INFO

1828ko benetako krimen baten ikerketa nobelatua da Edorta Jimenezen ‘Aizkorak eta gutunak’

1828an Bermeon izandako krimen baten ikerketa nobelatua da Edorta Jimenezen ‘Aizkorak eta gutunak’. Giro horretara joan, zarata guztiak eten eta zaldiak, behorrak, txoriak, jendearen txistuak eta ahotsak aditu ditu. Irakurlea bertara gonbidatu du, ingurua ikusi, pertsonaiekin pipatu eta usain dezan.

Edorta Jimenez Ormaetxea, ‘Aizkorak eta gutunak’ eleberria aurkezten, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Euskal literaturako egile ezagun batekin hasi du denboraldi berria Elkarrek. Edorta Jimenez Ormaetxeak 1985ean argitaratu zuen lehen liburua, poemaz osatutako ‘Itxastxorien bindikapena’ (1985, Susa). Urteak pasatuta «espirituz gazte, errebelde eta berritzaile» izaten segitzen duela baieztatu du Xabier Mendiguren Elizegi editoreak.

Nobela historikoaren, epaiketen nobelaren eta thrillerraren osagaiak ditu ‘Aizkorak eta gutunak’ mundakarraren azken lanak. 1828ko irailean, Bermeoko Almika auzoan, Agirretxu baserriko gizona, Juan Ormaetxea, desagertu egin da, eta hura hiltzearen susmagarri egin dituzte haren emazte Josepa eta alaba Maripepatxu. Ikerketak abiaturik, gorpua agertu da, aizkorakadaz hila eta baserri aurrean lurperatua, eta ama-alabak atxilotu egin dituzte, bai eta epaiketarako bidean jarri ere. Gertaerak benetakoak dira eta Jimenezek dokumentazio lana egin du.

«Sorgin prozesuetan, zer galdetu diote epaituari? ‘Egia da hiru Winston pakete hartuta erratz gainean agertu zinela akelarrera?’ Berak ‘bai’ esan du, behartu egin dutelako; beste guztia ez du esan, ipini egin dute. Berak, ezpata zintzurrean, ‘bai ala ez?’ galderari erantzun dio. Giro horretara joan naiz, zarata guztiak eten ditut. Isiltasunean, zaldiak, behorrak, txoriak, jendearen txistuak eta ahotsak aditu ditut. Soinu bandak zinean gezurra dira. Soinu bandarik ez dago munduan», adierazi du eleberrigileak.

«Orainaldira etorri naiz, ze iraganeko hori –gintezkeen, ginen...–, hori ere asmatua da. Pertsonaia haien artean sartu naiz iritzirik gabe. Badira aguazilak, epailea, armak eta gutunak, eta harrituko zarete deskubritzean gutun idazle profesionalak bazirela», jarraitu du.

«Analfabetoen paperak nork idazten zituen? Ez naiz sartu horretan, nik ipini egin dut dena, 1828an Bilboko plazan garrotez eragindako heriotza. Ikusi al du inork? Asmatu egin behar izan dut nola izan zen. Orain da momentua esateko exekuzioak izan zirela duela 50 urte. Nik gau hartan ez nuen lorik egin». 

Agiriak berez dira nobela

1828ko garaiaz asko ikasi du Jimenezek. «Estatuaren existentzia bazen, baina herri xehea ez zen estatuaren parte sentitzen». Foruen oihartzunak daude nobelan, lehen gerra karlista datorrela igartzen da. 

«Irakurlea nirekin Bermeora etortzea nahi dut, Almikara agertzea, begiratzea ingurura, alkatearekin eta besteekin pipatzea, usaintzea eta itsasoa ikustea han, ze ingurua paradisua da. Agirretxu baserritik Izaro eta Ogoño ageri dira. Alabaren pertsonaiak zer asmatu zuen. Irakurleari ezin diot esan imajinatu ezin lezakeena, zer asmatu zuen aitaren heriotza zela eta. Hortik gutunak».

Pasioz mintzatzen da Edorta Jimenez, argi eta zintzo.

Benetako agiriak irakurtzen, transkribatzen eta itzultzen aritu da Bizkaiko Foru Aldundiaren agiritegian. Prozesu hau hasi eta bukatu arteko agiriak daude bertan. «300 orrialdeko jatorrizko agiriekin lan egin dut. Berez dira nobela. Harrituko zarete, zer ziren emakumeentzako kartzelak, Valladolidekoa, Bilbokoa, nola zigortzen ziren XIX. mendean, ia 2.000 orrialdeko tesi oso bat irakurri dut hiru-lau aldiz emakumeen zigorrei buruz. Zeintzuk ziren delituak, zenbat prostituta zegoen. Bilboko XIX. mendeko tabernen mapa egiteko gogoa geratu zait. Prostituzio sare oso bat zegoen Bilbon XIX. mendean. Engainatu egin gaituzte. Honetaz ez dut idatzi baina irakurri dut. Apaizak emakumeekin? Bai. Aborturik egiten zen? Bai. Zigorturik zegoen? Ez, ez bazen batek hau edo beste esan zuelako».

Hirigintza eta klase borroka

Komuneko zuloa egin berri dute abadearen etxean. «Literaturan ez dago kakarik, horregatik ez zait interesatzen literaturaren %80 baino gehiago. Hirigintza interesatzen zait, eta klase borroka. Etxe barruetako egitura. Zelan atontzen diren klaseak. Hori badago liburu honetan. Mundakan une horretan 103 behi zeuden, 100 jaberenak. Bakoitzak bere etxean bat zuen».

Jendearen osasuna ere interesatzen zaio eta koleraren inguruan idazten ari da. «1845ean, 40 egunez 140 lagunetik gora hil ziren Mundakan. Egun batzuetan hiru. Kanpai hotsak debekatu zituzten, jendea izutu egiten zelako. Zirineria da koleraren deskribapena. Sartu behar gara etxeetan eta pertsonak hiltzen ikusi. Zikinetan».

Iragana oraina baino erakargarriagoa iruditzen zaion galdetuta, hala erantzun du: «Oraingoaz pentsatzen dudana idazten badut, ‘Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua’ (2018, Txalaparta) liburuan egin nuen bezala, ondorioa boikota da».

‘Aizkorak eta gutunak’ artefaktu literario gisa definitu du. «Giro batean sartu naiz, eta euskara molde bat erabili dut, neurea. Hau azpimarratu nahi dut: erabaki literarioak izan dira, hizkuntzaren lanketa ez dut mekanikoki egin, lekua egin nahi izan diot Bermeo eta Mundaka ingurukoari. Etnografiarik egin gabe, noski. Hau literatura da; espero dut hala hartzea», adieraziz bukatu du.