INFO

WSLko Final Handia Fijin jokatuko da; zein ezaugarri ditu urautsi famatuak?

Abuztuaren 27tik irailaren 4ra bitartean WSLko Final Handia jokatuko da Fijiko Cloudbreak urautsian. Lehiatuko diren bost neska eta bost mutilen artean izango dira 2025eko munduko txapeldunak. Nolako olatuei aurre egin beharko diete lehiakideek?

Olatuak oso handiak direnean Tahitiko Teahupo olatuaren antza hartzen du Cloudbreakek. (WORLDSURLEAGUE.COM)

Abuztuaren 27an hasiko den txapelketa berezia da, aurtengo munduko txapeldunak bertan erabakiko direlako, baina baita txapelketa egiteko hautatu duten lekuagatik ere. Azken urteotan WSLko Final Handia Kalifornian egiten zen, Trestleseko olatu erraz eta erosoetan, baina Fijiko olatuak bestelakoak dira; zailak eta arriskutsuak izan daitezke.

Itsaskiek eta haizeak baldintzatuko dute Cloudbreakeko ezker olatuen izaera, baina baldintzak onak badira ikuskizuna itzelezkoa izango da, olatua bera ikuskizuna baita.
Hona Fijiren eta bertako olatuen inguruko zenbait datu interesgarri.

Fiji uharteak

Fijiko Errepublika 332 irla baino gehiagoz osatutariko nazioa da. Melanesian dago, Ozeano Barearen hegoaldean. Nazioa osatzen duten uharteetatik 110etan ez da inor bizi eta gainerakoetan barreiatuta 849.000 biztanle inguru bizi direla kalkulatzen da.

Tavaruako ontziak Cloudbreakeko ubidean kokatzen dira. (WSL)

Kolonia ingelesa izan zen 1874tik 1970. urtera, baina  1987ko irailean errepublika burujabea ezarri zen. Ordutik, hizkuntza ofizialak ingelesa, fijiera eta hindia dira.  

Fijiko hiriburua, Viti Levu irlan kokatutako Suva hiria da. Irla hori da, Vanua Levu izenekoarekin batera, azalera handiena duena. Viti Levu irlatik gertu Tavarua irla dago, surflarien ametsetako uhartea. Irla txikia da, 120.000 metroko azalera duena. Lehen jabego pribatukoa zen, baina 2010eko uztailean lurzoruaren legedia aldatu zen Fijin, eta ordutik posible da bertan surf egitea.
Zortzi urautsi daude Tavaruan: Tavarua Rights, Kiddieland, Swimming Pools, Namotu Left, Wilkes Pass, Desperations, eta bi ezagunenak, Restaurants eta Cloudbreak. Azken hau da irudi ikusgarrienak eskaintzen dituena. Teahupoo edo Pipelinerekin aldera daiteke, olatuek antzeko forma eta arriskuak baitituzte, baina Fijikoek askoz ere ibilbide luzeagoa dute.

Koral uharteetan ohikoa den moduan, Tavaruan ere olatuak hondartzatik oso urrun lehertzen dira, kanpoaldeko uharrietan, eta ondorioz, bertaratzeko ia modu bakarra ontzian joatea da.  

Tavaruako uhartean aurkitzen da Cloudbreak urautsia, Viti Levu uhartetik 26 kilometrora, Ozeano Barearen erdian, eta munduko ezker olatu onenetakoak eskaintzen ditu, apiriletik urrira bitartean.
Bertako biztanleek urautsia dagoen eremuari «Nakuru Kuru Malagi» (uharri edo arrezifeko ekaitz hodeia) deitzen zioten eta hortik datorkio surflariek ezarri zioten izena, Cloudbreak (hodei-uharria).

Caroline Marks estatubatuarra Final Handian izango da Fijin. (WSL)

Edozein itsasalditan surf egiteko aukera eskaintzen duen ezker olatua da Cloudbreak, baina olatu zaila da. Adituen esanetan, kanpotik begiratuta dirudiena baino zailagoa da. Sekzio luzeak ditu, sarri iragateko zailak, baina sekzio guztiek bat egiten dutenean olatua amaigabea bilakatzen da. Olatuak txikiak direnean ariketa guztiak egiteko aukera eskaintzen du, baina handiak direnean aukera bakarra tuboak dira.

Egiaz, hiru urautsik osatzen dute Cloudbreak eta olatuak oso handiak direnean soilik batzen dira hiru sekzioak. Itsaso zabalean lehertzen dena, olatuaren hasiera, ‘The Point’ da. Ibilbidearen erdialdean jasotzen den sekzioa ‘Teh Middle’ da, eta amaierako sekzioa, ‘Shiss Kababs’.
Olatuen tamainaren arabera eta itsaskiaren norabidearen arabera, eremu bakoitzean olatuak hobeak edo okerragoak izan daitezke. The Midle eremu azkarra da, egokia tuboak egiteko, baina Shis Kebabs da tubo sakonenak eskaintzen dituena. Sakonera gutxiko eremu oso arriskutsua da, bizirik dagoen koralezko uharri zorrotzarekin.

Hego-mendebaldeko itsaskiekin, hiru sekzioak batzen dira eta 350 metroko ibilbidea egiten du olatuak. Aitzitik, korronte handiak eta haize ufadak etengabe norabidez aldatzen dira, eta, itsasoaren baldintzak oso azkar alda daitezke.

ANathan Florence surflari hawaiiarra, Cloudbreakeko olatu erraldoi batean. (SURFLINE.COM)

Klima tropikala da; eguzkia, ura 26 graduan eta ur gardena, baina baditu arriskuak ere. Korronte eta arrezifeez gain, marrazoak, itsasoko sugeak eta harri arrainak daude uretan. Azken hau munduko arrain pozoitsuenetako bat da eta gizakiarentzat hilgarria izan daiteke. Gainera, ospitalea bi ordura dago.

Pulitzer saria jaso zuen William Finnegan idazlea izan zen Cloudbreakeko olatuekin gozatu zuen lehen surflarietako bat. ‘Barbarian Days: A Surfing Life’ liburuan kontatzen du Tavaruara 1978an egin zuen lehen bidaia. 1983an Dave Clark, Santa Barbarako surflari eta enpresariak Tavarua Island Resort luxuzko hotela eraiki zuen eta deus ez zegoen uhartea izatetik luxuzko uharte  pribatua izatera pasatu zen.

Bi hamarkadan hoteleko bezeroek soilik gozatu ahal izan zuten Cloudbreakeko olatuekin; izan ere, bertako arrantzaleek ere baimena eskatu behar zuten uharrira joateko. Orain ezker olatua denen eskura dago, baina ez da edonork surf egiteko modukoa.