INFO
Entrevue
Imanol Lopez
Puntista

«Donostia ere leku interesgarria da gure kirola zabaltzeko»

Miamitik «nekatuta» lur hartu berri, Imanol Lopezek (Zumaia, 1984) beste erronka bat du 23 urteko ibilbide oparoan: astelehen honetan hasiko den Jai Alai Leagueko Final Fourrean titulua defendatuko du, berriro ere Xabier Barandikarekin batera.

Imanol Lopez Nazioen Ligan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Imanol Lopezek eta Xabier Barandikak iazko titulua defendatuko dute Jai Alai Leagueko azken fasean, Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan jokatuko dena. Bikotea osatuko dute beste behin, biak ere laugarrenak geratu baitira norberaren sailkapenean. Alde horretatik «pozik eta gustora» agertu da Lopez, irabaztea zer den badakitelako, baina argi du faborito nagusiak nortzuk diren: «Erkiaga eta Sorozabal». Hori bai, uste du frontoira hoberen egokitzen den bikoteak izan ditzakeela irabazteko aukera gehien.

Gogotsu al zaude urteko hitzordurik garrantzitsuenetako bati aurre egiteko?

Beti da pozgarria. Lehenik eta behin, Final Fourreko parte izatea; horrek esan nahi du erregulartasun pixka bat izan dela urtean zehar. Lehengo urteko titulua defendatzen gaude, oso zaila da defendatzea, baina gogo handiarekin.

Gustura izango zara bikotearekin.

Bai, bai, dudarik gabe. Gainera, Xabik aurten urte arraroa izan du, lesioa berriro belaunean, martxa hartu du berriz, kalifikatu da eta hortxe gaude. Orain lan egin behar dugu, fokoa txapelketa honetan jarri. Iaz Durangon jokatu genuen, frontoi txikiagoan. Donostia garaje handi bat da, aspaldian ez dugu jokatu; beraz, lan handia egin beharko dugu ahalik eta hoberen egokitzeko.

Beraz, diozun bezala, bertara egokitu beharko zarete.

Gogoratzen naiz Zumaian, frontoi luzea ez zegoen momentuan, Donostiara etortzen ginela Carmelo Baldara entrenatzera. Kariño handia hartu nion, baina harez gero, oso gutxi jokatu izan dugu eta badakit oso frontoi konplikatua dela erritmoa hartzeko. Baina hori gure esku dago, denok izango dugu arazo berdina eta ziur aski hoberen egokitzen dena, horrek izango ditu boletoak txapelketa aurrera ateratzeko. Oso frontoi polita da eta gainera ikusten dut Donostia leku interesgarri bat dela gure kirola zabaltzeko eta ea jendea animatzen den frontoira eta giro polit bat egoten den.

Urtea ez zenuen nahi bezain ondo hasi, baina Gernikako Winter Seriesetik sasoi bukaerara egon da eboluzio bat.

Horrela izan da. Nire handicapa da erritmoa eta, egia esan, igartzen da kantxan erritmo pixka bat hartzen dudanean emaitzak hobetu egiten direla. Konkretuki udara honetan jokatu nituen sei partida bost egunetan –hori beste extremo bat da–, baina behar nituen lau partida segidan irabaztea eta horrela tokatu zen. Kantxan egotea ematen dizu konfiantza eta gorputza bera ere ohitu egiten da. Gero eta erritmo gehiago, sentsazio hobeak.

Beraz, nola baloratuko zenuke zure udara?

Ni gustura nago. Irabazi nuen Nations League-a Aritz Erkiagarekin, Markinako Grand Slama Alex Goitiarekin, Donibane Lohizuneko Grand Slama Johannekin eta pare bat Master ere irabazi ditut. 23 urte profesionaletan ibili eta gero, emaitza hauek izatea poza ematen dit. Urtea hasten ari naizenean, pentsatzen dut: 'ez dakit txapelketaren bat irabaziko dudan, nola egongo naiz, zer sentsazio izango ditut...'. Baina pasatu dira hamaika hilabete eta txapel horiek lortuta, ematen dit motibazioa pixka bat gehiago jarraitzeko.

Erkiaga izan da pilotaririk onena, Urreistirekin borrokan. Bera eta Gorka faborito ikusten al dituzu ala zuek ere hautagai nagusiak al zarete?

Bera eta Gorka izan dira erregularrenak, horregatik bukatu dute lehen postuan. Besoagatik ezin izan ditu beste emaitza on batzuk lortu, baina konpentsatu du urtea eta hor dago. Beraz, dudarik gabe, beraiek dira faboritoak. Gu hor gaude 'por los pelos’' esaten den bezala. 'Baran' sartu da justu justu, ni ere azken momentura arte borrokatuta. Gogoarekin gaude eta beldurrik ez dugu. Badakigu oso bikote boteretsua daukagula parean, baina guk gure lana egin behar dugu, estrategia garbi bat eduki eta hori bultzatu.

Zure kasuan, kuadroko beteranoena zara, erreferente askorentzat. Baina a zer beste hiru atzelari dauden!

Daudenak, hor daude eta zerbaitengatik daude. Behin gauzak horraino iritsita, gauzak zerotik hasten dira eta hau beste txapelketa bat da. Denok nahi dugu irabazi, esperientziak balioa du, fisikoak ere. Gauden zortzietatik, ni izango naiz gehien jokatu duena frontoi horretan, baina aspaldian ez dut hor jokatu; beraz, ez daukat abantailarik.

Beraz, gakoetako bat hori izan al daiteke?

Bai. Oso frontoi interesgarria da, handia da, espazioak ditu mina egiteko eta ikusi beharko da materiala nola egokitzen den. Enpresak ere badaki zein frontoian zein material behar den, baina enpresak honek ez du Donostian jokatu.

Nola ikusten duzu zestaren bilakaera Euskal Herrian?

Oso pozgarria. Ikusten dudana da joaten naizenean frontoi batera mila pertsona daudela. Frontoia txikiagoa bada, Lekeition adibidez 700 pertsona sartzen direla, ikusten duzu frontoia beteta. Hori da, gaur egun, gauzarik garrantzitsuena zesta puntarentzat. Horrenbeste urte hemen egonda, egon izan naiz jenderik gabe frontoian, beraz jendea dagoenean orain niretzat disfrutea da. Preokupazioa ere ematen dit, azken finean badakit gero eta gazte gehiago daudela eta niretzat kirolak duen handicap handiena gaur egun erreminta da: zeinek egiten dituen erremintak, zein kapazitate dagoen gazte horiek guztiak erremintarik edukitzeko... Baina uste dut bide onetik doazela gauzak, bai telebista, bai instituzioak, bai enpresak, bai eskolak bultzada handia ematen ari dira kirolari eta ea momenturen batean lortzen den erreminta estandar bat edo behintzat erreminta errazagoa lortzea, gazteek errazago izango baitute kirola praktikatzea.