INFO

Serunionek El Regato ikastetxeko jangelako langileak kriminalizatu izana salatu du LABek

LAB sindikatuak publikoki salatu du Serunion enpresaren jarrera, El Regato ikastetxeko jangelako langileak «kriminalizatzeko hautua» egin baitu, 2025eko irailaren 16an bazkarian «elementu arrotzen» (balizko gurgurioen) presentzia atzeman ondoren.

Duranako ikastolako gurasoek egindako manifestazioa 2023an Gasteizen, Serunionen janariaren kalitateagatik protesta egiteko. (Raul BOGAJO | FOKU)

LABek «onartezintzat» jo du Barakaldoko El Regato Ikastetxean zerbitzua kudeatzen duen Serunion enpresak langileak kriminalizatu izana «fokua katearen une ezberdinetan jarri beharrean, eta ez bakarrik begiraleek janaria zerbitzatzen duten unean», bazkarian «elementu arrotzak» aurkitu ostean.

Gogoratu dutenez, «hau ez da kasu isolatu bat». 2024an, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak Serunionekin zituen kontratuak bertan behera utzi zituen sare publikoko hainbat jangeletan, hain zuzen ere, antzeko irregulartasunengatik. «Arazo horiek behin baino gehiagotan gertatu izanak erakusten du enpresaren aldetik kontrol eta zorroztasun falta larria dagoela, eta oraindik ere onura ekonomikoa lehenesten duela, zerbitzuaren kalitatearen eta ikasleen segurtasunaren gainetik», baloratu du LABek.

Sindikatu abertzaletik «babes eta elkartasun osoa» adierazi diete Barakaldoko El Regato ikastetxeko jangelako langileei. «Onartezina da elikagaien hornikuntza katean hutsuneak daudela erakusten duen gertaera bat langile horien aurkako seinalatze eta presio kanpaina bihurtzea», kritikatu du.

Era berean, eskumena duten erakundeei exijitu diete Serunionen jarduna zorrotz fiskaltzea eta bermatzea jangela zerbitzuaren kalitatea ez dela enpresaren onuraren aurretik jartzen.