasa denean, txapeldunen bila baldin bazara, tarteka arreta behintzat eragin beharra dago, ikusmina sortu.
Tenislari honek ez du emaitzarik; biografia, ordea, bai, badu. Roberto Palpa Palpacelli, 1970. urtean jaiota, 2019an bapatean sona hartu zuen, liburu bati esker. Argitaletxe handi batek bere istorioa argitaratu zuen, inork ezagutzen ez zuen istorioa, alegia.
Afizionatu mailan sekulako izarra izan zen Palpacelli, baina entrenatzeko gogorik ez zuen
Laburbilduz, beste kasu ‘madarikatu’ bat. Afizionatu mailan sekulako izarra zen Palpacelli, baina entrenatzeko gogorik ez zuen. Federazioak nahi zuen guztia eskaini zion profesionala izateko, baina ‘Palpa’ren erantzuna honako hau zen beti: «Nik ez dut honekin bizi nahi». Eta bitartean, festaz festa, droga batetik bestera, talentua erretzen joan zen, hirugarren edo laugarren mailako lehiaketetan (eta txarto) parte hartzen.
Txikia eta ‘elektrikoa’, Robertoren ibilbidea ondo bukatu da. Izan ere, gehiegizko gaindosiak bukatu ondoren, etxera itzuli zen, Pescarara, Italiako kostaldean. Gaur egun tenis irakaslea da, bertako klub batean. Baina betirako izango da Palpa, inoiz existitu ez zen izarra.
Fabio Fognini, talento ezegonkorra
Aurtengo Wimbledongo txapelketaren ondoren erretiratu da. Sekulako erakustaldia eman du Fogninik, Alcarazen aurka, estreinaldian: bost set jokatu behar izan zituen murtziarrak, eta tarteka etsita izanaren keinuak egin zituen. «Nola joka daiteke hain ondo, 50 urte ditu eta!». Ez, Fogninik ez ditu 50 urte, 38 baizik.
San Remoko tenislariak talento zoragarria du, benetako gaitasun handia. Non dago arazoa? Sinnerek erakusten duen bezala, besoa edota teknika bakarrik ez dira nahikoak. Fogniniri jarraitasuna beti falta zitzaion: trebetasunari esker izar handiak menderatu ditu (Nadal, Federer, Djokovic, baina askotan momenturik erabakigarrienetan urtu da, erdipurdiko aurkarien kontra.
Fabio urtez urte ‘memeak’ sortzeko makina bihurtu da. Bere protestak epaileen kontra, askotan irrigarriak eta absurduak, apur bat italieraz eta apur bat ingelesez, eta aurkarieen kontra ere bai, ikonikoak bilakatu dira.
Gizon oso jatorra, eta teknikoki paregabea. Ez du askotan irabazi, egia da, bere emaitzarik onena 2019ko Montecarloko Irekian garaipena izan da. Flavia Pennetta tenislari oiharen senarra da ere.