10 urteren buruan, euskal diasporaren JAIALDIak eztanda egingo du
Boiseko 2025 JAIALDIa uztailaren 29tik abuztuaren 3a bitarte ospatuko da, eta euskal diasporaren osasun ona ospatzeko makina bat ekitaldi prestatu dituzte. Euskal kulturaren agertoki eta arnasgune bilakatuko da Boise, eta euskal dantzak, bertsoak eta herri kirolak ikusteko aukera izango da.
Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.
1987an ospatu zuten lehen aldiz Jaialdia Boisen, eta aurtengo edizioa 8.a izango da, euskal diasporak duen osasun onaren adierazle. Jaialdia ospatu aurretik, NAIZ Irratian Ana Mendiola, antolakuntza taldeko kidea eta Ander Caballero, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusia egon dira; bakoitzak ikuspuntu batetik biziko du aurtengo edizioa.
«Gogotsu» eta «urduri» dago Mendiola; izan ere, 10 urte igaro dira azken ediziotik. Mendiolak aurretiko prestakuntzan egin duten lan handiak etekina izango duela espero du. Aurtengo jaialdia «sei eguneko jai handi» gisa definitu du, helburu argi batekin: «Euskaldun guztiak batzea dugu helburu».
Mendiolak azaldu duenez, 30.000 pertsona hurbilduko dira Boisera hizpide ditugun datetan. «Australiatik lagun talde bat etorriko dela badakigu», zehaztu du. Jaialdiaren arrakasta, Mendiolaren hitzetan, euskal diasporaren osasunaren adierazle da, eta beste hainbat Euskal Etxek egiten duten lana goraipatu du. Euskal Etxeen arteko harremana «ona» eta «estua» dela nabarmendu nahi izan du.
Ander Caballerok, bere aldetik, euskal diaspora «osasuntsu» eta «indartsu» dagoela aipatu du. «Hainbat urtez gure kultura, hizkuntza eta nortasuna bizirik mantentzeko lan handia egin du diasporak», gehitu du. Aitortza egitea dagokie orain, eta horregatik Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanen idazkari nagusia Boisen egongo da. Dena den, ez da Caballeroren lehenengo aldia izango: «2015ean egon nintzen, eta aurten egin nituen lagunak ikustea espero dut».
«Euskadi globala bultzatzea» du helburu Caballerok, eta horretarako, besteak beste, bidaia egin du Boisera. Baina ez hori bakarrik: «Gure herria eta gure egiteko moduak munduan zehar zabaltzea, konexioak egitea eta nazioartean influentzia izatea ere dago gure egitekoen artean». Euskal Herritik kanpo bizi diren herritarrekin «hartu-eman konstantea» dutela gehitu du, eta Jaialdia antolatzen dutenekin ere «harreman estua» izan dutela nabarmendu du.
Agenda: uztailak 29
Boiseko arratsaldeko 17.00etan hasiera emango zaio Jaialdiari, Euskal Herrian goizaldeko 1.00 direnean. Lehen eguneko egitaraua Basque Blocken eginen da, eta janaria zein musika izango dira eguneko protagonistak.